
Statkraft enpresak eta Enhol Taldeak planta berria eraikiko dute Tuteran hidrogeno berdearen ekoizpenerako. Hala iragarri dio gaur Juan Luis García Nafarroako Gobernuko Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak CAT Tuterako Nekazaritzako Elikagaien Hiriko Administrazio Kontseiluari.
Sinatutako kontratuan zehaztu da 5 megawatteko (MW) potentzia eta urteko 742 tonatarako ekoizpen gaitasuna izango duela plantak, zeina 18.564 metro karratuko azaleraren gainean eraikiko den. Gehitu dutenez, prozesurako erabiliko den energia iturri berriztagarrietatik eratorriko da, batik bat, eguzki energiatik eta energia eolikotik; hala, bermatu nahi dute ekoizpen prozesu osoa "%100 berdea" izango dela.
Obrak hasteko hiru urteko epea adostu da hitzarmenean, administrazio arazoak egonez gero luzapenerako aukera egon daitekeen arren. Aurreikusitakoaren arabera, 2026ko bigarren hiruhilekoan hasiko dira eraikitzen, eta 2027. urterako martxan jarriko da planta berria.
Kontratua sinatu baino lehen “hainbat konpainiek erakutsi zuten interesa proiektuan”, eta aukeraketa egiteko kontuan izan ziren “gaitasun tekniko-ekonomikoa, plantaren potentzia, iturri berriztagarrien erabilera, eta proiektuaren plangintza zein haren eragina”. Puntuaziorik altuena lortu zuen Statkraft eta Enholen proposamenak, Nafarroako gizartearentzat “onura handienak” lortuko dituelako, bai ingurumen inpaktuari dagokionez, baita bideragarritasun tekniko zein ekonomikoari dagokionez.
Garcíak gaineratu du proiektua estrategikoa dela eta hidrogeno berdea “aukera paregabea” dela Nafarroarentzako. Hidrogeno mota hori industrian erabiltzen da, batik bat, hidrogeno kantitate handia behar duten sektoreetan; uraren elektrolisiaren bidez sortzen da hidrogeno berdea, zeina beste aukerak baino jasangarriagoa den.