Garbiñe Etxeberria: "Sortu egin behar da, baina horretarako ondo antolatu behar da lehiaketa"

Erreginaren Kopako finalaren atarian, gizonezkoen eta emakumezkoen kirol lorpenak baloratzeko irizpide desberdinak erabiltzen direla nabarmendu du Realeko emakumeen saileko kirol zuzendariak

Garbiñe Etxeberria, Zubietako instalazioetan | Argazkia: Reala Garbiñe Etxeberria, Zubietako instalazioetan | Argazkia: Reala

Realeko emakumezkoen taldeak Erreginaren Kopa altxa dezake gaur Zaragozako La Romareda estadioan, gizonezkoek 1987an Erregearen Kopa altxa zuten toki berean. Bigarrena litzateke, Granadan 2019an lortutakoaren ostean. Arerioak ez dizkie gauzak batere erraz jarriko: Bartzelona "ahalguztiduna" izango du aurrean, partida irabazteko faboritoa. Jokalariak, baina, gogotsu dira finalerako. Zaleak ere: 4.500-5.000 realzale inguru espero dira Zaragozan, eta Donostiako Saguesen ere aukera izango da partida jarraitzeko eta egun guztian zehar hainbat jarduerez gozatzeko. "Emozionalki" pisu handia du partidak Garbiñe Etxeberria Aranburu Realeko Emakumezkoen saileko kirol zuzendariaren esanetan, eta "taldea talde" izatea nahi du. Ikuspegi ekonomikotik eta antolakuntza aldetik, begirada gazi-gozoa da: klubari eskatzen dion inbertsioa, besteak beste, itzulkin gutxirekin, edo lehiaketa hobeto antolatzeko beharra. Hala ere, baikortasunez begiratzen dio Etxeberriak emakumeen futbolaren etorkizunari, borrokatzen jarraitu beharko badute ere. Horretaz guztiaz hitz egin du finalaren atarian EnpresaBIDEArekin.

2019an Erreginaren Kopa irabazi zenuten, eta aurten berriro zaudete finalean. Ekonomikoki, zer suposatzen dio Realari Erreginaren Koparen finalean egoteak?

Ikusita gaur egun nola dagoen antolatuta lehiaketa hau, galera ekonomikoa dakar. Federazioak dena kluben gain uzten du. Aztertu beharreko zerbait da.

Eta ez da finala bakarrik, egin dugun ibilbidea bera baizik. Finalera iritsi aurretik lau partida jokatu ditugu, eta lau horietatik bakarra jokatu dugu etxean. Huelvan hasi ginen, Valentzian jokatu genuen, Madrilen ere, eta azkeneko partida izan zen soilik Anoetan, Atlético Madrilen bueltakoa.

Argi dago emozionalki eta oro har finalak suposatzen duenarekin, gure posiziotik gauza horiek guztiak alde batera uzten ditugula. Baina klubarentzat, ekonomikoki, diru-inbertsioa da, galera batekin.

Alegia, klubek hartzen duzuela honetan parte hartzearen pisua, eta ez dagoela pentsa daitekeen itzulkin ekonomikoa, gizonezkoen futbolean izan daitekeenaren antzeko zerbait.

Bai. Eta ulertuko genuke detaileak edukiz gero: gutxienez bidaiak ordaintzea, edo egonaldiren bat. Sortu egin behar da, baina horretarako ondo antolatu behar da lehiaketa. Eta apustuak ere handiagoa izan beharko luke gure ustez.

"Argi dago emozionalki eta oro har finalak suposatzen duenarekin, gure posiziotik zenbait gauza alde batera uzten ditugula. Baina klubarentzat, ekonomikoki, diru-inbertsioa da, galera batekin."

Zaragozarako bidaia ere zuen esku dago?

Hala da. Antolaketa, bai Donostiakoa, bai Zaragozakoa, eta bidaia. Eta gainera marjina gutxirekin antolatzeko. Non jokatuko genuen ere kosta egin zitzaien esatea —apirilaren 9an iragarri zuten—. Ulertzen dugu antolatu egin behar dela. Baina jendeak mugitu nahi du lehenago, horrek suposatzen duenarekin.

Kontua da, balantza batean jartzen duzunean, bada, kluba beste final batera daramakizu, guri buruz hitz egingo da, futbolak garrantzia du Espainia mailan eta nazioartean, eta arerioa ere mundu mailan ezaguna da. Hor ere badira beste begirada batzuk [pozez].

Alderik izan da 2019ko ediziotik oraingora?

Ez dut aldaketa berezirik ikusi. Jende gehiago dago antolaketan, langile aldetik, hori bai: protokolokoa duzu, akreditaziokoa duzu, federazio aldetik ere jende gehiago dago. Eta guk ere klubean jende gehiago mugitu dugu, gauza handia suposatzen duelako. Ondo egiteko, jendea behar da. Segurtasun eta ticketingetik hasita bidairaino, den-dena antolatu behar da. Beraz, jendearen inplikazio handiagoa, eta kopuru handiagoa.

Realeko emakumeen sailera joanda, zer aldatu da oro har bost urte hauetan?

Asko aldatu da. Pertsona desberdinak gaude ordukoekin alderatuta, ia-ia denak. Eta lan egiteko ere, pertsonal aldetik, jende gehiago dago: staff-a handiagoa da, alegia, talde tekniko edo arduradun gehiago dago. Era berean, emakumeen talde gehiago daude; orain dela bost urte soilik bi talde genituen, eta orain lau. Presentzia handiagoa dago klubean, eta Zubietan, emakumeen sailean jende gehiagok egiten du lan. Horrek, noski, koordinazio maila handiagoa eskatzen du. Eta horretan da nabari. Baita futbol formazioan egin den lanean, jokalari gehiago irits daitezen gora.

"Ez dut aldaketa berezirik ikusi [2019ko ediziotik]. Jende gehiago dago antolaketan, langile aldetik, hori bai: protokolokoa duzu, akreditaziokoa duzu, federazio aldetik ere jende gehiago dago. Eta guk ere klubean jende gehiago mugitu dugu, gauza handia suposatzen duelako"

Eta non falta da lan gehien egiteko?

Orain ez dakit esaten zertan. Egia esan, baikorra naiz. Eta etorkizun oso-oso polita dator klubean. Eraikin berria izango dugu Zubietan. Egun hainbat zona daude: akademia edo formaziorako gunea, mutilen talde profesionalaren eraikina... eta goiko partean, emakumeen eraikina izango dena egiten ari gara. Orain ez dugun espazioa, ordutegiak partekatu beharra,... Etorkizunean geure tokia edukiko dugu. Horrek ere lanerako baldintzak hobetu egiten ditu, eta espazio aldetik, gure egunerokotasuna aldatzen zaigu. Eta gainera futbola asko hazi da Gipuzkoan. Beraz etorkizun polita dator lana hobeto egiten delako, errekurtso hobeak daudelako talde guztietan, eta jokalariak baldintza hobeagotan datozelako. Horrek suposatuko du geuk, Realaren barruan, horri ere jarraipena eman beharko diogula. Klubaren baldintzak oso onak dira, baina gure tokia edukitzea oso garrantzitsua da.

Inbertsioak gora egin du, beraz. Zifrarik?

Zifrak ez ditut. Baina esandakoaren ildotik, berriro ere diot: asko aldatu da. Instalazioetan bazkaltzea, bidaiak ahalik eta ondoen egitea —hegazkinez, autobusez joan ordez—, gau bat pasa ordez bi igarotzea atseden hobeto hartu ahal izateko. Detaile horiek azkenean kostua dute.

"Etorkizun oso-oso polita dator klubean. Eraikin berria izango dugu Zubietan [...]. Goiko partean, emakumeen eraikina izango dena egiten ari gara. Orain ez dugun espazioa, ordutegiak partekatu beharra,... Etorkizunean geure tokia edukiko dugu. Horrek ere lanerako baldintzak hobetu egiten ditu"

Futbolari hasi zinen zu zeu. Nola lagundu dizu etapa horrek kudeatzaile edo kirol zuzendari gisa?

Nire ibilbidearen errepasoa egiten dudanean, nondik gatozen pentsatzean, nik ez nuen inoiz ikusten nire burua ardura hauetan. Ez dut ikasi honetarako. Egunerokoak lagundu dit gauzak hobeto egiten.

Era berean, nondik gatozen ikustea garrantzitsua iruditzen zait honi guztiari balio handiagoa emateko eta perspektiba ez galtzeko. Asko lagundu dit nire ibilbideak. Ez da erraza izan, gure tokia asko borrokatu behar izan dugulako. Baina polita bai. Eta ikasten ari naiz. Egunero ikasten dut, batez ere kudeaketan gauzak nola egin behar diren. Ardura handiagoa daukat: eta batzuetan ez dakizu ondo egiten, ezta egiten ere. Eskerrak inguruan ere talde ona dudala. Ondo inguratuta nago eta babes handia dut. Bakarrik ez dut ezer egin; Realaren zuzendaritza ez da Garbiñe bakarrik. Asko eskertzen dut Roberto Olaberekin —Kirol Zuzendari Nagusiarekin—lan egitea. Eta formazioan dudan taldetxoa ere, nire inguruan lanean.

"Ondo inguratuta nago eta babes handia dut. Bakarrik ez dut ezer egin; Realaren zuzendaritza ez da Garbiñe bakarrik"

Oro har emakumeen futbolean lan eskubide ikuspegitik eta espazioak irabazteko sekulako borroka egin duzue. Lorpenak izan dira. Borroka luzea da oraindik?

Uste dut jarraitu behar dugula. Bai. Nik bizi izan dut emakumeen kirolean zure egitekoa sinesteko edo jendeak ikusteko beti tituluren bat edo zerbait lortu behar izate hori. Kirolean hori oso zaila da. Ezin duzu beti irabazi, zerbait lortu edo mailaz igo. Eta iruditzen zait emakumeen kirolean zerbait lortzen ez baduzu, egindako lanari ez zaiola ematen hainbesteko baliorik.

Zer esan nahi dut? Gu, aurten, Ligan, noski ez gabiltzala hain ondo. Baina horregatik zalantzan jarri behar al dira gure baliabideak? Ditugun instalakuntzekin-eta zergatik ez garen gai? Kirola da, eta batzuetan ez gabiltza hain fin, aurten Ligan bezala. Gero Kopako finalera iritsi gara, eta beste aldera eraman gaitu: “zein ondo jokatzen duzuen, a zein lorpen...”. Eta halakoetan, final bat dagoenetan-eta, badirudi justifikatuta dagoela emakumeen kirola eta bertako baliabideak.

Apirila bukaeran iragarri zen Ana Tejada atzelariak Reala utzi eta Utah Royalsek, Estatu Batuetako NWSL ligakoak, fitxatu duela. Talentuaren ihesa, beste sektore batzuetan ere gertatzen ari dena, arriskua izan al daiteke Espainiako Ligako taldeentzat, Realarentzat tarteko?

Bai, baina hori da Espainiako futbolean dagoen kezka. Hor nik uste dut gauza gehiago aztertu behar direla. Gure lehiaketak beste bolumen bat hartuko balu, alegia, produktu bezala ondo landu, ondo saldu, ekonomikoki sarrerak eta irteerak eduki, klubek ere beste errekurtso batzuk edukiko genituzke. Eta jokalariak ere beste baldintzetan edukiko genituzke. Estatu Batuetako futbolarekin ez daukagu zer eginik. Une honetan, ondo antolatu dute eta dirua daukate. Eta kostatuko zaigu guri eta inguruko guztiei. Dirua tartean dagoelako.

Guk egin behar duguna da hemengoari lorea eman, baina ondo antolatuz. Hori ez dagokit niri. Ondo landu beharreko lehiaketa da, eta horretarako dago Liga F bat, eta Futbol Federazioak ere parte hartu behar du bere kudeaketa delako. Eta azken batean denok eskutik joatea da gako. Denak elkarrekin joango bagina, lortzeko helburu berdina badugu, errazagoa da.

"Gure lehiaketak beste bolumen bat hartuko balu, alegia, produktu bezala ondo landu, ondo saldu, ekonomikoki sarrerak eta irteerak eduki, klubek ere beste errekurtso batzuk edukiko genituzke. Eta jokalariak ere beste baldintzetan edukiko genituzke. Estatu Batuetako futbolarekin ez daukagu zer eginik"

Espainiako emakumezko jokalari batengatik ordaindu den zifra handiena da Tejadarengatik ordaindutakoa. 300.000 euro ingurukoa izan da. Datorren denboraldiko taldea indartzeko balio dezake?

Sartzen den guztia laguntza handia da, gastu handia dugulako Lehen Mailan izateagatik. Ea laguntzen duen lasaiago bizitzen.

Ekonomiaz eta talde kudeaketaz harago, nola ikusten duzu gaurko finala?

Galdera hau asko egin didate. Zaila da erantzutea. Eta nahiko nukeena da balioa ematea finalari, eta gu ondo egotea. Zaila da guk kopa altxatzea. Baina jokatu behar da. Gure taldea talde izatea nahi dut. 90 minutuetan ondo zentratuta izatea den-denak, hasieratik irteten direnak, sartzen direnak, kanpoan agintzen ari direnak... eta ondo bizitzea. Detaile guzti-guztiak oso-oso garrantzitsuak izango direlako aurrean dugun arerioa badakigulako zein den.

Gustatuko litzaidake era berean polita izatea. Zaleek gozatzea. Eta beti ere gertu egotea gure aukeretatik. Irabazteko ahalegin horretan saiatuko gara. Taldea oso mentalizatua dago, astea oso ondo doa. Jokalariak gogotsu daude. Askorentzat lehen finala da, eta hori ere kudeatu behar dute. Astea ere hala bizi dute. Zenbat gauza ikusi ditugun inguruan; jendea ere nola ari den mugitzen, zer kutsatzen duen hemen Realak: Donostian, Gipuzkoan. Hori ere barneratzen ari dira. Eta ea horrekin gai garen gertu egoteko.

Aritu gara antolaketan arituko den jendeaz, eta klubetik joango zaretenez. Baina zenbat Realzale espero dira Zaragozan?

Guk ditugun datuen arabera 4.500-5.000 realzale izan daitezke. Zaragoza gertu dago. Eta oro har lortu behar dugu jendea kutsatzea, animatzea, horrelako aukerak ez direlako askotan edukitzen. Zenbat urte izan gara final bat ezagutu gabe? Belaunaldi hauetan gurea, mutilena, eta orain berriro hau biziko dute zaleek. Baina urte askotan izan gara final bat bizi gabe. Ez dezagun normaltzat hartu, finalak jokatze hori ez delako erraza. Eta gaurkoa izugarrizko aukera da berriro ere halako partida handi bat ikusteko. Eta ez da soilik partida: partida aurrekoa eta ondorengoa. Hori ezin da kontatu; hori bizi egin behar da.


Zein uste duzu izan dela futbolean izan duzun lorpen nagusia?

Batekin ezin dut geratu. Ibilbide hain luzea dut... 40 urte daramatzat futbolean. 40 urte hauetan denetik bizi izan dut. Oiartzunekin bere garaian bizitako Kopak; eta galdutakoa ere bai, lehenengoa galdu egin baikenuen. Irabazitako Liga. Realak deitu zidan egun hori, eta bertan sartzen naizen eguna. Realak eman dituen pausoak, honaino iristeko behe-behetik hasi baikinen. Mahaiaz igotze horrek ematen dizun poza. Zenbat jende pasa den klubetik, eta zenbat eman digun. Zaila egiten zait gauza batekin geratzea. Finala jokatuko dugu orain; joan den urtean Superkopako finala jokatu genuen, baita Championsean aritu ere. Horiek dira izugarrizko lorpenak. Urte asko dira, eta denek ematen didate zerbait.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK