Kreanen Txomin Ibai Parkearen proiektua hautatu du Ihobek Naturan Oinarritutako Irtenbide gisa

Urumea ibaiaren alboan kokatutako parkearentzako proiektua garatu dute, uholde arriskuei aurre egin diezaion

Txomin Enearen diseinu bat | Argazkia: KREAN Txomin Enearen diseinu bat | Argazkia: KREAN

Ihobek argitaratu du “Naturan Oinarritutako Irtenbideak Euskadin: 20 Kasu Arrakastatsu Klima Aldaketara Egokitzeko NOK Aplikatuz" gida. Bertan zenbait proiektu berritzaile azaltzen dira, zeinak irtenbideak sustatzen dituzten jasangarritasunaren eta klima aldaketaren erronkei aurre egiteko.

Proiektu hautatu horietako bat izan da Donostiako Txomin Ibai Parkearena, Kreanek diseinatutakoa. Izan ere, parkea Urumea ibaiaren ertzean kokatuta egonik, uholde arriskuak pairatu ditzake, eta, hain zuzen, egitasmoa arrisku horri aurre egiteko sortu da. Azken finean, proiektuaren helburua da ibai-eremuak lehengoratzea (ibaiaren ertzean landaredi autoktonoa berreskuratu eta biodibertsitatea hobetzea) eta modu jasangarrian kudeatzea, egoiliarren bizi kalitatea hobetzeko asmoarekin.

Adierazi dute proiektuak uholde lautadako airearen kalitatea hobetu dezakeela, eta herritarrentzako jolas espazioak sortuko direla. Gehitu dute horrelako proiektuak tresna eraginkorrak direla bai klima aldaketara egokitzeko, baita hiri-jasangarritasuna hobetzeko ere.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK