Etxe trukaketa, beste turismo eredu bat

Ohiko turismo ereduetatik aldenduz, gero eta jende gehiagok egiten du etxe trukaketaren aldeko hautua. Oporretarako aurrekontua merkatzeaz gain, turismo jasangarriagoa sustatzeko modua da

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Bizilekutik aldenduz beste toki batzuetako bidaien eta egonaldien baitan egindako jarduerak biltzen ditu turismoak. Kontu zaharra da, gizakiak alde batetik bestera mugitzeko baliabideak eta horiek eskuratzeko erosahalmena izan zuenetik egin baitu turismoa, eta egun, sekula baino garatuago dagoen negozio eredua dela esan daiteke. Munduko Turismo Elkartearen arabera, iaz 900 milioi nazioarteko turista zenbatu ziren mundu osoan. Sekulako zifra izanda ere, pandemiatik erabat berreskuratu gabeko merkatua da, izan ere, aurretik, 2019an zehazki, 1.500 milioi pertsonek egin zituzten egonaldiak euren etxeetatik kanpo.

Turismo jardueraren aldi oparo honetan, eskariaren ordezkari turista kopurua baldin bada, eskaintzaren ordez hotel, ostatu, apartamentu turistiko, kanpin eta beste mila egonaldi eredu aurki daitezke. Turista bakoitzak bere interesetara egokitzen den aukera hautatu ohi du, erosahalmena, denbora, bidaiari kopurua eta beste hainbat faktore kontuan hartuz.

Hala, hotelak edo ostatuak gehienen lehen hautua izaten jarraitzen badute ere, askok beste eredu batzuk aukeratzen dituzte, izan merkeagoak direlako, gustukoagoak dituztelako edo, zergatik ez, turismo jasangarriago bat sustatu nahi dutelako.

HomeExchage eta Intervac

Etxeen trukaketa da aukera horietako bat, beste baten etxean denbora batez egotea, trukean zeurea besteei utziz hain zuzen. Dirua aurreztu eta turismo eredu jasangarriago bat sustatzeaz gain, norbanakoaren oporrak ez ezik beste herrialde batekoenak antolatzeko erraztasunak eman ditzake etxe trukatzeak. Gazteen artean asko zabaltzen ari den eredua da eta gero eta plataforma eta enpresa proiektu dira merkatuan jarduera mota hau jorratzen hasi direnak.

Segur aski, guztietan ezagunena HomeExchange plataforma da, mundu mailako liderra baita merkatuan eta 30 urte baina gehiago daramatza mundu osoko etxeen elkartrukeak kudeatzen. Plataforma estatubatuarra bada ere, 2011an GuesttoGuest plataforma frantziarrarekin batu zen, mundu mailako liderra bilakatuz eta, egun Emmanuel Arnaud eta Charles-Edouard Girard dira jabeak.

120.000 erabiltzaile ditu HomeExchangek 130 herrialde baino gehiagotan, gehienak espainiarrak (ia 18.000 erabiltzaile) eta Frantzia da bigarren merkatua

120.000 erabiltzaile ditu HomeExchangek 130 herrialde baino gehiagotan, gehienak espainiarrak (ia 18.000 erabiltzaile) eta Frantzia da bigarren merkatua. Plataformaren datuen arabera, 2023ko lehen seihilekoan 254.017 gau igaro dituzte erabiltzaileek, iazko epe berean baino %46,7 gehiago. Hala, azken urteotan datu historikoak izaten ari da plataforma –pandemian salbu– eta urtea inoizko datu onenekin itxiko dutela uste dute, izan ere, bigarren seihilekoan izaten da turista mugimendu handiena, uda tartean delarik. Iaz, 600.000 gau baino gehiagorekin itxi zuten urtea. Halaber, urtean 150 euro balio du HomeExchangeko harpidetzak, eta 450.000 etxe eskaintzen dituzte egun.

Intervac da etxe trukaketan beste erreferentziazko plataforma bat. Are gehiago, aitzindariak dira turismo modelo honen sustapenean, 1953an hasi baitziren zenbait irakasle etxe trukaketak egiten Europa osoan zehar. 30.000 bazkide ditu egun Intervacek eta 45 herrialdeetako eragileekin egiten dute lan. Urteko harpidetza 130 eurokoa da erabiltzaileentzat.

Hazten ari den eredua

Arestian aipaturiko abantailaz harago, tokiko kulturan, ekonomian nahiz bizimoduan barneratzeko modua da turismo eredu hau. Bertako jendea bezala bizi baitaiteke bat, hotel batean baino askeago, eta bertako hiritarrekin bizitzeko parada ematen du. Etxe trukaketa bultzatzen duten plataformek beste hainbat abantaila ere nabarmentzen dituzte, hala nola, maskota eraman ahal izatea edota umeak ere etxe propioan bezala bizi ahal izatea.

Bestalde, eredu honek ere nolabaiteko konfiantza eskatzen du bi aldeen partetik, izan ere, plataforma hauetako askotan ez da inolako kontratu edo antzeko dokumentu ofizialik izenpetzen. Dena den, nolabaiteko mekanismo batzuk ezartzen dira eta erabiltzaileak baldintza batzuk bete behar ditu negozioaren fidagarritasuna bermatzearren.

Luxuzko etxebizitzetara ere iritsi da negozio modelo hau, ThirdHome plataformaren eskutik, besteak beste

Hortaz, turismo ereduaren abantailak desabantailak baino sendoagoak direla ikusita, eta apartamentu turistiko zein hotelen prezio igoerak bultzatuta, etxe trukaketaren aldeko hautua areagotzen ari da merkatuan. Hartara, eskaintza handitzea ere ekarri du halabeharrez, eta geroz eta plataforma gehiago azaldu dira merkatuan, Home for Home, Loveswap, CircleHome, Truekecasa eta TrustedHouseSitters esaterako.

Hori gutxi izango balitz, luxuzko etxebizitzetara ere iritsi da negozio modelo hau, ThirdHome plataformaren eskutik, besteak beste. Alabaina, plataforman erabiltzaile izateko etxebizitzak 500.000 dolarreko balioa izan behar du gutxienez, eta tartean XIX. mendeko gaztelu eskoziar bat edo Belizeko uharte pribatu bat aurki daitezke.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK