Korrikaren amaiera ekitaldira partaideek eginiko joan-etorriek sortu zuten emisio gehien

Lander Crespok egin du ikerketa, eta Korrikaren azkeneko edizioa izan du oinarri

23. Korrikako amaiera ekitaldiko unea | Argazkia: AEK 23. Korrikako amaiera ekitaldiko unea | Argazkia: AEK

Lehenengo aldiz kalkulatu da Korrikak zer nolako karbono-aztarna sortzen duen. Zehazki, 2024. urtean egin den Korrikaren 23. edizioa aztertu da. Ikerketaren helburua izan da baliabideak aurkitzea ondorengo edizioetan isuriak gutxitu daitezen.

Kliman adituan den Lander Crespok egin du ikerketa, haren master amaierako lana dela eta, eta hainbat ondorio atera ditu. Inpaktu negatibo nabarmenena izan zuten parte-hartzaileen joan-etorriek, erregai fosilen ibilgailuek sortutako emisioek, alegia. Zehazki, isuri guztien %69 sortu zuten ibilgailuek, eta, horietatik, %74 amaiera ekitaldira eginiko bidaiena izan zen.

Orotara, amaiera ekitaldiak emisio guztien %55 ekarri zuen. Horietatik %92 ibilgailuek sortu zuten, dela pribatuek, dela autobusek. Hala, Crespok ondorioztatu du amaiera eguneko ekitaldira gerturatzeko egin behar izan zen mugikortasunak izan zuela 23. edizioko eraginik handiena karbono-aztarnari dagokionez. Garraioa alde batera utzita, isurien %19 salmentarako produktuek sortu zutela adierazi du Crespok.

Horregatik, hurrengo edizioetarako egindako proposamena da batetik garraioaren erabilera optimizatzea, eta bestetik, salmentarako produktuek duten ingurumen inpaktua murrizten saiatzea. Bestalde, egileak gehitu du Korrikak emisioak sortzeagatik, jende kopuruari dagokionez pareko dituen beste ekitaldiak baino kutsatze-maila nabarmen baxuagoa izan zuela.  

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK