
Aizkorrin ur-arrastoa. Goierrin erreka. Beterrin ibaia. Orion errioa. Horixe da Oria sinpletasunean. Bere izateko modua aldatzen du Gipuzkoako hemeretzi herrietatik egiten dituen 82 kilometroko ibilbidean. Zegaman hasi eta Orion itsasoratu. Luzea. Ederra. Bakarra. Magikoa da Oria.
Ibilbide naturala jarraituz Donostian itsasoratu beharko luke Oriak. Izan ere, ohikoena da, hegoaldetik iparralderako bidea egitea ur emariek. Oriak, ordea, logika hori bete-betean hausten du. Lasarte-Oria parean ekialdetik mendebalderako bidea hartzen du, Oriamendi mendi magalarekin topo egin ostean. Horra hor norabide aldaketaren sorburua. Historia eta istorioena. Bizimodua eta jakintzarena.
Ibilbide naturala jarraituz Donostian itsasoratu beharko luke Oriak. Izan ere, ohikoena da, hegoaldetik iparralderako bidea egitea ur emariek. Oriak, ordea, logika hori bete-betean hausten du.
Ibaia errio bilakatzen da ingurune horretan. Izaera berezia hartzen du. Aldaketa erabatekoa da. Fauna eta flora itxuraldatzen dira. Giza jarduera bestelakoa da. Arrantza. Ontziolak. Burdinolak. Kultura. Nortasuna. Harrotasuna. Hori eta gehiago da Oria.
Ezin ulertu daiteke erriorik gabeko Orio. Ezta Oriorik gabeko erriorik ere. Errioa etxea da oriotarrentzat. Gazia eta geza. Berdingabea. Patxadarako lekua. Oriari bizitza eman dio “Errio” dokumentalak. Urte askotan ezkutuan eta isilpean egon diren historia, istorio eta kontakizunak ur azalera atera ditu. Paladaz palada.
“Errio”: dokumental eta azterlan
Orioko Udalaren ekimena da “Errio”. Ibon Gaztañazpi kazetari eta arraunlari ohiak zuzendu du dokumentala. Bera da proiektuko lemazaina. Zuzendaria. Nagore Urdapilleta, aldiz, protagonista, Oria ibaian gora abiatu den arraunlaria. Xabier Alberdik, historian doktoreak eta Itsas Museoko zuzendariak, zaindu du zorroztasun historikoa. Xabier Etxeberriak idatzi du gidoia eta Beñat Gerekak egin ditu errealizazio lanak. Animazioa, aldiz, Kote Camachok egin du eta, musika, Paula Olazek. Tripulazio bikaina osatu dute dokumentalaren ekoizpenerako. Olatu aparretan dira.
Ordubete inguruko iraupena duen ikus-entzunezkoak Orioko herrian dagoen historia kontatzen du. Dokumentalak Orioko eta inguruko itsas ondarea balioan jartzea du helburu. Ikertu, jakin zer dagoen, hurbildu eta ikus-entzunezko bat ekoitzi. “Ikerketa lan asko egin dugu. Dokumentala ia bi urteko azterlanetik sortutako emaitza da”, zehaztu du zuzendariak.
Ibon Gaztañazpi: “Historia ere bada gure aurrekoek lupiak nola arrantzatzen zituzten jakitea, baratzean nola egiten zuten lan, abarkak nola egiten zituzten”
Dokumentala hurbilketa bat baino ez da. Gauza asko topatu dira. Historia eta istorio potoloak deskubritu dira. Hautatu egin behar izan dute. Errioa soinu banda baten antzekoa da eta dozenaka melodia entzun dituzte errio bazterrean. “Ez da lan erraza izan jasotako guztia ordubetera eramatea. Kanpoan asko gelditu da. Ahalik eta ikus-entzunezko orekatuena egiten saiatu gara”, nabarmendu du Gaztañazpik.

Kontzientzia piztu. Orioko herria nondik datorren ezagutarazi. Orio zer den eta zein altxor dituen erakutsi. Historia ez baita soilik H hizki larriz idazten dena. “Historia ere bada gure aurrekoek lupiak nola arrantzatzen zituzten jakitea, baratzean nola egiten zuten lan, abarkak nola egiten zituzten”, adierazi du Gaztañazpik. Bizimoduaren berri ematea ere historia da.
Dokumentalak Nagore Urdapilleta du protagonista, Bidania eta Beizama arteko baserri batean jaiotako arraunlari gaztea. Orioko barran hasi eta Mapilera bitarte igo da arraunean. Bidean, errio zulo bakoitzean, pertsona desberdinekin egin du topo: ikerlariak, historialariak, arrantzaleak, saregileak, natura… Hamaika herritarren esanak bildu ditu. Errioko historia, istorioak eta leku berdingabeetan murgiltzen du ikuslea.
Dokumentalak Nagore Urdapilleta du protagonista, Bidania eta Beizama arteko baserri batean jaiotako arraunlari gaztea. Orioko barran hasi eta Mapilera bitarte igo da arraunean. Bidean, errio zulo bakoitzean, pertsona desberdinekin egin du topo: ikerlariak, historialariak, arrantzaleak, saregileak, natura…
Geldialdi bakoitzean jaso du zerbait. Finean, elkarrizketatu duen pertsona bakoitzak mundu berri bat ezagutzera eraman du Urdapilleta. Erabat aberasgarria izan da. “Inoiz hausnartu gabeko tokietara eraman naute elkarrizketatuek. Guztietatik jaso dut irakaspen bat. Nire egunerokoan ematen diren gauza asko birplanteatu ditut”, azaldu du Urdapilletak.
Harrera ona
Ikus-entzunezkoak harrera ona izan du herrian. 700 pertsona inguru biltzea lortu zuten estreinaldian. Orioko kiroldegia leporaino bete zen. Durangoko Azokan, Aginan eta Usurbilen ere porturatu da “Errio”. Orain, errepideetatik, basoetatik, herrietatik, itsasoetatik edota errioetatik barrena arraun egin nahi du dokumentalak. Jaialdien eta herriz herriko geldialdien olatua hartzeko prest da.

Ahalik eta jende gehienak ikustearekin egiten dute amets. Ez dute helburu berezirik, baina ikusten duen pertsona ororengan eragitearekin konforme dira. “Ikusleek beren inguruan duten historiari erreparatuko baliote gustura geldituko ginateke”, azpimarratu du dokumentaleko protagonistak. “Guk Orion hau egin dugu. Zuek zergatik ezin duzue zuen herrian hau egin?”, gehitu du Gaztañazpik. Norbanakoen pentsamenduak astindu eta piztu nahi dituzte.
Orio ulertzeko giltzarri
Dokumentala inflexio puntu bat izan da bientzat. Barruak mugitu dizkie. Orio beste begi batzuekin ikusten dute orain. Betaurreko eta perspektiba berrietatik. Desberdin. “Ez dakigu non bizi garen. Ez gara jabetzen mendez mende transmititu den kultura baten azken lekuko garela. Ardura hori badugu herritar bezala.”, azpimarratu du dokumentaleko zuzendariak.
Geldialdi bat egiteko aukera eskaini die. Egunerokoan dabiltzan tokietan dagoenaz jabetu dira. Historialariek eta adituek, Rhin edo Tamesis ibaien pare jartzen dute Oria. Rotterdam edota Londres bezalako hiri handietan garatu zen jarduera ekonomikoaren pare. Handia da hori. Burdingintzan eta ontzigintzan erreferente bilakatu da Oria. Orio izan du hori guztiaren testigu. “Ia ezinezkoa da errioaren eraginik jasan ez duen oriotarrik topatzea”, gehitu du Gaztañazpik.
Historialariek eta adituek, Rhin edo Tamesis ibaien pare jartzen dute Oria. Rotterdam edota Londres bezalako hiri handietan garatu zen jarduera ekonomikoaren pare. Handia da hori. Burdingintzan eta ontzigintzan erreferente bilakatu da Oria
Altxor izugarriak daude Orion eta Orian. Historia eta istorio paregabeak. Historiaurrean errio inguruko zonaldeak okupatu zituzten gizakiek. Altxerriko kobazuloa da horren erakusle: bertan topatu dira Europako animalien irudi zaharrenetarikoak. Halaber, burdinolak ere sortu ziren edota merkataritzak bultzatu zuen herriaren sorrera. Bale arrantza eta ontzigintza ogibide izan ziren oriotarrentzat. Baserritarren rolak garrantzia izan zuen herrian. Errioak emana.
Itsas ondarea da oriotarren nortasunaren parte garrantzitsuena. Gaur egungo Orio ulertzeko ezinbesteko giltza. Oriotarren bizitzako parajea da Oria. Pausa bat egiteko toki bat. Lasaitasunerako lekua. Historiaz kargatua eta naturalki pribilegiatua. Errioa.