Nerbioi Ibaizabal mankomunitateko bederatzi udalerriek prozesu berri bat abiatu dute Tokiko 2030 Agenda bateratua eta koordinatua egiteko. Udalerri horiek dira Arakaldo, Arrankudiaga-Zollo, Arrigorriaga, Etxebarri, Orozko, Ugao-Miraballes, Urdua, Zaratamo eta Zeberio. Jada ibilbide oparoa dute udalek tokiko jasangarritasunaren alorrean, batetik, Udalsarea 2030 udalerri jasangarrien euskal sarearen parte direlako, eta, bestetik, jasangarritasun politikak burutu izan dituztelako Tokiko Agenda 21 zela eta 2004. urteaz geroztik.
Orain, udaletxeak prozesuan parte hartzen ari dira “tokiko begirada” bermatzeko, eta hiru fase aurreikusi dituzte mankomunitatekoek: Garapen Jasangarrirako Helburuen (GJH) egoeraren azterketa; hausnarketa estrategikoa, GJHak tokiko errealitatera egokitzearen gainekoa; eta, azkenik, Tokiko 2030 Agendaren ekintza-plan bat gauzatzea, 2030. urteari begira.
Finean, agenda bateratzearen xedea da marko estrategiko bat garatzea, non proiektuak zein ekimenak ikusmira integral batetik landuko diren, GJHak oinarri izanik. Bestalde, mankomunitateak gehitu du inkesta bat bideratuko zaiela bederatzi udalerrietako herritarrei, haien beharrak, erronkak eta lehentasunak zein diren ezagutzeko helburuarekin.