Abuztua, lanbide askorentzat urteko hilabete garrantzitsuena

Euskal Herriko langile askok ez dute oporrengatik euren enpresa, jarduera ekonomiko edo negozioa etengo, kontrakoa baizik: abuztuko lanarekin soilik urte osoko fakturazioa biltzen dute

Izozki saltzaileentzat hilabete garrantzitsua izan ohi da uda | Argazkia: iStock Izozki saltzaileentzat hilabete garrantzitsua izan ohi da uda | Argazkia: iStock

Badirudi urteko zortzigarren hilabetea dela negozio guztien artean urteko hilik ahulena, baina beste gauza askotan bezala, beti daude salbuespenak. Badaude hainbat lanbide abuztuan urteko egun lanpetuenak dituztenak eta urte osoko fakturazioaren zati handiena eskuratzeko balio dutenak. Beste sektore askotako langileak oporrez gozatzen ari diren bitartean, beste langile askori lan egiteko garaia egokitzen zaie, zehazki, udako hilabeteak goi-denboraldia direnean. Jarraian adibide batzuk:

1. Kultura ekitaldietako antolatzaileak

Euskal Herriak zuzeneko musika jaialdi ugari hartzen ditu urte osoan, eta udako hilabeteen artean biltzen du eskaintzaren zati handiena. Aurten, ehun kultura jaialdi baino gehiago ari dira egiten batetik bestera euskal lurraldean. Maiatzetik irailera bitartean, agian ezagunenak BBK Live, Donostiako Jazzaldia edota Donostiako Zinemaldia izango dira baina beste asko ere badaude Euskal Herriko txoko askotan. Ekitaldi hauek prestatzeko hilabeteak behar dituzten arren, udan egiten dute distira gehien eta lan bolumen handiena orduan izaten dute. BBK Liveko aurtengo edizioan esaterako 120.000 ikusle baina gehiago izan dira, Donostiako Jazzaldian berriz, 180.000 ikusle. Hala, ekitaldi handi hauen atzean antolatzaile eta langile ugari izaten dira, baita boluntario gisa laguntzen dutenak ere.

2. Ostalaritza eta dendetako langileak

Tabernek, jatetxeek, diskotekek eta txosnek langileen plantilla zabaldu behar izaten dute udan bezero gehiago erakarri ahal izateko. Kostaldeko hirietan nahiz barrualdean, turismoaren igoera handia sumatzen da urtaro honetan, eta, horren ondorioz, denda, arropa-denda, supermerkatu, jatetxe eta hotel gehienek profil desberdinetako langileak behar izaten dituzte eskariari erantzun ahal izateko.

Kontuan hartu beharra dago urtetik urtera turismoak gero eta indar gehiago duela Euskal Herrian. Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian turismo zerbitzua BPGaren % 6,4 izan zen iaz. 2010an, aldiz, garrantzi gutxiago zuen, BPGaren %5,4, hain zuzen. Nafarroan, bestalde, BPGaren %5,3 hartzen du turismo jarduerak.

3. Sorosleak, surf irakasleak eta beste monitore batzuk

Udako lanbide nagusietako bat da, hondartzan, ibaietan edo igerileku publiko edo pribatuetan lan egiten duten sorosle, monitore eta beste hainbatena. Horietako asko gazteak dira, eta hiru hilabete baino gehiagoz lan egiteari esker, urtean zehar lasaiago bizitzeko dirua lortzen dute. Hala, Euskal Herriko kosta osoan sorosle ugari behar dira hondartzetako segurtasuna bermatu ahal izateko. Barrualdean igerileku kopurua handitzen den heinean, langileak ere behar izaten dira. Gainera, Euskal Herrian kanpin ugari daude. Hori gutxi balitz, ibai eta erreketan egiten diren uretako kirol jarduera ugaritan ere beharrezkoak dira monitore eta sorosleak.

iStock
Surf ikastaroa Miarritzeko hondartzan | Argazkia: Stock

Era berean, azpimarratzekoa da Euskal Herrian dagoen surf eskola kopurua eta horrek sortzen duen ekonomia. Gazte asko dira udara surf irakasle bezala lan egiten pasatzen dutenak.

4. Izozki dendak

Lanbide honek "arrisku" mota jakin bat du: lan egiten den bitartean uneoro izozkia jan nahi izatea. Urtaro izaera galdu duen lanbidea bada ere, ohikoa da udan ilara luzeak ikustea Euskal Herriko izozki dendetan. Izozkiak kontsumitzeko ohitura handia dago hemen inguruan. Espainia, esaterako, hirugarren herrialdea izan zen iaz izozkien kontsumoan, 495 milioi litro izozki janda urtean, eta 2021ean 554 milioi euroko fakturazioa ekarri zuen estatuan izozkien negozioak. Italia eta Alemania ostean, hirugarren merkatua da.

5. Bidai agentziak

Euskal Herriko bidaia agentziek inoiz baino uda hobea aurreikusi dute, % 15 igoko baitira erreserbak 2022ko datuekin alderatuta, eta 2019ko kopurua ere gaindituko du, pandemia baino lehenagoko aldia hobetuz. Era berean, sektoreko adituek adierazi dute prezio historikoetara iritsiko direla inflazioagatik nahiz zenbatutako eskaera handiagatik.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK