Maillota, kulotea, kaskoa, zapatilak, pedalak, bidoia… Pentsatzen jarrita, zerrenda amaigabea egin beharra dago errepidean bizikletarekin aritzeko. Hasteko, oinarrizko bospasei osagarrirekin ekin diezaioke nahi duenak. Hasi eta kirola gustatuz gero, pasio horren pare igotzen da egin beharreko gastu ekonomikoa.
Bizikletaz gain, funtsezko osagarriak arestian zerrendatutakoak dira, baina horiei gehitu ahal zaizkie beste mila gauza, hala nola, eguzkitako betaurrekoak, GPSa duen ordulari edo bestelako gailua, ordezko erremintak gordetzeko zorrotxoa edota negurako jantzi gehigarriak. Elementu horien guztien batuketak txirrindularitzan hasteak dakarren inbertsioa argi uzten du, eta esfortzu ekonomiko hori egin ala ez erabakitzean bizikleta zaleak bi aldiz pentsatzea ulergarria da.
Finean, inbertsio hori nolabait amortizatu behar du bizikleta zaleak, eta errepidean gelditu gabe errodatzea besterik ez du. Txirrindularitzak, beraz, pasioa exijitzen duen kirola dela esan daiteke. Halakoa sobera dago gurean.
Bizikleten prezioa aldapan gora
Pandemia dela eta, bizikletak egiteko pieza zein osagaien kostuak handitu eta horniketa katean arazoak izan dira. Prezioak gora egin du, eta atzerapenak ere izan dira bizikletak saltzerako orduan. AMBE Espainiako Bizikleten eta Marken Elkartearen arabera, 2022an, Espainian, ia %14 igo zenbizikleten azken salmenta prezioa. Horregatik, Espainian, bizikleta mota guztiak kontuan hartuz, batez besteko prezioa 1.000tik gorakoa izan zen iaz, 1.121 eurokoa, hain justu ere, azken urteotako goranzko joera berretsiz. 2020an 850 euro inguru ziren pertsona batek bizikleta bat erostearren ordaindutako batez besteko kostua.
Egia da e-biken salmentak eragin duela nabarmen batez besteko horren hazkundean. Iaz, 2.940 euro ordaindu ziren batez beste bizikleta elektriko bakoitzeko, eta bizikleta elektrikoen salmentak asko hazi dira azkenaldian. Errepideko bizikleten batez besteko prezioa 2.451 euroko izan da. Aipagarria gravel modalitateko bizikleten prezioaren igoera, %40 baino gehiago hazi baita 2021arekin alderatuz, 1.589 eurora iritsiz.
AMBE, Espainiako Bizikleten eta Marken Elkartearen arabera, 2022an, Espainian, ia %14 igo zen bizikleten azken salmenta prezioa
Prezioaren igoera horrek ez du jendea bizikletatik aldendu, ezta gutxiago ere. Mundu osoan gorako joera izan du bizikletaren sektoreak, Grand View Researchen arabera. 2021 eta 2022 urteetan 57.000 milioi eta 63.000 milioi euroko merkatu balioa izan zuen, hurrenez hurren, eta sektoreko adituen arabera, urtero %8 baino gehiago haziko zela ere aurreikusi zuten 2030 bitartean. Hala, 2022an 100 milioi bizikleta baina gehiago saldu ziren mundu osoan, gehienak (%40) errepidekoak zirelarik.
Estatu espainiarrean ere 2020 eta 2021 inoiz baino bizikleta gehiago saldu ziren, 1,5 milioi bizikletako langa gaindituz, eta 2021ean 2.888 milioiko euroko negozio zifra izan zuen merkatuak. 2022an, ordea, beheranzko joera hartu du jarduerak, eta negozio-bolumena %6ean murrizteaz gain, %13,5 bizikleta gutxiago saldu dira. Hala, iaz Espainian 1.357.854 bizikleta saldu ziren denera. Horietatik %34,5 mendiko bizikletak izan ziren. Errepidekoak, berriz, ia 86.000 izan ziren, guztikoaren %6 pasatxo, eta gravel bizikleten 45.000 ale, %3 baino pixka bat gehiago.
2.000 euro gutxienez, hobetu nahi baduzu
Bizikletan hasi eta hobetu nahi duenarentzat karbonozkoetan batez beste 2.000–2.500 euroko bizikleta arrunt bat nahikoa dela azaldu du Marta Zapatero Oiartzun Bikeko (lehengo Caravanas Oiartzun) bizikleta arloko adituak, eta aluminiozko bizikletei dagokionez, 1.400 euro batez beste. “Gehiengoak —%90ak— karbonozkoaren alde egiten du”, gehitu du. Halaber, saltzen dituzten ia bizikleta guztiak disko-balazta dutenak eta hidraulikoak dira.
Eskarmentua duen ziklistak, hau da, bigarren bizikleta bat erosi nahi duenak, inbertsio handiagoa egin beharko du. Zapaterok azaldu duenez, salto handia dago prezioan eta errepidezko bizikletetan 4.000-5000 eurora ailegatu daiteke batez besteko prezioa. “Errepideko bizikletak oso bereziak dira, eta gutxi ibilita ere, 4.000 eurotik gorako bizikletak dituzte askok. Horietan kanbioa nahiz koadroak arinagoak dira", nabarmendu du. Gainera, esparru bakoitzera egokitutako bizikletak daude: batzuk arinagoak mendateak igo ahal izateko; beste batzuk aerodinamikoagoak, ordekan haizea gutxiago jateko. “Hasteko bizikleta egokiena iraupen luzeko bizikleta da, endurance deitzen dioguna”, dio dendako adituak.
1.200 euroko bizikleta erosi eta sei hilabetera bizikleta hobe bat eskuratu nahi izatea oso ohikoa izaten da
Hastapenetan, beraz, Zapateroren arabera, 1.200 edo 1.500 euroko batekin hasi daiteke norbere kabuz ibiltzen, baina erritmoa hartu eta beste batzuekin ibiltzen hasten den momentuan, eskasegi geratzeko arrisku handia dago, beste abiadura nahiz erritmo batean baitoa jada ziklista. Horregatik, 1.200 euroko bizikleta erosi eta sei hilabetera bizikleta hobe bat eskuratu nahi izatea oso ohikoa izaten da. Halaber, bizikleta erosterako garaian jada txirrindulari lagun taldea osatua izanez gero, Oiartzun Bikeko arduradunak 2.000 eurotik gorakoa erostea gomendatzen du. Txirrindularitzak duen ezaugarri nagusienetako bat taldearen aritzearen garrantzia da, horrek maizago ibiltzeko babesa nahiz konfiantza bermatzen duelarik.
Ez ahaztu osagarriak
Zapatila on batzuk funtsezkoak dira, pedalkadak ondo eman, eta wattak eta potentzia ez galtzeko. Hala, beraz 90 eurotik aurrera eros daitezke kalitate minimo batekoak, Zapateroren ustetan. Pedalak eta kalak beste 50 euroko kostua izan dezakete, eta ibilgailuaren aurrean nahiz atzean argiak ipintzea beste 30 euro gutxi gorabehera. Bidoia eta portabidoia bizikleta erostean jasotzen du bezeroak, eta bizikletaren prezioan gehituta egon ohi da normalean.
Ezin ahaztu maillota eta kulotea. Zapaterok dioenez, uda edo negua izan, prezioa "zertxobait" alda daiteke, neguan beti geruza lodiagoak eta jantzi gehiago behar baitira, baita eskularruak, haizetik babesteko txalekoa edo euritako botinak ere. Hala, maillotak gutxienez 50 euroan eta kulotak beste 70 euroan eros daitezke merkeen. Dena den, marka jakin batekoa nahi duenak maillotean 80 bat euro eta kulotean 100 baino gehiago jarri beharko ditu. Kaskoari dagokionez, merkeenak 30 eurotan aurki daitezke, baina “jendeak segurtasuna lehenesten duenez” 50 euro gutxienez gastatzen ditu.
Maillotak gutxienez 50 euroan eta kulotak beste 70 euroan eros daitezke daitezke merkeen. Dena den, marka jakin batekoa nahi duenak maillotean 80 eta kulotean 100 euro baino gehiago jarri beharko ditu
Hori ez da dena. Zelapean erremintak gordetzeko zorrotxo bat jarri ohi da, eta bizikletak arazo mekanikoak dituenerako puzgailua, ordezko piezak edota aire-ganbera, besteak beste. Hortaz, zerrendatutako guztiaren batuketa egin beharko da, baina osagarrietan denera beste 500 bat euro gastatu beharko ditu bizikletan ibili nahi duenak.
Eta gero eta gehiago ibili, gastua handitu egingo da. Hala, asko ibiltzen bada bat, bigarren maillot nahiz kulot eta galtzerdi pareak beharko ditu, baita lagunei egindako denbora markak eta ibilbideak erakusteko GPSa eta Stravako kontua ere. Guztia kontuan hartuta, karbonozko bizikleta hautatuz gero, prezioa 3.000 eurotan jartzen du Zapaterok, osagarriak barne. Nolabait aurrekontua estutu nahiz izanez gero, aluminiozko oinarrizko bizikleta batekin guztizkoa 2.000 eta 1.000 eurora ere murriztun daiteke.