Laudio eta Bilbo lotzen dituen tren zerbitzua 15 minuturo izango da urtarrilaren 7tik aurrera

Miranda de Ebro eta Altsasu lotuko dituen trenak egunero hirutan izatea aurreikusi da udaberritik

Renfeko aldirietako tren bat | Argazkia: iStock Renfeko aldirietako tren bat | Argazkia: iStock

Eskumen aldaketak datoz 2025ean mugikortasun esparruan ere. Zehazki, azaroaren 28an izenpetu bezala, Espainiako Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren Ministerioak orain arte kudeatu dituen bost linea Eusko Jaurlaritzaren eskumenpekoak izatera igaroko dira bihartik aurrera. Linea horiek dira Bilboko zabalera iberikoko aldirietako guneko hiru lineak —C-1 (Bilbo Abando-Barakaldo-Santurtzi), C-2 (Bilbo Abando-Barakaldo-Muskiz), C-3 (Bilbo Abando-Urduña)—, Donostiako zabalera iberikoko aldirietako guneko C-1 linea (Irun-Donostia-Tolosa-Brinkola) eta Bilboko zabalera metrikoko C4f linea (Bilbo-Balmaseda). Horien kudeaketa Renferen esku izango da, orain arte gertatu bezala. Izan ere, Espainiar estatuak subrogazio kontratua zuen Renferekin linea horietarako, eta hemendik aurrera Jaurlaritzak izango du hori bera.

Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriko sailburuak adierazitakoaren arabera, bost linea horiek 22 milioi bidaia jasotzen dituzte urtebeteko epean, eguneko 426 zirkulaziorekin. "Hainbat hilabetetan prestaketa-lan gogorra egin ondoren, trantsizio-urte bat hasiko da orain, eta ez gara egungo zerbitzuarekin konformatuko", nabarmendu du.

Eskumen aldaketarekin batera etorriko dira egokitzapenak. Urtarrilaren 7tik aurrera, Aiaraldea eta Bilbo lotzen dituen linean "hobekuntzak egingo dira", bidaiak bizkortu eta maiztasuna handitzeko asmoz. Zehazki, Renfek 16 Civis zerbitzu jarriko ditu abian linea horretan lanegunetan, soilik zortzi geldialdi egingo dituztenak, eta bidaiak bizkortu. Halaber, orduerdiro zerbitzu berriak eskainiko dira Bilbo eta Urduñaren artean, ahalbidetuko dutenak, aldi berean, Laudio-Bilbo konexioa egiteko trenak izatea 15 minuturo. Lanegunetan ez ezik, asteburu eta jaiegunetan ere tren zerbitzua indartuko da, 55 trenen ordez, 76 izango baitira.

Bestalde, Mugikortasun Jasangarriko sailak eta Renfek adostu dute zerbitzu berria eskaintzea Arabako aldirietan 2025ean bertan. Batetik, Miranda de Ebroren eta Altsasuren arteko trenak egunero eta asteburuetan zerbitzua izango dute goizeko lehen orduan, eguerdian eta arratsaldeko azken orduan. Bestetik, orain arte Gasteizera iristen ziren zenbait linea Lautadaraino iritsiko dira udaberrirako. Bizkaian ere, Karrantza eta Bilbo lotzen dituen zerbitzu berria izango da, Arangurenerako tren-anezka bat erabilita. Zehazki, bost zerbitzu izango ditu egunero, bi noranzkoetan. Hori errealitate izateko, baina, ADIFek elektrifikazio lanak egin beharko ditu lehenik.

Zerbitzuetan ez ezik, trenetan ere aldaketak aurreikusten dira. 2027 amaitu aurretik 25 tren zaharrenak ordezkatzea aurreikusi dute.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK