Jausoro izeneko klima aterpea inauguratu dute gaur Azkoitian (Gipuzkoa). Gune berriaren helburua da, alde batetik, klima aldaketari aurre egiteko babeslekua izatea, eta, bestetik, ingurumen jasangarritasuna sustatzea. Jausoro finantzatzeko 47.000 euro erabili dira, Naturklima Gipuzkoako Klima Aldaketaren Foru Fundazioaren Borondatezko Karbono Funtsaren bitartez.
Babeslekuak 18.790 metro karratu ditu, eta “eremu estrategikoan” dago kokatuta. Proiektua garatzean naturagune degradatuak leheneratu direla adierazi dute Naturklimakoek, eta, hala, “Azkoitiako herritarren bizi kalitatea hobetu” eta “klima aldaketaren ondorioak arindu” direla gehitu du, “etorkizun jasangarriagoa” sustatuta.
Jausoro sortzeko, besteak beste, egoera txarrean zeuden espezie aloktonoak moztu dira, beste batzuk landatu (haritzak, pagoak, haltzak…) eta zuhaitzak inausi dira. Lurzorua indartu da landare lurrarekin, baita lur egonkortuko bideak sortu ere, betiere, sustraien bidea errespetatuta.
Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Aldundiko Jasangarritasuneko diputatu eta Naturklimako presidentea izan da inaugurazio ekitaldian, Ana Azkoitia Azkoitiako alkatea eta beste hainbat kiderekin batera. Alkateak positiboki balioztatu du proiektua: “bakoitzak bere tokitik, klima aldaketaren ondorio larriei aurre egiteko neurri posibleak hartu behar ditugu, eta Jausoroko klima babeslekua testuinguru horretan kokatzen den ekimena da, herritarrentzat gune berde berritua", adierazi du.