Mikel Irujo Nafarroako Industria eta Trantsizio Ekologiko eta Digitaleko sailburuak industriari buruzko foru legearen berrikuntza nagusiak aurkeztu ditu aste honetan. Adierazi duenez, “testuak trantsizio ekologiko eta digital bikoitza sustatzea eta Nafarroako industrian ekonomia zirkularra bultzatzea” izango du helburu. Berrikuntza nagusien artean, administrazioa izapideak arintzeko eta sinplifikatzeko hainbat neurri daude, eta modu honetara, enpresa-proiektuak urtebetean tramitatzeko aukera ahalbidetu nahi du.
Lege honen helburua da “Nafarroako industriari bere posizioa sendotzeko eta proiektu berriak erakartzeko tresnak ematea”, azaldu du Irujok. Industria ekosistemaren kontzeptuan ere “sakondu” nahi du, hau da, “industriari balioa ematen dion balio-kate publiko eta pribatu osoan sakontzea, hala nola ekintzailetzan, berrikuntzan, prestakuntzan, azpiegituretan eta gobernantzan”.
Besteak beste, legeak enpresen trantsizio digitala gauzatzeko neurriak bultzatuko ditu, karbonoan neutroak diren poligonoak, energia berriztagarrietan oinarritutako azpiegiturak eta deskarbonizazio planak egitea sustatuz. Era berean, enpresei ekonomia zirkularreko ereduak ezartzen laguntzeko neurriak eta bioekonomia zirkularreko industria estrategia bat sortuko da.
Datozen asteetan, industria mahai baterako deialdia egingo du Nafarroako Gobernuak, eta bilera horretan legearen garapenean parte hartu duten eragileak ezagutuko dira, baita araudiaren zirriborroa aurkeztu ere. Gainera, datozen egunetan, gobernuaren webgunean atal bat zabalduko da lege berriak bilduko dituen berrikuntzak kontsultatu nahiz ekarpenak egiteko.