Azken bi hamarkadetan arraunak herri-kirol izateari utzi eta profesionalizatzerako jauzia ematearen alde egin duela dirudi. TKE eta Euskotren ligak dira horren adibiderik garbienak. Ikuskizunak irabazi omen du, lehiaketari halako sona edo ospea emanez, marka komertzialen mesedetan bada ere, traineru batzuen izena aldatzeraino hain zuzen.
Indarreko arautegiak ere ahalbidetzen du profesionalizatze hori, posible egiten baitu arraunlariak fitxatzea. Bada, itxuraz behinik behin, TKE eta Euskotren ligetako traineru guztiek parez pare egiten dute arraun, nor baino nor. Aitzitik, desberdintasunak nabarmenak dira, gero eta gehiago gainera. Horrek berarekin dakar galdera: arrauna profesionalen kontua da ala herri-nortasunarena? Eta horren haritik sortzen dira bestelako galdera hauek: arrauna benetan profesionalizatu al da? Ala bakar batzuentzako baino ez al da profesionalizatu? Horrek ez al dio kalterik egiten historikoki arraunak herri-kirol gisa adierazi izan duen herri-nortasunari? Ez al da posible arrauna profesionalizatzea eta herri-nortasunari eustea?
Historia apur bat
Bazen sasoi bat arrantzan egiteko behar-beharrezkoa zena arraunean egitea. Haizea zegoenean belak ere erabiltzen ziren, baina arrantzaleen beso sendoek lan gogorra, nekeza egin behar zuten beti. Horrek traineruetako arrantzaleen artean bat-bateko norgehiagokak sorrarazten zituen itsaso zabalean.
Izurdeak hondotik ur-azalera antxoa nahiz sardina atera orduko, arraunean hasten ziren traineruak, nor azkarren helduko arrain-sardara. Azkarrenak baino ez zuen sarerik botako, baina bigarrenarekin eta hirugarrenarekin, agian, konpainia egingo zuen hark. Beste horrenbeste gertatzen zen gauean arrainaren zuritasuna edo blankira ikusterakoan ere. Eta zer esanik ez, herriko bandan: bizkor abiatu nahi izaten zuten portura, betan, arrain-salmentan, preziorik onena egiteko.
Izurdeak hondotik ur-azalera antxoa nahiz sardina atera orduko, arraunean hasten ziren traineruak, nor azkarren helduko arrain-sardara. Azkarrenak baino ez zuen sarerik botako
Horrenbestez, antzina, berez uztartzen ziren ogibidea eta kirola, oharkabean. Baina inoiz, itsaso zabalean, portu bereko traineruen arteko norgehiagokak ez ezik, herri desberdinetakoen artekoak ere gauzatzen ziren. Orduan, lagun arteko zerbait baino gehiago jokatzen omen zen: herriaren ohorea.
Halako norgehiagokak antzinatik egin ohi ziren. Hala ere, gehienetan, ez zen halakoen berri ematen. Azkueren Cancionero Popular Vasco bilduman badago horren salbuespen bat. Bada, euskaltzale lekeitiarrak Hondarribian ikasi zituen Ondarrutar oriek izeneko bertso batzuk jaso zituen. Bertsoak ari dira ondarrutarrek eta lekeitiarrek itsaso zabalean, Lekeitioko Santa Katalina muturretik Getariako porturaino, 1854an jokatu zuten estropada bati buruz.
XIX. mendearen amaieraraino halakoak izan ziren estropadak, ikuskizun-izaerarik eta saririk gabekoak. Baina, apustuak tarteko, ezari-ezarian bigarren bide horri ekin zieten, herri-kirol bihurtu arte. Egin-eginean ere, ezagutzen den lehengo bandera Ondarroak irabazi zuen Bilbon, 1865eko abuztuaren 31n jokatutako estropadetan.
Ezagutzen den lehengo bandera Ondarroak irabazi zuen Bilbon, 1865eko abuztuaren 31n jokatutako estropadetan
Arraunean egitea ogibide ere izatetik oso-osoan kirola izaterako bidean, bateko eta besteko erronkak eta txapelketak tartekatu ziren hurrengo urteetan. Alabaina, apurka-apurka, azken horiek ugaritzen zihoazen.
Batzuetan, txapelketak beste era bateko ospakizunen egitarauetara biltzen ziren. Horren adibide dira Bilboko portuko obren testuinguruan jokatutako estropadak. Halaber, halakoek, gerora, sarri askotan, erronkak eta desafioak eratortzen zituzten. Modu horretara, herrien arteko lehia bihurtu ziren estropadak eta, horren haritik, ikuskizun.
Horren adibide izan zen Ondarroako eta Pasaia San Pedroko arraunlarien arteko 1888ko azaroaren 25eko erronka. Ondarrutarrek irabazi zuten estropada hura, eta Bilboko Klub Nautikoak bandera bat oparitu zien, Kantauriko garaiezinen titulua ere aitortuz. Horrek gipuzkoarren artean amorrua eragin zuen eta donostiarrak izan ziren ondarrutarrei desafioa egin zietenak. Ondarrutarrek desafioa onartu ondoren, 10 miliako estropada 1890eko abenduaren 2an jokatu zen, Lekeitioko uhartetik 500 metrora itsas zabalerantz eginda kokatutako irteeratik Getariako San Anton muturreraino. Inoiz ezagutu den estropadarik handiena izan omen zen hura. Hainbat eztabaida eta arazo izan baziren ere, ofizialki donostiarrak nagusitu ziren, Luis Carril handia patroi zutela.
[Kontxako Estropadan] portu bereko arrantzaleek osatu behar zuten trainerua. Hain zuzen, norgehiagoka garrantzitsuenetan, portu bakoitzeko onenak hautatzen ziren. Arrauneko arrantza desagertu ahala, ordea, lehorreko arraunlariak onartu ziren
Baina, duda-mudarik gabe, Donostiako Kontxako estropadek egin dute bidea historian, herrien arteko norgehiagoka horretan. Izan ere, 1879an ospatu zen estreinako Kontxako estropada.
Hasieran, portu bereko arrantzaleek osatu behar zuten trainerua. Hain zuzen, norgehiagoka garrantzitsuenetan, portu bakoitzeko onenak hautatzen ziren. Arrauneko arrantza desagertu ahala, ordea, lehorreko arraunlariak onartu ziren. Entrenamendu edo aldez aurreko prestaketen premia ere orduan agertu zen. Dena den, urte luzez kirol amateur edo ez profesionala izan zen arrauna, baina, aldi berean, herri-kirola, herri-nortasunari estu lotutakoa.
Profesionalizatzerako jauzia
1970eko hamarkadaren amaieran eta 1980eko hamarkadaren hasieran Bizkaiko zenbait traineruk profesional moduan kontratatu zuten arraunlari bat edo beste, horiek, aldi berean, entrenatzaile zereginetan ere bazihardutela. Baina TKE liga sortu arte, normalena zen lortutako sarien araberako irabaziak izatea, hau da, amateur moduan aritzea.
Behin TKE liga sortuta, eta hainbat enpresa eta marka komertzialek klub batzuk diruz babestuta, lan-zuzenbidea aplikatzearen inguruko gatazka batzuk sortu izan dira, non auzitegiek argi utzi izan duten arraunlari batzuk kirolari profesionalak direla
Haatik, behin TKE liga sortuta, eta hainbat enpresa eta marka komertzialek klub batzuk diruz babestuta, lan-zuzenbidea aplikatzearen inguruko gatazka batzuk sortu izan dira, non auzitegiek argi utzi izan duten arraunlari batzuk kirolari profesionalak direla. Zehazki, gatazka horietan eztabaidatu izan da kasuan kasuko arraunlaria bidegabe kaleratu ote den eta, ondorenez, kalte-ordainak jasotzeko eskubidea ote duen. Izan ere, lan-harremanak dituen kirolari profesionala izan behar da kaleratzeaz hitz egin eta, hala denean, kaleratzearengatiko kalte-ordainak jasotzeko. Horren adibide da 2021eko urriaren 12ko Euskadiko Auzitegi Nagusiaren 4. Salako epaia (1554/2021 errek. zk.).
Noiz izan daiteke arraunlari bat kirolari profesionala?
Ekainaren 26ko 1006/1985 Errege Dekretuaren 1. artikuluko ezaugarriak betetzen dituzten kirolariak izango dira profesionalak. Horren arabera, kirolari profesionalak dira izaera erregularrarekin egindako lan-harremanak izan eta ordainsari batzuen truke euron borondatez kirolen bat egiten dutenak, kirol-klub edo -erakunde batentzat eta horren antolaketa- eta zuzendaritza-esparruan.
Aitzitik, aplikazio-esparrutik kanpo daude kirolari amateurrak, hau da, klubarengandik kirola egitearen ondoriozko gastuen konpentsazioa bakarrik jasotzen duten kirolariak.
Ezin uler daiteke kirolari amateurrak kirol-klub edo -erakunde baten mende izatea, lan-kontratua duten kirolarien baldintza berberetan. Baina, praktikan, bereizketak arazo handiak sortzen ditu
Arean ere, ezin uler daiteke kirolari amateurrak kirol-klub edo -erakunde baten mende izatea, lan-kontratua duten kirolarien baldintza berberetan. Baina, praktikan, bereizketak arazo handiak sortzen ditu. Pertsonak euren esfortzuarekin helburu erkiderako lankidetzan aritzen diren kasuak ugari direnez, halako kasuak bereizi eta sailkatzeko orduan ohikoa denez, kirolari profesionalaren eta kirolari amateurraren arteko muga ere ez da baketsua eta ziurra. Arauak adierazi du amateurra dela gastuen konpentsazioa jasotzen duena, baina definizio horrek amateur kontzeptuaren ikuspuntu osagabea eskaintzen digu. Egin-eginean ere, zaila da kirolari amateurrak definitzea, segurtasuna eta ziurtasuna eskaintzen duten ezaugarriekin.
Edonola ere, posible da arraunlaria kirolari profesionala dela adieraztea, baldin eta hurrengo baldintzak betetzen badira, lege-definizioak ezarritako ezaugarriak aintzat hartuz, jurisprudentziak azaldutakoaren ildotik.
Arraunlariek euren lana antolakunde baten esparruan egin behar dute, hots beste batentzat edo inorentzat egin behar dute lan. Bestela esanda, jendaurrean kirola egin behar dute beste batek hala agindu dielako. Hori ondorioztatzeko ezinbestekoa da kirola egiteko baliatzen dituzten lanabesetan inorentasuna dagoela antzematea. Bada, traineruak eta gainerako tresnak klubarenak dira. Beste horrenbeste gertatu ohi da irudi-eskubideak ustiatzea oso-osoan klubaren esku uzten denean.
Kirolari profesionalak eta amateurrak bereizteko orduan, garrantzi handia du ordainsarien zenbatekoak. Modu horretara, lan-zuzenbidea aplika dadin, arraunlariak irabazteko asmoa izan behar du
Arraunlariek mendekotasun-harremanak izan behar dituzte euren klubari begira: ordutegiak, entrenamenduak, joanarazteak eta abar. Baina ezin ahantz daiteke kirol-mota horrek eskatzen duen dedikazioa oso antzekoa izan daitekeela kirolari profesionalen nahiz amateurren kasuan. Horregatik kirol-diziplina eta lan-zuzenbidea aplika dadin izan behar den mendekotasuna bereizi behar dira. Halatan, prestatzaileek emandako aginduak betetzearen inguruko zorroztasun-maila eta ez-betetzeen ondorioak kontuan hartzea ezinbestekoa da lan-zuzenbidea aplikatzeko. Arraunlariren batek kluba utziz gero, horri kalte-ordaina eman behar izatea ere zantzu garrantzitsua da lan-zuzenbidea aplika dadin.
Erregulartasunaren ezaugarria lan-harremanei dagokienez antzeman behar da, eta ez kirola egiteari dagokionez. Beraz, erregulartasun hori antzeman daiteke arraunlariek jasotako ordainsariak eta entrenatzeko dituzten ordutegiak erregularrak direnean.
Kirolari profesionalak eta amateurrak bereizteko orduan, garrantzi handia du ordainsarien zenbatekoak. Modu horretara, lan-zuzenbidea aplika dadin, arraunlariak irabazteko asmoa izan behar du. Bestela esanda, arraunlariak klubarengandik kirola egitearen ondoriozko gastuen konpentsazioa baino zerbait gehiago irabazi behar du. Zehatzago, ezinbestekoa da arraunlariak klubarengandik jasotzea lanbide arteko gutxieneko alokairua edo hortik gorako zenbatekoa.
Errealitate gordina
Errealitate gordinak erakusten digu arrauna profesionalizatzetik oso urrun dagoela, nahiz eta horren itxura hartu. Pentsaezina litzateke, esaterako, futboleko 1. mailako talde batzuetan kirolari profesionalak izatea eta beste batzuetan amateurrak, edota talde berean kirolari batzuk profesionalak izatea eta beste batzuk ez.
Arraunean, ordea, eta adibide moduan jartzearren, posible da mailarik handieneko klubetako arraunlaririk onenek 30.000 eta 35.000 euro artean irabaztea urteko kopuruan, eta beste klub batzuetako arraunlariek sarietan irabazi dezaketena eta klubak jarritako 4.000 eta 6.000 euro arteko zenbatekoak irabaztea. Jakina, sariak irabazten ez dituzten gainerako klubetako arraunlariak amateurrak izango dira, uda-sasoian kanpotik ikus daitekeen parafernalia guztia gorabehera (telebista, arraunaren inguruko jaialdiak…). Zoritxarrez, gizonezkoen eta emakumeen arteko ligen arteko desberdintasunak nabarmenak dira horretan ere, emakumeen arrauna erabat amateurra delako.
Gizonezkoen eta emakumeen arteko ligen arteko desberdintasunak nabarmenak dira, emakumeen arrauna erabat amateurra delako
Arazoa da zenbait klubek profesionalizatzerako bide horretan egindako apustuak kalte egin diezaiokeela arraunak historikoki agertu izan duen herri-nortasunari. Izan ere, klub boteretsuenek apalenei herriko arraunlariak kentzen dizkiete eta azken klub horiek traineru lehiakorrak egiteko beste horrenbeste egiten dute euren ahalbide ekonomikoaren arabera. Horren ondorioz, klub askok herriko arraunlari gutxi batzuk besterik ez dituzte, araudiak ezarritakoa ozta-ozta betetzeko.
Profesionalizatzerako bide horretan klub askok harrobia bertan behera utzi dute eta fitxaketetan oinarritzen dira batik bat. Badira gizonezkoen artean klub indartsuak izanik emakumezkoen trainerurik ez dutenik ere.
Zorionez, oraindik badira TKE ligan aritu arren harrobia eta emakumeen trainerua dituzten klub batzuk ere, baina, tamalez, gero eta gutxiago dira halakoak.
Arazoa da zenbait klubek profesionalizatzerako bide horretan egindako apustuak kalte egin diezaiokeela arraunak historikoki agertu izan duen herri-nortasunari
Nolanahi ere, arraunak badu bestelako arazo handi bat etorkizunean irauteko: belaunaldi berrien falta edo belaunaldi berrien errelebua. Horrek ere argi erakusten du profesionalizatzearen itxuratik haratago arraunak duen egoera.
Arrauna kirol gogorra da, exigentzia-maila handikoa urte osoan zehar. Gainera, gainontzekoek oporrak dituztenean eta jairik jai ibiltzeko aukera dutenean, arraunlariek entrenamenduak eta estropadak dituzte, eta asko zaindu beharra dute. Bene-benetan kirolari profesionalak izan eta arraunetik bizi daitezkeenak oso gutxi direnez, oso zaila da gaur egungo gizartean gazteek arraunaren alde egin eta urte luzez kirol horretan irautea. Baina itxurazko profesionalizatze hori ez da kasualitatea. Bizi dugun gizartearen isla da. Ikustea besterik ez dago zein kirolek duten arrakastarik handiena. Garai bateko herri-nortasun eta -ohoretik urrun, bestelako balio batzuk nagusitu dira eta horrek ondorioak ditu arraunean ere. Beraz, arrauna itxuraz behintzat profesionalizatzearena ulergarria dirudi gaurko gizartean, nagusi den korronteari jarraituz gero. Baina agian korronte hori ez da egokiena.