Arabako Foru Aldundiak jardunaldi bat antolatu du datorren astean, 'Sustainable Washing delakoari aurre egiteko tresnak' izenekoa. Ekitaldiaren helburua da enpresek argi edukitzea zeinen garrantzitsua den jasangarritasunera bidean “benetako” eraldaketa egitea. Izan ere, Green Washing deritzon marketin praktikaren bitartez, enpresek sarri islatu ohi dute erantzukizun ekologikoa edukitzen ari direla, nahiz eta praktikan ez duten egiazko eraldaketa jasangarririk egiten. Horrelako praktikak eta egoerak ekiditeko tresnen gainean arituko dira jardunaldian, eta jardunbideak ere izango dituzte hizpide
Ekitaldia azaroaren 5ean egingo da, asteartean, goizeko 10:00etatik 12:30era bitartean. Ignacio Aldecoa Kultur Etxearen ekitaldien aretoan izango da jardunaldia. Eduardo Aguinaco Arabako Foru Aldundiko Arlo Estrategikoen zuzendariaren aurkezpen instituzionalaren ostean, txosten "inspiratzailea" partekatuko du Javier Goikoetxea Bikonsultingeko sortzaileetako batek. Ondoren, mahai-ingurua egingo dute Elena Sánchez Bodegas Baigorriko Nazioartekotze eta Proiektuen arduradunak, Paloma Orte Last Tourreko Iraunkortasuneko Zuzendariak, eta Jon Kepa Izaguirre A&B Laboratorios de Biotecnologiako Kalitate eta I+G+b zuzendariak, Goikoetxeak moderatuta. Kafe networking batekin itxiko dute ekitaldia, ideiak aurkezteko eta eztabaidatzeko espazio izan nahi duena.
Jardunaldia doakoa izan arren, gerturatu nahi duenak lekua izateko aurrez erreserba egin beharko du Arabako Foru Aldundiaren webgunearen bitartez.