Erlerik gabe ez dago fruiturik

Erleak pixkanaka desagertzen hasiak direla ohartarazi dute erlezainek, horrek gizakiongan izango lituzkeen ondorio negatiboak azalduz. Erleen Nazioarteko Eguna izaki, polinizatzaileak babesteko deia luzatu dute

Euskal erle beltza | Argazkia: Balerdipeko Erleak Euskal erle beltza | Argazkia: Balerdipeko Erleak

Nazio Batuen Erakundeak maiatzaren 20a Erleen Nazioarteko Egun izendatu zuen 2017an, polinizatzearen garrantziaz eta, oro har, gure planetaren kontserbazio ekologikoan erleek duten garrantziaz ohartarazteko. ‘Erleekiko konpromisoa: polinizatzaileak errespetatzen dituen nekazaritza ekoizpen baten alde’ lelopean, 2023ko Erleen Nazioarteko Egunak polinizatzaileei mesede egingo dien nekazaritza ekoizpen baten alde jarduteko deia luzatu du. Erleak babestearen garrantzia azpimarratu du, zenbait arrazoirengatik arriskuan daudelako eta gutxitzen ari direlako. Horrek zer ondorio izan ditzake? Erleak desagertuz gero, gizakiok ere arazo handiak izan ditzakegula.  

Erleen arazo nagusietako bat pestizida da, zuzenean pozoitu egin daitezkeelako, edo zeharka eragin diezaieketelako polen kutsatua kontsumitzen dutenean. Ikerketek frogatu dutenez, pestizidek erleek nabigatzeko duten trebetasunari eragin diezaiokete, eta horrek eragin negatiboa izan dezake elikagaiak aurkitzeko duten gaitasunean. Esaterako, glifosatoak, Roundup herbizidaren osagai aktiboak, kalte handiak eragin dizkie mundu osoko erleei.

Mattin Jauregi: “Liztor asiarrak izugarrizko kaltea eragiten die, eta lana asko oztopatzen die erleei. 2022an, esaterako, Gipuzkoako erlauntzen %60 galdu zen liztor honen ondorioz”

Baina ez da erleek duten kezka bakarra. “Barroa izeneko akaroak ere nahiko buruhauste eragiten dizkio erleari. 80. hamarkadan iritsi zen Euskal Herrira eta ez dago erleari akaro hori kentzeko inolako tratamendurik. Behin kutsatuta, erleari ahalik eta kontrol gehien egiten saiatu behar da, akaroak pasara handia eman ez diezaion”, azaldu du Mattin Jauregi erlezainak. Balerdipeko Erleak-en sortzaileetako bat da bera, Inaxio Arinekin batera, eta Euskal Herriko erle beltzarekin egiten dute lan. Hain zuzen ere, arraza horrek badu beste mehatxu bat ere: “Liztor asiarrak izugarrizko kaltea eragiten die, eta lana asko oztopatzen die erleei. 2022an, esaterako, Gipuzkoako erlauntzen %60 galdu zen liztor honen ondorioz”, gogoratu du Jauregik. Horiek dira erlearen aurkaririk gogorrenak, baina monolaborantzak, kutsadurak, eta klima aldaketak ere kalteak eragiten dizkiete. “Azken batean, landareen loratzearen sinkronizazioa alda dezakete, eta horrek erleentzako elikagai eskuragarritasun txikiagoa ekar lezake”, ohartarazi du.  

Eta erleak desagertuko balira?

Arazo horien ondorioz, erleen populazioa pixkanaka beherantz doa, eta horrek zenbait ondorio garrantzitsu ditu. Garrantzitsuena polinizazioa da, erleek zeregin kritikoa dutelako landareen polinizazioan, landare asko, elikagai laboreak barne, erleen mende daudelako ugaltzeko. Erleak desagertuko balira, eragin nabarmena izango luke elikagaien ekoizpenean.

“Erleen faltak denborarekin guretzat beharrezkoak diren lehengaiak galtzea ekarriko luke”

Jauregik dioenez, “polinizazioa funtsezko mekanismoa da ekosistemen jarraitutasuna bermatzeko, eta funtsezkoa da labore eta basa landaredi ugari sortzeko eta betikotzeko”. Hala, lore landareen %90 inguruk polinizazioa behar du ugalketarako; elikagaien laboreen kasuan %75ek; eta laborantza lurren %35 dago polinizazioaren mende. Polinizatzaileek funtsezko rola dute elikagaien segurtasuna bermatzeko, eta, horrez gain, euren presentzia funtsezkoa da biodibertsitatea babesteko. Izan ere, erleek biodibertsitateari ere laguntzen diote, beste fauna espezie batzuentzat habitatak sortzen dituzten landareak polinizatzen baitituzte. Erleak galtzeak, beraz, biodibertsitatea galtzea ekar lezake. “Erleen faltak denborarekin guretzat beharrezkoak diren lehengaiak galtzea ekarriko luke”, azaldu du kezkaz Balerdipeko erlezainak.

Erleen biziraupena bermatu behar da laboreetan 533.000 milioi euroko galerak saihestu ahal izateko

Baina, erleak gutxitzeak biodibertsitatean bakarrik ez, ekonomian ere eragin zuzena izango luke. Boston Consulting Group aholkularitza enpresak egindako ikerketa baten arabera, polinizazioa galduz gero, ekoizpen globala %2,3 eta %10 artean jaitsiko litzateke. Ondorioz, erleen biziraupena bermatu behar da laboreetan 533.000 milioi euroko galerak saihestu ahal izateko. Erlezainen aholkuei jarraituz, erleak eta beste polinizatzaile batzuk babesteko, garrantzitsua da pestizidak modu arduratsuan maneiatzea eta erabiltzea, baso eta lore habitatak kontserbatzea, eta erleen parasitoei eta gaixotasunei aurre egitea.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK