Pertsonen ongizatea erdigunean hartuta

Euskal enpresetan pertsonen ongizatean arreta berezia jartzeak duen garrantziaz hausnarketa egin dute zenbait profesionalek aurtengo Enpresarean Azokan. Norbere ezagutza eta esperientzia izan dituzte aztergai Hernaniko Oronan egin den solasaldian

Enpresarean Azokan pertsonen ongizateak enpresetan duen garrantziaz egin duten solasaldia | Argazkia: Enpresarean Enpresarean Azokan pertsonen ongizateak enpresetan duen garrantziaz egin duten solasaldia | Argazkia: Enpresarean

Enpresarean Azokaren seigarren edizioan hizpide izan den gaietako bat da pertsonen ongizatearena. Euskal enpresek pertsonen ongizatea bermatzeko dituzten estrategien, adibideen eta ikasitakoen inguruko hausnarketak partekatu dituzte hainbat profesionalek. Solaskide guztiak bat datoz puntu batean, behintzat: hain zuzen ere, pertsonen ongizatea bermatuta enpresetan emaitza hobeak lortzen direla esatean. EnpresaBIDEAn egoera horretara iristeko eman beharreko pausoak zeintzuk diren ezagutu nahi izan ditugu.

Pandemiak, eraldaketa digitalak edota trantsizio ekologikoak erronka berriak sortu dizkie gaur egungo enpresei eta horiei erantzuteko modua aurkitu beharra dagoela iritzi diote profesionalek, betiere pertsonak erdigunean jarriz. Urtzi Uribetxebarria Mondragon Unibertsitateko irakasleak enpresetako langileen ongizatearen inguruan ikerketa bat burutu du eta emaitzen arabera, konpromisoan, konfiantzan eta ongizatean oinarritutako lan-praktikek enpresaren errentagarritasuna nabarmen handitzen dute. “Langileek enpresaren jabetza eta kudeaketan parte hartuz gero, elkarrekin informazioa partekatuz gero eta komunikazioa egonez gero, produktibitatean hazkunde nabarmena egon ohi da”, azaldu du.

Urtzi Uribetxebarria: “Langileek enpresaren jabetza eta kudeaketan parte hartuz gero, elkarrekin informazioa partekatuz gero eta komunikazioa egonez gero, produktibitatean hazkunde nabarmena egon ohi da”

Ildo horretan, Jose Miguel Ayerza ADEGIko zuzendari nagusiak azaldu duenez, enpresen ekonomia hazteko beharrezkoa litzateke enpresa-kultura aldaketa bat, pertsonen eta beraien arteko erlazioetan oinarritutako kultura berri bat. Fabrika, Enpresen Kultura Eraldatzeko Errendimendu Handiko Zentroa, martxan jartzeko lanean ari da Adegi. Gipuzkoan enpresa-kultura berria ezartzea du helburu zentroak, pertsonen ongizatea erdigunean jarrita. Edozein enpresa pertsonez osatuta dagoela, eta beraien arteko harremanak helburu bat lortu asmoz garatzen dituztela kontatu digu Ayerzak: “Harreman horiek egunerokoan egiteko modua izango da enpresa horren kultura. Fabrikan, kultura hori sortzeko, hobetzeko edo eraldatzeko entrenamendua eskainiko dugu, enpresa erakargarriagoak, afektiboagoak eta egoeren aurrean moldagarriagoak izatea lortzeko”.

Hala ere, argi dio enpresa-kultura berri eta aproposa lortzeko, zortzi printzipio hartu behar direla kontuan: helburu edo xede inspiratzaile bat, konfiantza, balio partekatuak, lidergo eraldatzailea, pertsonen ongizatea, gardentasuna, komunikazio eraginkorra eta kudeaketan parte hartzea. “Ez badugu kultura egoki bat lantzen pertsonak erdigunean jarriz, etorkizun beltza izango dugu”, dio ADEGIko zuzendari nagusiak. Hori bai, enpresa-kultura berria sortu bai, baina aurrerapausoa pixkanaka eta kautelaz egin behar dela adierazi du, halako proiektu baten beharra handia delako datorren “mundu konplexuari” aurre egiteko. Kultura hori erakundeetan nola ezarri litekeen galdetuta, Ayerzak dio “aldatu beharraren kontzientzia” barneratu beharra dagoela eta, hasiera batean behintzat, “zuzendaritzaren ardura” dela hori.

Jose Miguel Ayerza: “Ez badugu kultura egoki bat lantzen pertsonak erdigunean jarriz, etorkizun beltza izango dugu”

Enpresa-kultura egokia lortzeko zortzi printzipio aipatu ditugu, baina horiek “lerrokatuta” egotea garrantzitsua da. Hala dio Jone Nolte ASLEko zuzendari nagusiak. ASLE Euskadiko Lan Sozietateen taldea izanik, jabeak langileak direla baieztatu du eta enpresen arloan hartzen diren erabaki guztiak langileen lanpostuak bermatzera zuzenduta daudela dio. “Gure erronka nagusia langileen ongizatearen eta errentagarritasunaren arteko oreka bilatzea da” gehitu du. Hori lortu bidean, enpresa mailan konfiantza-giroa sortzea eta komunikazioa izan eta informazioa partekatzea ezinbestekotzat jo ditu Noltek. Era berean, aholku bat ere luzatu die bertaratu direnei: “Testuingurua zeharo aldatzen ari da, bai ekonomikoa eta baita lan- eta gizarte-egoera ere. Garrantzitsua da gure enpresek hori buruan izatea epe luzerako estrategiak ezartzerako garaian”, ohartarazi nahi izan du.

Jone Nolte: “Gure erronka nagusia langileen ongizatearen eta errentagarritasunaren arteko oreka bilatzea da”

Hiru profesionalak, oro har, bat datoz etorkizuneko lan munduari begira pertsonen ongizatea dela erdigunean jarri beharreko puntu garrantzitsuenetariko bat, enpresa batean “pertsonek pertsonekin eta pertsonentzat” lan egiten dutelako. Argi azaldu dute solasaldi osoan zehar, enpresa batean soilik errentagarritasunari eta irabaziei begiratzea eredu zaharkitua dela. Hiru profesionalen aburuz, elkarlana bultzatuz, enpresentzat etorkizun berri eta hobea eraikitzen hastea da orain egin behar dena. Pixkanaka-pixkanaka pertsonen ongizatean arreta handiagotuz.  

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK