Futbolean nola, enpresetan hala?

Konpromisoa, pertsonak ulertzea, eta komunikazioa gako dira Gaizka Garitano Eibarreko entrenatzailearen ustez taldeen gidaritzarako. Hala nabarmendu du Ekonomistakek antolaturiko solasaldian

Gaizka Garitano (eskubian) Joseba Barandiaran Ekonomistakeko presidenteordearekin hizketan | Argazkia: Ekonomistak Gaizka Garitano (eskubian) Joseba Barandiaran Ekonomistakeko presidenteordearekin hizketan | Argazkia: Ekonomistak

Kirolari lotutako jarduera beste esparru askorekin alderatu ohi da. Besteak beste, kirol taldeen kudeaketak badu antzekotasuna enpresa bat kudeatzearekin. Izan ere, biek ala biek behar dute antolaketa, eta guztiaren buru izango den liderra, baita soft edo gaitasun bigunak ere. Partekatzen duten hori abiapuntu hartuta, Gaizka Garitano Eibar Kirol Elkarteko entrenatzaileak Taldeen gidaritza: arrakastarako gakoak solasaldian parte hartu berri du Bilbon Ekonomistak Euskal Ekonomisten Elkargoko Euskara Batzordeak antolatuta, eta Joseba Barandiaran elkargoko presidenteordeak gidatutakoa.

Taldeen kudeaketan, Garitanok argi du beste ezeren aurretik kontuan izan beharrekoa: "jokalari izan aurretik, pertsonak dira. Eta ezin dituzu denak modu berean tratatu errendimendua ateratzeko. Lehenik ezagutu egin behar dituzu, ez bakarrik futbolari bezala, baizik eta pertsona bezala: non bizi diren, zer ari den pasatzen bere burutik, zer momentutan dagoen bere bizitzan". Horretarako, etengabeko elkarrizketak izatea ezinbestekotzat jo du Eibarreko entrenatzaileak, eta elkarrizketok pertsonak bakoitzak behar izan dezakenaren arabera egokitu. Adibidez, albiste txar bat ematean batzuk azalpen gehiago beharko dituzte, eta beste batzuk gutxiago.

Hain zuzen ere, pertsonen esparruan sortzen dira erronka nagusiak. "Gauza asko izan behar baitira buruan futbol talde bat zuzentzeko —taktika, metodologia...—. Baina beharbada gure buruhauste handienak pertsonekin dira; nola lideratu talde bat, eta nola jokatu psikologikoki".

Konpromisoa hauspo

Alderdi psikologiko hori kudeatzeko moduan eragin zuzena izango du konpromisoak. "Talde edo enpresa bat aurrera eramateko garaian, alde gehiena konpromisoan dago, zein puntura arte dauden jokalari edo langileak konprometituta proiektu batekin, lider batekin, edo talde batekin aurrera egiteko", adierazi du Garitanok. Esaterako, jokatzen ez duten jokalariekin —enpresetan, ezkutuko lanak egiten dituztenak— sor daitezke zailtasunak. "Batzuek talde konpromiso handiagoa dute, eta horrek eragiten du. Beste batzuek ez dute ulertzen, kontratuetan ere aldea dagoelako. Nire burukomin handiena izan ohi da nola harremandu jokatzen ez dutenekin, nola mantendu motibatuta", gaineratu du bilbotarrak.

Horren irtenbidea zein den, ordea, argi du. "Eurak motibatuta mantentzeko, nik hobetu behar dut. Trebetasun batzuk izan behar ditut, batzuk berezko izango ditudanak, eta beste batzuk garatu beharko ditudanak".

"Talde edo enpresa bat aurrera eramateko garaian, alde gehiena konpromisoan dago, zein puntura arte dauden jokalari edo langileak konprometituta proiektu batekin"

Berezko liderren kudeaketa izaten da jorratu beharreko beste alderdi bat. "Talde edo enpresa batera iristen zarenean laster konturatzen zara lider naturalak nortzuk diren. Eta lidergo horiek jarri behar duzu taldearen zerbitzura. Mota batzuk oso onak izango dira taldearen dinamikarako, eta beste batzuk ez hainbeste", plazaratu du.

Komunikazioa, gako

"Goizero jende askoren aurrean hitz egin behar dut. Nola izango ez da, bada, garrantzitsua, zer esaten dudan, nola esaten dudan, edo nola nagoen ni. Azken horren arabera ere jokatuko dute", nabarmendu du Garitanok. Gainera, komunikazioa berezko gaitasun izan badaiteke ere, ikasi beharreko zerbait dela uste du, taldea aurrera eramateko.

Horrekin batera, komunikatzeko forma bera ere aldatu egin dela dio Eibarreko entrenatzaileak: "irudiak jarri behar dituzu. Gaur egun ez daude prest sekulako txapa jasotzeko. Deskonektatu egiten dute. Beste aro baten gaude. Informazioa nola zuzentzen dugun aldatu behar dugu".

"Goizero jende askoren aurrean hitz egin behar dut. Nola izango ez da, bada, garrantzitsua, zer esaten dudan, nola esaten dudan, edo nola nagoen ni"

Horrekin batera, teknologiei esker, sekulako aurrerapausoa eman da datuen analisian. "Programa desberdinak erabiltzen ditugu partiden, taldeen, jokalarien ezaugarriak ikusteko. 250 orriko txostenak izaten ditugu, agian. Baina 250 orri horiek talde guztiek ditugu. Garrantzitsuena hortik da ikustea zer hartu eta zer deuseztatu behar duzun", esan du Garitanok. Hori da, beretzat, datuen benetako balioa.

Emaitzak, eredugarritasunaren gainetik

Azken urteetan, enpresetan emaitzak lortzeaz harago, garrantzia lortu du emaitzak lortzeko moduak, esaterako, erantzukizun sozialak. Horri lotutako galdera luzatu zuen Barandiaranek: "Askoz gehiago zaintzen dira laguntza sozialak, hizkuntza, berdintasuna, etab. Eta zaindu behar dira". Hala ere, Garitanoren ustez, bestela, ezer gutxi du futbolak esateko. "Ez dut uste eredugarritasuna asko baloratzen denik. Emaitzak dira gehien baloratzen dena, arlo ekonomikoa. Interes ekonomiko asko daude. Egia da jende asko dago eredugarri futbolean, baina futbola bera ez dugu zerbait eredugarri bezala jarriko", nabarmendu du.

"Futbolean, egun, astero jokatzen duzu postua. Gero eta presa gehiago dago.[...] Bestelako enpresa batekin alderatzen baduzu, ez dut esango epe luzerako proiektuak direnik, baina denbora pixka bat edukitzen da"

Enpresen eta futbol enpresen arteko beste alde garrantzitsu bat kontratuen iraupenean dago. "Futbolean, egun, astero jokatzen duzu postua. Gero eta presa gehiago dago. Emaitzak behar dira, ez dago pazientziarik. Oso zaila da aurkitzea proiektu bat pazientzia pixka bat duena, batez ere gizonezkoen futbolean. Bestelako enpresa batekin alderatzen baduzu, ez dut esango epe luzerako proiektuak direnik, baina denbora pixka bat edukitzen da", adierazi du Garitanok.

Kritiken erronka

Futbolean ohikoa izaten da zaleek entrenatzaileen erabaki nagusiak kritikatzea. "Edozein enpresetan gertatzen da hori. Bazkaltzera goazenean, nagusiaz hizketan arituko gara", jarri du adibide bezala Eibarreko entrenatzaileak. Horretarako, norberaren burua "kudeatzea" garrantzitsua dela nabarmendu du, behintzat zure buruarekin lasai egoteko.

Futbolean ohikoa izaten da zaleek entrenatzaileen erabaki nagusiak kritikatzea. [...] Horretarako, norberaren burua "kudeatzea" garrantzitsua dela nabarmendu du, behintzat zure buruarekin lasai egoteko

Horrekin batera, nagusiek kritika gehienak eraman ohi dituztela ere gogorarazi nahi izan du. "Enpresetan ikusten da: azpimarratzen da nagusiak gehiago kobratzen duela, hobeto bizi da... Baina baditu bere ardurak eta momentu txarrak ere", gaineratu du. Edozein kasutan, ogibidea erabakitakoa denez, zera azaldu du: "ez du balio kexatzea gauzak ondo ez doazenean; guk aukeratu dugu gure ogibidea".

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK