Moda diseinatzailea da Alaine Albisu. Ekintzaile da. Gaztea. Bilbon Moda Diseinuko ikasketak egiten ari den bitartean, Alaine Albisu Studio sortu du Lazkaon (Gipuzkoan), bere sorterrian, moda jasangarria oinarri duen estudioa. Sare sozialen bidez poltsak saltzen hasi eta proiektua hezurmamitzeraino. Poloniara edota Ameriketako Estatu Batuetara ere iritsi dira bere diseinuak, baina aitortu du Euskal Herrian saltzen duela gehien. Saltoki fisikoak eta digitalak uztartzen ditu horretarako: bere estudioa, Instagram, sortu berri duen webgunea eta inguruko saltokiak, Beasaingo Truke denda esaterako.
Txikitatik izan du moda pasio. Tokiko kultura, ondarea, baloreak, identitatea eta ingurumena babesten ditu moda jasangarriaren bidez. Material jasangarri berrien ikerketan ere buru belarri dabil lanean. Goieki Goierriko garapen agentziak antolatutako Enpresa Ekimen Berri Onenaren saria jaso berri du. “Pozik” dago. “Lanaren” eta “esfortzuaren” emaitza dela sentitzen du. Ez zuen espero. Urtebeteko bizitza duen proiektuari “bultzada handia” emango dio, eta lanean jarraitzeko “gogo biziz” dago.
Zer da Alaine Albisu Studio?
Lazkaon kokalekua duen moda estudio bat da eta bertan, moda jasangarria oinarri dituen arropak eta osagarriak diseinatzen ditut, teknologia berriak eta artisau teknikak erabilita. Jantzien sorkuntza prozesu guztia hantxe egiten dut, hasi eta buka. Estudio horri esker nire lanak espazio fisiko propio bat du eta, horrek, bezeroekin zuzeneko arreta izateko aukera ahalbidetzen dit.
Zein da zure lan egiteko modua?
Nire lan egiteko moduak lau zutarri ditu: tradizioa, teknologia, ingurumena eta digitalizazioa. Tradizioa nire erroak dira; kultura, ondarea, baloreak, identitatea. Tradizioa da nire diseinuen abiapuntu. Ingurumena zaintzea ere oso garrantzitsua da niretzat, izan ere, gaur egun, moda, munduko bigarren industria kutsatzaileena da. Hori dela eta, material naturalak erabiltzen ditut nire diseinuetan, merino artilea esaterako. Jasangarritasuna eta kalitatea uztartzen ditut. Teknologia diseinu digitalaren bitartez aplikatzen dut eta, horren adibide dira, sorkuntza prozesuetan erabiltzen ditudan 3D moldeak. Digitalizazioa jendearengana hurbiltzeko bitartekaria da niretzat, hau da, nire sorkuntza prozesuak publikoari erakusteko, azaleratzeko tresna. Horretarako, erakusleiho digital bat dut estudioan, pantaila bat, eta bertan ikusgai ipintzen ditut nik egindako diseinuak.
Nolakoa da sorkuntza prozesua?
Eskari bat iritsi ostean, egiten dudan lehen gauza diseinua da. Jarraian prototipoak sortzen ditut eta askotariko probak egiten ditut materialekin. Hau da, diseinu horren aurrean materialak nola erantzuten duten analizatzen dut: koloreak, testurak... Zehatzago esanda, artilea teknika eta propietate desberdinak landuz nola geldituko litzatekeen aztertzen dut. Eskari motaren arabera alda daiteke, baina ohikoena da, sorkuntza prozesuan zehar, lehenbizi diseinua eta prototipoak egitea, jarraian horiek probatzea eta, azkenik, pieza originala lantzea hastea, eskuz.
Zailtasunik badu zure metodologia propio horrek?
Bai, egia esan, zailtasunak baditu eta, horien artean, bi nabarmenduko nituzke. Alde batetik, material jasangarrien kostuak oso handiak dira eta, bestetik, artisau teknikek lanordu asko egitea eskatzen dute. Hala ere, uste dut, erronka horiek gainditzea inspiratzailea dela eta lan egiteko modu honek ahalbidetzen du produktuak kalitatezkoak eta bakarrak izatea.
"Alde batetik, material jasangarrien kostuak oso handiak dira eta, bestetik, artisau teknikek lanordu asko egitea eskatzen dute. Hala ere, uste dut, erronka horiek gainditzea inspiratzailea dela"
Zein dira zure moda diseinatzaile erreferenteak?
Jasangarritasunaren eta berrikuntzaren aldeko apustua egiten duten moda diseinatzaileak ditut inspirazio iturri, nazioartekoak eta tokikoak. Nazioartean bi nabarmendu nahiko nituzke: Iris Van Herpen eta Stella McCartney. Euskal Herrian, aldiz, Maider Alzaga, Kotoi eta IMZ.
Material naturalak erabiltzen dituzu diseinuetan. Zergatik merino artilea?
Merino artilea gure ingurunean ugaria den produktu bat da eta, egia esan, ez zaio behar adina erabilera ematen. Material baliotsua da, biodegradagarria, propietate askokoa, leuna; jasangarritasunaren eta kalitatearen sinonimoa. Oso berezia da. Material honen erabilerari esker, gainera, nekazaritza eta artzaintza babesten dira.
Material jasangarrien ikerketan ere diharduzu. Zertan zehazki?
Unibertsitatean material jasangarrien ikerketan dihardugu, ingurumenean eragiten den inpaktua gutxitzeko helburuarekin. Bertan, material jasangarrien bidez askotariko ehunen bilaketan aritzen gara. Esaterako, frutarekin egindako larrua ekoitzi dugu. Proba asko egiten ditugu. Finean, diseinatzaileek balio batzuk izan behar ditugu, kontziente izan behar dugu kutsadurarekin dagoen arazoaz. Aurrez aipatu bezala, moda bigarren industria kutsatzaileena da, eta gutako bakoitzak garrantzia eman behar diogu horri ere. Diseinatzaileon ardura bada hori ere.
"Merino artilea gure ingurunean ugaria den produktu bat da eta, egia esan, ez zaio behar adina erabilera ematen. Material baliotsua da, biodegradagarria, propietate askokoa, leuna"
Gizartean arazo horren kontzientziarik bada?
Zoritxarrez, gizartean ez dago kontzientziarik horren inguruan. Egia da lanketa handirik ere ez dela egin eta, aldi berean, desinformazio handia dagoela. Kutsaduraren arazoaren jakitun guztiok gara, baina gero norbera da bere buruaren jabe. Nik ulertzen dut eta kontziente naiz, pertsona batzuentzat, jantzi jakin bat erostea esfortzu ekonomiko handia dela. Horri gehitu behar zaio, gainera, egun prezioan bakarrik zentratzera bideratzen gaituztela. Betaurreko horiek jantzita egiten ditugu erosketak. Betaurreko horiek kendu eta gure buruari galdetu behar diogu prezio horren atzean zer dagoen, produktuaren errealitatea ezagutu. Eta hor dago gakoa.
Zein da zure ametsa?
Moda jasangarriaren alorrean erreferente bilakatzea da nire ametsa, nire diseinuak ezagunak izatea eta gure mugez haratago horiek nazioartean zabaltzea. Ahal den neurrian, nahiko nuke moda jasangarriaren eragina handitzea kutsadura murrizteko. Horretarako, beste sektoreekin elkarlanean aritzea ezinbestekoa izango dela uste dut.