Xafla mehe eta biribilaren alde bakoitzeko ildoetan grabatua duelarik soinua, disko-jogailuaren bidez errepoduzitzen du hura binilozko diskoak. XIX. mende bukaera eta XX.aren lehen erdian, asmatzaile ugari eta industria musikaleko lehen diskoetxeak ziren hotsak grabatu eta erreproduzitzeko modu onena aurkitzen aritu zirenak, tartean, Emile Berliner, 1887an gramofonoa asmatu zuena, edota Thomas Edison, 10 urte lehenago fonografoaren asmatzailea izan zena. Gramofonoak disko apala behar zuen soinua erreproduzitzeko; fonografoak, ordea, zilindroa. Soinu txukunena ateratzeko lehia horretan, lehenengo formatua gailendu zen.
Diskoaren bidez doinu garbienak aterako zituen aparatuaren bilaketak diharzuen urte horietan. RCA diskoetxe estatu batuarrak 1930ean iraupen luzeko lehen diskozko biniloa (30 zentrimetroko diametroa zuena) plazaratu zuen, eta 1948an Columbia Recordsek polibinil klorurozko euskarri materiala zuena, LP (long play) formatuan egina, 33 abiaduran, minutuko 1/3 biraketarekin, 12 hazbeteko diametroa eta diskoaren alde bakoitzean 45 minutuko soinu iraupena eskaintzen zuena. Gaur binilozko diskoaz ezagutzen dena izan zen azken hori, artean asmatutakoarekin alderatuz hobekuntza nabarmena eta musikaren industrian mugarria. Izan ere, une hartatik 1980ko hamarkada erdira arte izan zituen biniloak urterik oparotsuenak, eta orduan sortu ziren gure iruditegian dauden musika banda handienen ikur zein irudi eternalak.
1980ko eta 1990ko hamarkadetan kaseteen eta CDaren agerraldiarekin amaitu zen biniloaren garai oparoa, harik eta 2000 behea jo eta desagertzear egon zen arte
The Beatlesen Sgt Peppers Lonely Hearts Club Band albumaren azaleko irudiak, esaterako, sekulako zeresana ekarri zuen 1967an, eta musikaz gain, biniloetako portadak eta irudiak sortzaileen lan zein obren mezua hedatzeko bide alternatiboa bihurtu ziren. Liverpooleko laukotea ez ezik, 1960ko eta 1970eko hamarkadako musikari handienek punta-puntako artisten kolaborazioarekin burutzen zituzten biniloen azalak. Andy Warholek The Velvet Underground taldearen lehen diskoarena egin zuen, erdi zuritutako platano horizka duen irudi mitikoarena, hain zuzen, edota The Rolling Stonesen Sticky Fingers albumarena ere. Pink Floyden The Dark Side of the Moon diskoaren azaleko hiruki beltza eta ortzadar koloretsua ere guztion buruan iltzatutako irudia da. Baina garai oparo orok badu bere bukaera eta gerora (1980ko eta 1990eko hamarkadetan) saltzen jarraitu bazen ere, kaseteen eta CDaren agerraldiarekin amaitu zen biniloaren aroa, harik eta 2000 behea jo eta desagertzear egon zen arte.
Mende berriarekin susperraldia
Aitzitik, negozioak azken 20 urteotan mende bukaerako joera erabat irauli du. BPI Britania Handiko Industria Fonografikoaren arabera, 2021 izan zen azken 30 urteetan binilo gehien saldu ziren urtea, bost milioi disko baino gehiago saldu baitziren bertan. Hori gutxi balitz, 30 urte eta gero lehen aldiz, CDen salmenta kopurua gainditzen hasi da biniloa herrialde gehienetan: 2022an Estatu Batuetan, 41 milioi binilo saldu ziren eta 33 milioi CD, RIAAren Ameriketako grabaketa-industria elkartearen arabera. Gainera, formatu fisikoetako musikaren diru-sarrerak 1,7 bilioi dolarrekoak izan baziren, horieratik 1,2 biniloaren salmentetatik zetozen, eta 17. urtez segidan hazkundea izan da biniloen salmenta kopuruan. Halaber, Luminate, entretenimendu industriarako datu base ezagunaren 2022 urte amaierako musika txostenak dionez, iaz Estatu Batuetan saldutako musika albumen % 43 biniloak izan ziren, Taylor Swiften Midnights lana izanik disko salduena (950.000 kopia).
30 urte eta gero lehen aldiz, CDen salmenta kopurua gainditzen hasi da biniloa herrialde gehienetan: 2022an Estatu Batuetan, 41 milioi binilo saldu ziren eta 33 milioi CD
Estatu espainiarrean ere bilakaera goranzkoa da nabarmen. Promusicae Espainiako musika ekoizle elkartearen arabera, iazko lehen seihilekoan % 25,6ko hazkundea izan zen binilozko diskoen salmentan, 13,5 milioi euroko diru sarrerak ekarriz. Urte bukaerarako 1,7 milioi binilo baino gehiago saldu ziren denera. 2021ean, berriz, 1,6 milioi binilo saldu ziren, 25 milioi euro baino gehiagoko fakturazioa bilduz. 2013an ordea, Espainian guztira 140.000 binilo saldu ziren soilik. Egun, Espainiako dendetan erositako diskoen erdia bainho gehiago biniloak dira.
Musikaz gozatzeko beste modu bat
Era berean, testuinguru berri honen erakusle da binilo fabriken areagotzea. Duela urte gutxi arte, fabrika bakarra aurki zitekeen espainiar estatuan (Krakatoa Records, Castelló), eta negozioaren zati gehiena Txekiako GZ Media fabrikara bideratzen zen. Orain, ordea, hiru dira Espainiako estatuan, bat Euskal Herrian dugularik. Urdulizen 2017an ireki zituen ateak Press Play Vinyl enpresak. Gonzalo De la Maza fabrikako gerentearen esanetan, proiektua abiatu zutenetik urtetik urtera hazteari ez diote utzi, eta pandemia ondoren are eta handiagoa izan da hazkundea.
Biniloak musika beste modu batera entzutea bultzatzen duela uste du De la Mazak, kantu batetik bestera salto eginez zein artista batetik bestera etengabe aldatuz, janari azkarra bezala edota, finean, bizi garen bezala musika entzuten dugun streamingaren garai hauetan: “Beste erritual batzuk ditu biniloak, esertzera behartzen zaitu, musika lasai entzutera, eta bitartean diseinuak ikuskatzera. Diskoaren aurpegi osoa entzun eta beste aldea entzuten duzu gero, modu patxadatsuagoan. Beste kontsumo mota bat da”.
Gonzalo de la Maza: “Beste erritual batzuk ditu biniloak, esertzera behartzen zaitu, musika lasai entzutera eta bitartean diseinuak ikuskatzera”
Musika formatu fisikoan entzun nahi izanez gero binilozko diskoaren aldeko hautua egiten dute musikazaleek CDaren kalterako. Kolekzionistak ez ezik, musika zalearentzat ere produktuak badu nolabaiteko kutsu erromantikoa. Egun CDa baino gehiago saltzen dela galdetuta, ondorengoa erantzun du De la Mazak: “Fisiko aldetik askoz erakargarriagoa da biniloa. Tamaina eta pertsoalizaziorako aukera gehiago ematen ditu. Aberatsagoa da”. Horren haritik, egungo artista zein musikari ororentzat biniloa merchandisingaren parte bihurtu da.
Biniloaren bizirautea seguru da
Urdulizeko fabrikan minuturo bi disko ekoizteko gaitasuna du Press Play Vinylek, guztira egunean 6.000 disko direlarik, urtean milioi bat gutxi gorabehera. Bizpahiru langile hasi baziren ere, egun hamar dira fabrikan, eta Euskal Herriko zein nazioarteko artista ugariren doinu zein ahotsak binilotan ondu dituzte, hala nola El columpio Asesino, Sutagar, Zetak, Izaro, Rosalia, C Tangana edota Nathy Peluso. Hori gutxi balitz, iraganean plazaratutako diskoen berrargitalpenak ere burutzen dituzte, Julio Iglesiasenak edota Negu Gorriakenak kasu.
Urdulizeko fabrikan minuturo bi disko ekoizteko gaitasuna du Press Play Vinylek, guztira egunean 6.000 disko direlarik
Diskoetxe, musika talde zein argitaletxe handienen eskaerak jaso, eta formatu zein tamaina askotariko biniloak ekoizten dituzte. “Aurrekontua gauza askoren arabera aldatu daiteke: grafikako elementuak, diskoaren pisua, beltzean edo koloretan den, etab. Baina ehun diskoko eskaera batean 12 euro inguru balioko luke unitateak gutxi gorabehera”.
Binilo fabrikatzaileak dionez, orain arte merkatuan zegoen eskarirako ez da binilo eskaintza nahikorik egon. Hala eta guztiz ere, orain merkatua zertxobait geldiagotzen ari dela aitortu du. Hala, etorkizunean bilakaera apaltzen bada ere, biniloa jada ez da desagertuko. Salbu dela esan daiteke.