Pandemia garaiko egoera jada ahaztuta dute aireportuek. Are gehiago, bidaiarien eskariari aurre egin behar diote oraingoan, datuak, orokorrean, nabarmen handitu baitira. Bidaiari berrien kopurua eta maiztasuna kudeatzea dute xede Euskal Herriko aireportuek pandemia garaiko egoera atzean utzita, eta zailtasun berriei aurre eginez. Sektoreko adituek turismoaren gorakada zein instituzioen babesa dute ahotan egoera azaltzeko.
Bilboko, Hondarribiko, Forondako eta Noaingo aireportuek 7.326.541 bidaiari hartu dituzte 2023 bukatu berrian, inoizko zifrarik onenak. 2019ko datuak hobetu dira, urte hartan 6.643.782 bidaiari igaro baitziren aireportuetatik, AENA enpresa publikoaren datuen arabera. 77.140 hegaldi aireratu eta lurreratu dira lau aireportu hauetan, 2019 hartan baino 2.000 bat gehiago. Testuinguru honetan, aireportuetako bidaiari kopurua 2021.urtekoa baino bikoitza izan zen 2022an, eta goranzko bilakaera nola edo hala mantendu egin dute aireportuek 2023an. Antzeko ibilbidea izan du Miarritzekoak ere, milioi bat inguru bidaiari jaso baititu 2023an.
Enrique Gutierrez VIA Gasteizko aireportua sustatzeko zozietateko zuzendaria da, eta euskal aireportuen egoeraren gakoak laburbiltzen saiatu da: “Gasteizko aireportuaren eta gainerako euskal aireportuen emaitza ona ezin da isolatu AENA sarearen hazkundetik”. Hau da, enpresa publikoaren lana funtsezko izan da hobekuntza honetan, bai eta turismoaren indarra gehituta ere. Sektorearen indartu egin da azken urteetan, eta aireportuetan eragina izan du.
Miarritzeko aireportuak milioi bat bidaiari jaso ditu 2023an
Datuetan sakon sartuta, hegaldien maiztasuna ezberdina izan da aireportu bakoitzean. Loiun, ia hamar bidaiaritik bederatzi Bilboko aireportutik abiatu dira edo bertara iritsi dira; guztira, 6,3 milioi bidaiari, 2022an baino %23,5 gehiago eta 2019an baino %7,3. Forondako aireportua izan da, hala ere, hazkunde handiena izan duena, 309.929 bidaiari ibili baitira bertan, aurreko urtean baino %31,7 bat gehiago, eta 2019an baino %78,1.
Merkantzia kopuruei erreparatuta, Gasteizko aireportuan behera egin du: 71,7 milioi tona jaso eta bidali dira bertan, iaz baino %2,6 gutxiago. Madrilgo, Bartzelonako eta Zaragozako aireportuen atzetik ageri da Foronda salgaien garraioan, baina aipatutakoetatik datuak okertu dituen bakarra izan da aurten. Hala ere, 2023an 71.689.094 tona ondasun garraiatu ditu zehazki, 2022an lortu zuen errekorretik 2.000 tonara geratu da. Guztira, 14.185 eragiketa burutu dira merkataritza helburuekin, 2022an baino %6,3 lurreratze eta aireratze gehiago.
Gutierrezek uste du nazioartean aitorpena lortzea Forondako aireportuaren datuak hobetzea ahalbidetu dezakeela. “Aireportuetako azpiegituretan egindako hobekuntza batzuk ere balio handikoak izan daitezke”, gehitu du. Hori bai, instituzio publikoen lana nabarmendu du, batez ere promozio esparruan: “Sektoreko ‘stake holder’ delakoekin ditugun harreman estuak VIA sozietateak finkatzen dituen helburuak gainditzeko beharrezkoak dira”. Horrela aurrera egiten jarraitu nahi dute, instituzioekin elkarlana sustatuz “balio handiagoa” lortzeko.
Hondarribia eta Noain ere gora
Bere aldetik, Hondarribiko aireportuak 482.662 lagun hartu ditu 2023an, iaz baino %25,8 gehiago, eta Noaingoak 197.509, %14,5eko hazkundea izan duelarik 2022aren aldean. Gipuzkoako aireportuaren datuak inoizko onenak dira, aurreko datu onenak 2007koak izanda; 466.457 bidaiari izan ziren orduan. Nafarroakoak hirugarren urtez segidan areagotu du bidaiarien kopurua, dena den, 2019an baino %18,9 bidaiari gutxiago jaso ditu. Gainera, bidaiari gehiago izan arren, operazio kopuruak behera egin du, %8,8 zehazki, 2022aren aldean.
Hondarribiko aireportuaren datuak inoizko onenak izan dira, aurreko datu onenak 2007koak izanda; 466.457 bidaiari izan ziren orduan
Aste honetan jakinarazi du AENAk haren administrazio-kontseiluak hiru urteko pizgarri-plan bat onartu duela 32 aireporturentzat, Iruñea-Noaingoa tartean. Helmuga berrietara bideak zabaltzeagatik pizgarriak luzatu egin nahi dituzte gainera, aireportuko datuak hobetze aldera.
Bidaia berriak ere jomugan dituzte sektoreko profesionalek. Hondarribiko aireportuak Edinburgorekin linea berria irekiko du, halaxe aurreratu baitzuten abenduaren 14ean British Airwayseko ordezkaria den Diego Acuñak eta Gipuzkoako Merkataritza Ganberako zuzendari nagusia den Javier Zubiak. Bidaiarien eskarai gero eta handiagoari aurre egiteko helburuarekin hartu zuten erabakia. 2024ra begira, azken hilabeteetako konexio guztiak mantenduko direla ere aurreratu zuten, eta honako mugimenduei so dago Gutierrez ere Forondako aireportuari begira. Linea berrien irekiera bezalako helburuak lortzeko “mugimenduak” egiten ari direla azpimarratu du, betiere emaitza argiak izanda. “Puntu horretatik aurrera hazten jarraitzea nahi dugu, egoera sozial, ekonomiko eta turistikoak horretarako aukera ematen badigu”.