
Iritsi dira Gabonak. Jantzi dira kaleak. Lantegiak. Tabernak. Dendak. Etxeak. Ikastetxeak. Aldatu da paisaia eta estetika bisuala. Argiak eta zuhaitzak. Figurak eta apaingarri bereziak. Nonahi eta noiznahi.
Gabonak gaztainen aroa dira. Hotzaren aldia. Gabonetako parkeen garaia da. Herrietan zein hirietan txikienei bideratutako ekintzak dira nagusi. Asko eta askotarikoak. Bilboko Umeen Gabonetako Parkea eta Donostiako DonoSTEAM Parke Teknologikoa dira horren erakusle.
Denbora-pasarako bitartekari izateaz haratago, ikasteko, irudimena eta adimena garatzeko eta gizarte-balioak lantzeko tresna bilakatu nahi dute gabonetako haur parkeek
60 urteko ibilbidea du lehenak, aurtengoa 58. edizioa bada ere, 2020 eta 2021ean ez baitzen egin. Bigarren edizioan murgilduko da bigarrena. Denbora-pasarako bitartekari izateaz haratago, ikasteko, irudimena eta adimena garatzeko eta gizarte-balioak lantzeko tresna bilakatu nahi dute; ezagutza espektroak zabaldu jolasaren bidez.
BECen dibertsioa balioekin
Abenduaren 14an zabaldu zituen ateak Bilboko Umeen Gabonetako Parkeak. Dibertsioa balioekin lelopean, datorren urtarrilaren 5era arte, BEC Bilbao Exhibition Centre haurren, gazteen eta familien topagune nagusi bilakatu da. “Gabon egunetan, familiarekin edota lagunekin, une dibertigarriak eta gogoangarriak pasatzeko espazioa da parkea”, azpimarratu Arrate Tellaetxek, Bilbao Exhibition Centreko unitate zuzendariak.
Orotara, hiru pabiloi barne hartzen ditu parkeak eta ekintzen arabera antolatuta dago. “Parkea Espainiar estatu mailako zaharrena, handiena eta luzeena da”, nabarmendu du Tellaetxek. Atrakzioak, kirola eta STEAM gunea. Eskaintza handia eta oparoa.

Elkartasuna. Jasangarritasuna. Bizitza osasungarria. Berdintasuna. Familia eta gizalegea. Balio horiek sustatzea du helburu, jarduera, jolas, txapelketa eta lantegien bitartez. “Antolatzen den jarduera oro balio horiei lotuta dago”, azaldu du.
33 atrakzio ditu BECekoak, tartean piraten parkea edo kangurua, izotz-pista, kart elektrikoak, zezen mekanikoak eta ohe elastikoak, baita familia ikuskizunak eta lehiaketak ere. “Esperientzia zirraragarrien topaleku da parkea. Umeak pozez zoratzen korrika bizian sartzen dira pabiloian. Ederra da haien aurpegiak ikustea”, gaineratu du Tellaetxek.
Kirolean ere murgildu daitezke bisitariak. Kirol berriak eta tradizionalak probatu daitezke: pickleballa, mahai tenisa, saskibaloia, eskubaloia, beisbola edota atletismoa. Kirola gozamenerako eta osasunerako. “Bizitza osasuntsua sustatzen dugu. Kirol ekintzek lekua dute umeen gabonetako parkean”, argitu du.
Berrikuntza nagusia STEAM gunea da, zientziari, teknologiari, ingeniaritzari, arteei eta matematikari eskainitako espazio berritzailea. Interakzio sozialaren eta kulturalaren estimulazioa. Lankidetza, enpatia eta errespetua. "Oso espazio berezia da. Bost diziplina horiekiko interesa sustatu nahi dugu dinamiken eta esperientzia praktikoen bitartez. Ekintza, jolas, aurkezpen eta tailer dibertigarri pila bat daude bertan. Aktibitate handiko gunea da. Gainera, bertan dauden begirale guztiak emakume zientzialariak dira, generoen estereotipoak gainditzen lagundu nahi dugulako", adierazi du.

Zientziaren mundua erakargarri egin. Emakumeak zientziaren mundura hurbiltzen jarraitu. Gazteenen artean diziplina horiek ezagutzera eman eta landu. Beldurrak ezabatu. Oztopoak gainditu. Jolasa bitartekari.
Umeen gabonetako parkea euskaraz bizitzeko eta jolasteko esparru bilakatzea da beren nahia. Umeak euskaraz bizitzearekin egiten dute amets. “Amesten dugun gizartea eraikitzen jarraitu nahi dugu eta horretan lanean dihardugu. Parkea bitartekari bat da bide luze horretan”, nabarmendu du Tellaetxek.
DonoSTEAM, haurrentzako 'parke teknologikoa'
Abenduaren 26an zabalduko ditu ateak DonoSTEAM Umeen Gabonetako Parke Teknologikoak. Bost egunez, abenduaren 30era bitarte, Kursaaleko erakusketa aretoa haur eta gazteentzako zientziaren, teknologiaren, ingeniaritzaren, artearen eta matematikaren elkargune izango da. Ikuspegi ludikoa lantzen dute. Haurrei eta gazteei gehien gustatzen zaien alderdia eskaintzen diete. “Ikasturtean zehar ikastetxeekin aritzen gara elkarlanean eta, hortaz, dituzten beharren jakitun gara”, azaldu du Alberto Asínek, Doplayeko kudeatzaileak.
Tailerrak, workshopak, erakustaldiak, aisialdirako guneak eta lehiaketak. Droneak, simulagailuak, errealitate birtuala, adimen artifiziala, robotika, programazioa, Minecraft, Roblox, ihes gelak, musika edo E-sports txapelketak. “Esperientzia atsegin bat eskaintzea dugu helburu. Parkea hezitzailea eta dibertigarria da aldi berean”, zehaztu du Asínek. Jarduera erakargarriakegin nahi dituzte, erronkak eta lehiaketak motibazio iturri izan daitezen.
Parkean ez dago ibilbide itxi bat. Esperimentazioari zabaltzen zaizkio ateak. Diziplina adina aukera. Norberaren esku dago unibertso berezi honetan barneratzea
Teknika eta logika. Arrazoimena. Pazientzia. Pentsatuz eta hausnartuz burmuina lanean ipini. Ibilbide profesional orotan baliagarri diren gaitasunak landu. “Programatzen ikastea garrantzitsua da, baina programatu duzun horren logika ulertzea are garrantzitsuagoa da. Horretan indar berezia ipintzen dugu”, azpimarratu du.
Parkean ez dago ibilbide itxi bat. Esperimentazioari zabaltzen zaizkio ateak. Diziplina adina aukera. Norberaren esku dago unibertso berezi honetan barneratzea. Bidea hautatzea. Are gehiago, bidean, hartzaileak beti topatzen du zerbait berria. “Jarduera zehatz baten bila etortzen dira asko, baina aurreikusi gabeko ekintzetan murgilduta amaitzen dute. Espero gabeko gauzekin egiten dute topo eta oso aberasgarria da hori”, nabarmendu du Asínek.

Aurreikuspenak onak dira. Harrera ona izan zuen lehen edizioak eta bigarrena ere bide beretik doa. Doplayekoak dioenez, sarreren salmenta abiadura egokian doa, eta jendea errepikatzeko gogoz dagoela nabari da. Lagun artean zein familian bizi nahi dute esperientzia interaktiboa. “Jendeari denbora azkar pasatzen zaio Kursaalen eta, hori, seinale oso ona da”, gehitu du.
Jolasa dute abiapuntu. Haurrak, gazteak eta familiek elkarlanean aritzen dira. “Beren erronkei aurre egiten edota beren asmakizunak garatzen aritzen dira. Ederra da guretzat hori ikustea. Bete egiten gaitu”, gehitu du.
Jolasa dute abiapuntu. Haurrak, gazteak eta familiek elkarlanean aritzen dira DonoSTEAMen
Etorkizunean proiektuaren deszentralizazioarekin egiten du amets. Garaian garaiko oporraldietan ere parkeak lekua izatea. Haur, gazte eta familiak zientziaren, teknologiaren, ingeniaritzaren, artearen eta matematikaren unibertsoan murgiltzen jarraitzea. Urte luzez oporraldien paisaiaren eta estetika bisualaren parte bilakatzea.
Zabaldu dira ilusioz betetako begiradak. Urduritasunez betetako goizak. Gau magikoak. Egun zirraragarriak. Desioak errealitate bilakatzeko uneak. Ametsak egia bihurtzeko momentuak. Umeen garaia iritsi da.