Ontzi berrerabilgarriak beharrizan, informazio falta eta legedia oztopo

Ontzi zein bilgarrien erabilera jasangarria lortzeko helburuarekin enpresei alternatibak eskaintzea du jomugan ‘Ontzi’ proiektuak. Kontsumitzaileen sentsibilizazioa sustatzea ere funtsezkoa dute

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Elikadura ontzi eta bilgarrien jomuga jakiaren kontserba gaitasuna zein elikatzeko segurtasuna bermatzea da. Auzi konplexua erabat galkorrak diren produktuetan. Jasangarritasuna helburu, elikadura sektoreko enpresek zein eragilek erronka anitzei aurre egin behar diete horrela, eta, konponbideak eratzen hasteko xedearekin, hilaren 10ean Ontzi | Basque Food Packaging Innovation Hub egitasmoa aurkeztu zuten Donostian Basque Food Cluster eta Elika Fundazioak.

“Elikadura sektorea oso erregulatua dagoen sektorea da”, adierazi du Jon Ander Egaña klusterreko zuzendariak. Azken hamarkadan bi legek bideratu dutela gidalerroa sektorea: hondakinen eta lurzoru poluituen legea, eta ontzien eta ontzi hondakinen legea. Lehenak zerga bat du beregain, 45 zentimoko karga inposatzen duena birziklatu gabeko plastiko kiloko. Plastikoen erabilera murriztera behartzen dute ekoizleak. “Ikusi dugu legedia zorrotza dela, zergekin eta guzti, baina gero ez dago alternatibarik”. Testuinguru honetan plastikoa bezain lehiakorra den ontzientzako material bat lortzea “zaila” dela dio.

Bere aldetik, Elika Fundazioko zuzendari Arantza Madariaga jakien segurtasuna bermatzeko beharrizana mahaigaineratu du: “Elikagaiek zerikusi zuzena dute gure osasunarekin, eta beraz jakiak egoki babestuko duten ontziak funtsezkoak dira”. Madariagaren arabera, pandemian atzerapausoa eman zen plastikoaren erabilerari ez zitzaiolako hainbesteko garrantzia eman: “Bestelako lehentasun batzuk genituen, baina pandemiatik bueltatzean ikusi dugu, legediarekin eta abar, ez dela erreza plastikoa murriztea”. Horren “alternatibak” lortzea konplexua dela, material oso “ikertua” delako. “Badakigu plastikoak ez duela eragin txarrik elikagaietan, baina erronka da material jasangarriagoak lortzea plastikoak duen segurtasun maila hori bermatuz”.

Monomaterialak irtenbide

Horra hor Ontzi | egitasmoaren zergatia: EAEko elikadura katean dauden enpresei laguntzea trantsizio horretan. Irtenbideak lortze aldera, Egañak adierazi du plastikoaren erabilera murrizteko aukera handiena “ekodiseinuan” dagoela, beti ere birziklagarriak diren produktuetan. Egun birziklagarriak ez diren produktu anitz daude klusterreko zuzendariaren arabera, plastiko material ezberdinez eginda daudelako batez ere. Horrela, material forma bakar bateko plastikoak bideratzea aukera gisa aurkeztu du, “monomaterialak” izatea, alegia.

Material bereko ontziak eta bilgarriak sustatzeaz gain, beste hainbat irtenbide daudela nabarmendu du. Dena den, ikerketa prozesua behar dute. “Egungo produktuekin denbora behar dugu ikerketak egiteko”. Aitzitik, erronka handiena lehiakortasuna du, ontzi zein bilgarrien trantsizio jasangarria bermatu nahi delako, baina prezio berean mantenduta. Erronka “izugarria” da Egañaren esanetan, ekoizleen produkzio prozesua eraberritu nahi delako azken prezioa mantenduz. Gehienez %5eko prezio igoera batekin lortu behar da honakoa, eta aukerak aztertzeko zein horietaz jabetzeko helburua dute proiektu berriarekin.

Arantza Madariaga: “Arduratuta gaude ikerketak egiteko, baina, legeak aztertzean konponbide gutxi edo oso garestiak daudela ikusten da”

Madariagak bere aldetik kontsumitzaileak izan ditu ahotan, horien konfiantza lortzeko ontzi seguruak, jasangarriak eta lehiakorrak behar direla azpimarratuta. Sektoreak dituen erronkez jabetuta baina, jasangarritasunaren, segurtasunaren eta lehiakortasunaren auziak betetzeko aukerak mugatuak dira. Bat egin du Egañarekin ikerketa prozesua behar duen afera dela azalduta. “Askotan legeak soluzioak baino lehen etortzen dira”, esan du sektoreak bizi duen egoera islatze aldera. Ezjakintasuna nagusi da erregulazio zein ontzi berri posibleen testuinguruan: “Arduratuta gaude ikerketak egiteko baina, legeak aztertzean, konponbide gutxi edo oso garestiak daudela ikusten da”.

Enpresak ere galduta

Zorroztasun horri aurre egiteko enpresen erantzuna ezinbestekoa da. “Enpresa handiek ere ez dakite zein pauso eman behar duten”, dio klusterreko zuzendariak. Proiektu berriarekin ekoizleak entzun nahi dituzte, euren kezkak zein beharrizanak “jasotzeko”. Egitasmora EAEko elikadura kateko enpresak zein beste erakunde batzuk batuko dira, “mundu mailako” soluzioak hona erakartzeko. Hiru helburu dituzte: enpresekin lan egitea, lehentasunak ezartzea eta soluzioak aurkitzea.

Proiektu “berritzailea” dela uste du Egañak, baina denbora behar duena. “Fronte asko ditugu, eta informazioa eta sentsibilizazioa sustatu behar dugu”. Behin datuekin “hausnarketa” eginda, lehentasunak “finkatuko” dituzte, ez direlako gutxi. Trantsizioari aurre egiteko ahalmen ezberdinak dituzte enpresek, denek ez dutelako baliabide berberak. EAEn enpresa handi jakin batzuk kenduta, elikagaien sektorea enpresa txiki zein familiarrek osatzen dute. Hori dela eta, honako aldaketei aurre egitea “arazo berri” bat dela azaldu du Madariagak, jada inflazioarekin zein bestelako kostuekin “borrokan” egon behar direlako.

Jon Ander Egaña: “Fronte asko ditugu, eta informazioa eta sentsibilizazioa sustatu behar dugu”

Kontsumitzaileen paperan zentratu da beste behin Elikako zuzendaria, ohitura jakin batzuk aldatzea lagungarria izango delako: “Ezin dugu dena utzi ekoizleen eskuetan”. Plastikoa “denona” dela azpimarratu du, eta agente askoren jarrera aldaketa sustatu behar dela uste du, izan familiak zein enpresak. Sentsibilizazioa funtsezko ikusten du: “Sentsibilizazioa beharrezkoa da bai produktoreentzako, ontziak jasangarriak izateko, zein kontsumitzaileentzako, produktoreen esfortzua baloratzeko”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK