Kafe kondarrak abeltzaintza sektorean berrerabiltzeko ikerketa gauzatu du Aztik

Behi eta ardien dietetan txertatu dituzte kondarrak, eta ardien kasuan esne ekoizpenean eta kalitatean emaitza onak lortu dituztela azaldu dute

Kafe kondarrak | Argazkia: Azti Kafe kondarrak | Argazkia: Azti

Kafe hondarrak berrerabili ahal izateko berrikuntza aurkeztu du Aztik. Life-Ecoffeed proiektuaren koordinatzailea da euskal teknologia zentroa, eta kafea egiterakoan sortzen diren hondakinak abeltzaintza sektorean berrerabiltzeko aukera frogatu du, beste hainbat eragileren laguntzarekin.

Kafe hondarrak aprobetxatuz, pentsu ekoizleen sektorearen esku osagai berri bat jarri dute. %10-15 bitarteko kondarrak sartu dira behi eta ardien dietetan, eta ardien kasuan emaitza onak lortu dira bai esne ekoizpenean bai esnearen kalitatean, eta metano emisioak %20 murriztu dituzte. Behien kasuan, ikerketaren emaitzak ez dituzte oraindik.

“Ekimen honen ondorioz, osagai berri bat sortu da, segurua, elikagarria, lehiakorra eta ingurumena errespetatzen duena esne aziendarentzat, hala nola, ardientzat eta behientzat, eta HORECA sektoretik berreskuratutako hondarrak sartu dira dietetan”, azaldu du David San Martin Aztiko ikerlariak.

Europako Batasunean batez beste bost kilo kafe kontsumitzen ditugu urtean pertsonako, eta hondakin bikoitza sortzen dugu kafe makina eta kapsula erabilietan. Hondakin gehienak erre edo zabortegietara bidaltzen dira, eta horrek ingurumenean inpaktu handia sortzen du. Gainera, animalien dietetan osagai iraunkorragoak eta errentagarriagoak bilatzen dituen sektorea da abeltzaintza. Hortaz, “abeltzaintzaren etorkizuna goitik behera aldatuko duen osagai berritzailea” da Life-Ecoffeedeko ordezkarien arabera.

Life-Ecoffeed proiektua 2024ko martxoan amaitzea aurreikusten da, eta 1,5 milioiko aurrekontua du. Azti teknologia zentroaz gain, Neiker, Riera Nadeu, Ekogras, Euskovazza, Behi-Alde eta Uaga erakunde eta enpresek ere parte hartu dute proiektuan.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK