Euskal bizikleta marken rankinga fakturazioaren arabera

Nazioartean aski ezagunak diren zenbait bizikleta marka Euskal Herrian sortuak dira, Orbea edo BH, esaterako. Aitzitik, ez dira gurean eratutako enpresa bakarrak. Badira errepide, pista, gravel edota paseorako bizikletak egiten dituzten beste enpresa batzuk ere

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Euskal Herrian txirrindularitzarekiko dugun tradizioa ez da soilik islatzen errepideak eta haien ertzak txirrindulari eta zaletuz betetzean. Garraiobidea bera sortzen ere aditu izateak erakusten du nolabait lurraldeak bizikletarekiko izan duen grina. Hala, jarraian, egun Euskal Herrian bizikletak fabrikatzen dituzten hainbat enpresen rankinga egin dugu euren fakturazioa kontuan hartuz:

Orbea

Markarik ezagunena akaso, kasik bi mendeko historia du Orbeak. Izan ere, 1840an sortu zen Eibarren Orbea Hermanos izenarekin. Lehen mundu gerra arte armak fabrikatzen zituen enpresa, gero makina-erramintara pasa, eta azkenik bizikletak egiten dituen kooperatiba eratu zen 1969an, egoitza Mallabian ezarririk. Egun, Mondragon taldeko parte da kooperatiba, 700 langile baina gehiago ditu, eta iaz 400 milioi euro inguru fakturatu zituen, zortzigarren urtez jarraian negozio-zifra handituz. Gainera, Orbeak gaur saltzen dituen produktu guztien %80 baino gehiago esportazioak dira. Errepideko, mendiko, gravel, hiriko zein txirrindu elektrikoak egiten ditu. Goi mailako txirrindulari talde ugarik eraman izan dute Orbea bizikleta lasterketetan, tartean, Euskaltel Euskadik. Txirrindulari talde profesional bateko babesle nagusia ere izan ziren duela hamar bat urte arte.

BH

Orbea bezala, BHren jatorria armagintza eta Eibarrekin lotuta dago. 1909an sortu zuten enpresa armaginen herrian Juan, Domingo eta Cosme Beistegui anaiek. Beistegui Hermanos (BH) izena jarri zioten, eta 1923 arte armak egiten zituzten. Horiek utzita, bizikleten ekoizpenari ekin zioten, lantegiak txirrindularitza taldea sortu zuen garai berean. 1930eko hamarkadan bizikleta marka ezagun bezala egonkortu zen BH, eta txirrindularitza lasterketak antolatu eta talde profesional propioa zuten. Hala, Espainiako Bueltaren historiako lehen bi ekitaldiak (1935-1936) BH taldeko Gustaf Deloorrek irabazi zituen. 1959an, enpresa Gasteizera mugitu zen, eta egun bertan du egoitza. Errepidekoaz gaiz, mendi, gravel eta bizikleta elektrikoak egiten dituzte, eta 2021ean sekula izandako fakturazio datu handiena eskuratu zuten (60 milioi euro), azken urteotako gorako joera berretsiz. Goi mailako zenbait kirolari babestu ditu markak, Eneko Llanos triatleta gasteiztarra besteak beste, eta Burgos BH txirrindulari talde profesionalaren babesle nagusia ere bada egun.

Conor

1990an, Eguesibarren sortutako bizikleta enpresa da Conor. Ignacio Orbaiceta 1940ko hamarkadako txirrindulari historikoaren Javier anaiak eratu zuen, familian zuten txirrindularitzako zaletasuna islatuz. Aurretik, Bicicletas G.A.Ceko (Garate, Anitua y Compañia, Eibarreko beste bizikleta enpresa bat 2003an itxia) banatzailea izan zen Orbaiceta. Hala, hasieratik familia enpresa izan, eta modu berean jarraitzen du egun, Javier Orbaizetaren zortzi seme-alabetatik gehienek enpresan egiten baitute lan. 24 langile dira, eta 11,3 milioiko fakturazioa izan zuten iaz. 70 bizikleta modelo egiten dituzte Eguesibarren duten 3.500 metro karratuko fabrikan, eta azpikontratatutako plantak dituzte Portugalen, Turkian edo Txekian.

Metta Bike

Askoz enpresa gazteagoa da laugarrena. Metta Bikes 2008an sortu zen Zarautzen, eta harrezkeroztik, era guztietako bizikletak ondu dituzte gaur arte. Bizikleta pertsonalizatuak egiten dira espezialistak. Hala, bai maila tekniko nahiz estetikoan bezero bakoitzera egokitutakoak egiteko gai dira, eta sortu zirenetik ez dituzte sekula bi bizikleta berdin egin. Gama erdi-altuko bizikletak egiten dituzte batik bat, eta Orbea eta BH ez bezala, ez dute talde profesionalekin lanik egiten. Triatloian aritzen diren askok jotzen dute haiengana. 2021ean, 400.000 euro inguru fakturatu zituen enpresa txikia da.

Goka

Gipuzkoako kostaldean sortutako beste bizikleta fabrikatzaile txiki bat da Goka, Donostian hain zuzen, 1993an. Errepideko karbonozko bizikletak egiten hasi zuten ibilbidea eta “kadentzia hartuz” eta tropelean bizikleta zaleak areagotu zirela ikusita, produktu gama zabaltzen joan da 30 urte hauetan. Hala, mendiko edo paseorako bizikletak ere egiten dituzte, eta Espainiako hainbat lekutan dituzte salmenta puntuak. Nazioartera begira ere badaude, eta 30.000 euro inguru fakturatu ditu azkeneko urteetan.

Beste bizikleta marka batzuk

Bizikletak modu artisauean egiten dituzten bi enpresa marka dira, esaterako, Egurra Bikez eta Amaro Bikes. Lehenengoaren kasuan, izenak dion gisan, egurrezko bizikletak egiten dituzte Basaurin kokatutako lantegian. 30 urtez egurraren sektorean lan egin ostean, bizikleten munduan sartzea erabaki zuten egurrezko koadroak eginez. Urban izeneko koadro horiek bezeroak eskatzen duen neurrira ontzen dituzte.

Amaro Bikesek berriz, egurra beharrean, altzairua erabiltzen du bizikletak eskuz egiteko. Aimar Fraga da Amaro Bikesen atzean dagoen artisaua. Bilbon du enpresa, eta errepide, mendi eta hiriko bizikletak egiten ditu.

Eta egun bizirik irauten ez badute ere, ezin aipatu gabe utzi Altsasun 1969an sortutako Razesa eta jada desagerturik dauden arestian aipatutako G.A.C Bicicletas eta Eibarren duela ia mende bat sortutako Bicicletas Zeus.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK