Luxuzko marken sektorean egiten du lan Pantxika Ospitalek, baina ez kontzeptuak iradoki dezakeen moduan. Aholkularia da Basusarrin, Belharra software-argitaletxean. Ehungintzako diseinua ikasi zuen Parisko Arts Déco goi-eskolan, eta hamar urtez industrian lan egin ondotik, tesia egin zuen Bidarteko ESTIA unibertsitatean. Bere ikergaiak: Produktuen Pasaporte Digitala, trazabilitatea eta gardentasuna. BALI (Biarritz Active Lifestyle Industry) katedraren barnean, azterketa interesgarria egin du, pasaporte mota hori modara ekartzeko. Ekimenak Europako Parlamentuaren arreta ere erakarri du.
Zer da zehazki moda-pasaporte digitala?
Produktuen Pasaporte Digitala Europan erabiltzen den sistema bat da. Itun Berdearen baitako gailu bat da, produktu jasangarriak eko-diseinatzeko araudian proposaturikoa. Gailu digital bat, QR kode bat kasurako, produktuei buruzko informazioa jasotzen duena: osaera, jatorria, fabrikatzaileei buruzko informazioa, ingurumen eta gizarte-eraginak… Sistema hori ehungintzaren mundura ekartzeko lanean ari gara, eta helburua da ekonomia-zirkularra sustatzea.
Nola lagun dezake moda-pasaporteak horretan?
Produktuei buruzko informazio gehiago izateak lagunduko du arroparen konponketa, erabilera, birziklapena eta birsalmenta sustatzen, eta enpresek eta kontsumitzaileek erabaki informatuak hartzeko aukera izango dute. Produktuaren bizi-ziklo osoan osatzen joango da pasaporte hori, eta enpresek, kontsumitzaileek zein agintariek erabili ahal izango dute, produktuek gehiago iraun diezaieten: kontsumitzaileek arropa jasangarriagoa eros dezaten, baina industriek ere haien ehunen jarraipena egin dezaten. Helburu horixe du honek guziak: produktuek irautea, hondakin gutxiago sortzeko eta baliabide gutxiago erabiltzeko.
Izan ere, modaren sektoreak etxerako lanak ditu egiteko arlo horretan, ezta?
Moda lehentasunezko sektorea da zentzu horretan, bai, produktu elektronikoak edota bateriak bezala. Baliabide asko erabili behar dira, eta hondakin asko sortzen dira. Gainera, zifrak ikaragarriak dira: egun, jantzien %1 soilik birziklatzen da beste ehun batzuk sortzeko. Aldaketa baten beharra dago.
Frantziako Asanblea Nazionalak fast fashionaren kontrako lege-proposamena onartu zuen martxoan. Nola ikusten duzu?
Frantzian, modaren kasuan, egoera gero eta okerragoa da. 2000. hamarkadatik eta moda azkarra hedatu zenetik, produkzioa bikoiztu egin da, eta produktuen erabilerak eta berrerabilerak behera egin du nabarmen. Hori oso txarra da. Frantziako Estatua oso kezkatua da, eta legeak egin dituzte horren borrokatzeko, Hondakinen aurkako Ekonomia Zirkularrarena, eta Klima eta Erresilientziarena, adibidez. Kontsumitzaileentzat, informazio-gardentasun handiagoa eskaintzen dute, eta horrek zirkulartasuna sustatzen lagundu beharko luke, modan ere bai.
Europako Parlamentuak ere interesa erakutsi du zuen proposamenarekiko.
Europarlamentuko STOA zerbitzu-zientifikoekin harremanetan jarri ginen txosten baten idazteko. Azterketa bat egin dugu Europako 20 herrialdetan, 81 parte-hartzailerekin: eragile giltzarriak, markak, bigarren eskuko aktoreak, birziklapenarenak… Horien erantzunetatik ateratako ondorioak aurkeztu ditugu Estrasburgon, Jérémy Legardeur nire tesi-zuzendariarekin batera. Modara bideraturiko Produktu Pasaporte Digitalak zer elementu izan beharko lituzkeen ikertu dugu.
Nolako harrera izan du ekimenak?
Aipagarria da: herrialdearen arabera. Danimarkan eta Alemanian, adibidez, oso interesgarria iruditu zaie moda-pasaporte digitala. Beste herrialde batzuetan, aldiz, ez horrenbeste… Araudia prestatzen ari dira uneotan, oraindik ez da bozkatua eta ez dute finkatu informazioen zerrenda nolakoa izango den. Argi dago bizi-ziklo osoan zehar osatuko dela, eta beharbada osaera eta fabrikatzaileei buruzko informazioa agertuko da. Guk proposaturiko eredua progresiboa da; hiru etapa finkatzen ditugu: 2027an bertsio sinplifikatu bat sartuko litzateke indarrean, eta osatzen joango litzateke 2033ra arte. Espero dut bitartean modaren sektorea hobetu, eta ekonomia zirkularra sustatuko dela.