Abuztua atzera utzita, bisitari kopurua nabarmen murriztu da harrezkero Euskal Herriko txoko gehienetan. Agur esan diogu denboraldi altuari. Baina ez kasu guztietan. Hain zuzen, udazken partean beste denboraldi altu bat hasi ohi da: erretiroa hartu dutenena. Eta askok, Imserso adinekoentzako eta zerbitzu sozialetako institutuak antolaturiko bidaiak aprobetxatzen dituzte alde batetik bestera ibiltzeko.
Ohiko bidaiez harago, aurten zenbait zirkuitu berri eskainiko dira, horietatik zenbati Hego Euskal Herritik: Nafarroan, Iruñea edo Auritz ezagutzeko bisita kulturalak; EAEn, aldiz, Guardia (Araba), Eibar, Irun, Oñati, Zarautz (lauak Gipuzkoan) eta Sondika (Bizkaian) bisitatzeko bidai kulturalak, baita Zarautzen naturari loturikoa ere. Era berean, Euskal Herritarrek aukera izango dute Kanariar edo Balear uharteetara, Kataluniara edo Andaluziara joateko, besteak beste. Betiere, ondo bidean.
Izan ere, 900.000 plazako lehiaketa publikoaren esleipena geldirik dago, eta ez da hasiko, ohi bezala, irailaren erdialderako. Ostalaritza haserre dago, eta argi dute: 13.000 lanpostu daude jokoan Espainian; ezingo dituzte establezimenduak luzaroago irekita eduki, eta "zenbakiek ez dute ematen inflazioaren ondoriozko kostuen igoerarekin".
Imsersoren kontratua urtean 850 milioi eurokoa da eta 900.000 erretiroduni kostaldera bidaiatzeko aukera ematen die
Gertatutakoa, baina, ez da berria. Pentsiodunen bidaiak antolatzeko lehiaketa deialdia egiten du Imserso Adinekoen eta Gizarte Zerbitzuen Institutuak, eta esleipendun suertatzen ez diren enpresek administrazio-borroka hasi ohi dute, Espainia osoan 900.000 lagunentzako oporraldiak baitaude jokoan. Gainera, kontratua ia 850 milioi eurokoa da. Eta aurten, esleitu beharreko hiru loteak esleipendun bakarrak eraman ditu: Barceló taldeko Avorisek.
Gainerako erakundeek, besteak beste, Soltourrek, Mundiplanek eta Seniorplanek, errekurtsoa aurkeztu zuten udan, "bidegabea" den kontraturik ez eramateko. Oraingoz, erabakia Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Auzitegi Zentralean dago, eta laster erabakirik hartu ezean, bidaien prozesuak eta kontratazioak hiru hilabete baino gehiago atzeratu daitezke. Ostalariak kexu dira, eta adierazi dutenez, "kontratazioak irailaren 1etik aurrera hasi behar ziren". Pandemiak emandako kolpearen ondoren —2020tik 2021era 380 milioi euro irabazteari utzi zioten—, 2023an "normaltasunera itzultzea" espero zuten. Baina luze joko du.
Imsersoren jatorria
Imsersoren bidaien historia 1985ean hasi zen, 16.000 plaza, 19 hotel eta bi helmuga eskainiz: Benidorm eta Palma, Mallorcan. Izan ere, hilabete batzuk lehenago, Calviáko (Mallorca) alkate Paco Obrador, eta Balearretako UGTko idazkaria Joaquín Almunia Lan ministroaren bulegora joan ziren, behe-denboraldian turismoari buruzko beste gai bat planteatzeko: "Nork egin dezake bidaia neguan, oporrik ez dagoenean?" Eta erantzuna erraza zen: erretiratuak.
Obrador: "Nork bidaiatu dezake neguan, oporrik ez dagoenean?"
Berehala babestu zuten bere taldeak —PSOE—, oposizioak eta ostalariek. Zailena ere onartu zuten: Estatuak zati bat diruz laguntzea. Azpimarratu behar da hamarkada horretan batez besteko pentsioa hilean 33.000 pezetakoa zela soilik. Gaur egungo moneta bihurtuz gero, 200 eurokoa izango zen. Obradorrek beti azaldu izan du "ekintza hori lana sustatzeko sortu zela, ez gizarte-ekintza gisa". Baina, jakina, dena aldatu da: Espainiako 20 milioi erretiratuk baino gehiagok erabili dute programa historian zehar, eta 900.000 erretiratu baino gehiago mugitzen dira urtero gune turistiko batera atseden egunez gozatzeko, edo turismo apur bat egin eta jendea ezagutzeko. Gerra zibila, diktadura eta trantsizioa bizi izan duten eta lehen aldiz "benetako oporrak" zer ziren jakin duten milaka pentsiodunentzako esperientzia.