Ekonomiaz mozorrotzerik bai?

Oraindik mozorroa erabaki ez baduzu, adi, Chat GPTk zenbait ideia eskaini dizkigu: AEBk ezarritako muga zergak, gutxieneko soldata propioa edota inflazioa, aukeran

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Inauteriak definitzeko eskatuko balizute, zein hitz erabiliko zenituzke? Segur aski, “koloretsua”, “dibertigarria” edota “festa” dira burura etorri zaizkizun lehenengo kontzeptuak. Ez da, ez, gauza bera gertatzen ekonomiaren eta enpresen munduari buruz pentsatzen dugunean. Bi ideiek, ekonomiak eta inauteriek, zerikusi handirik ez dutela pentsa dezakegu lehen begi-kolpean. Baina, eta hala ez bada?

Mozorrotutako jendez beteta, kultura popularrak hartzen ditu kaleak, originaltasuna eta berrikuntza nagusi. Estreinatu berri diren telesail edo pelikulak pertsona asko inspiratzen ditu mozorrotzerako garaian (Squid Game-eko -El juego del calamar- edota La casa de papeleko jantzi gorriak, besteak beste), unean pil-pilean dauden ideiak eta kontzeptuak izaten direlako. Aldiz, ekonomiaren sektoreak, oro har, ez ditu pertsona horiek mozorrotzeko adina inspiratzen, egunero-egunero puri-purian dauden gaiak biltzen baditu ere.

EnpresaBIDEAn horri buelta eman nahi izan diogu. Horretarako, ChatGPT-ren adimen artifizialaz (AA) baliatzea erabaki dugu, hain zuzen, lagun gaitzan ekonomiarekin zerikusia duten gaiekin nola jantz gaitezkeen erakusten. Gaiak proposatu dizkiogu AAri, eta berak mozorro aukerak eskaini dizkigu. Gauzak horrela, oraindik ere mozorro-jantzirik ez baduzu, hemen duzu ideien zerrenda, zeinak ekonomiaren alorrean pil-pilean dauden gaiak biltzen dituen.

Donald Trumpen muga-zergak: merkataritza-harresia

Euskal ekonomian eragin zuzena du nazioarteko merkataritzak. Donald Trump AEBko presidenteak ezarri nahi dituen muga-zergak kaltea eragin dezakete euskal automobilgintzaren, makina-erremintaren edota elikaduraren sektorean, enpresa asko baitira produktua Estatu Batuetara esportatzen dutenak.

Chat GPTren proposamena Donald Trumpez mozorrotzeaz baina haratago doa: merkataritza-harresi bilakatzea planteatzen du: “Imajinatu hesi handia simulatzen duen jantzi batekin, adreiluen marrazkiekin eta “Stop” edo “%30eko tarifak” seinaleekin. Harresiaren gainazalean, kaltetutako euskal produktuak ager daitezke, hala nola, Idiazabal gazta, makineria industriala edo automobilak, guztiak “blokeatuta” hesiaren beste aldean”. Horrez gain, “merkataritza-oztopoen” atzean nor dagoen argi geratzeko, proposatzen du harresia daraman pertsonak ileorde horaila janztea, baita gorbata gorria ere, “Trumpen estilora”.

Chat GPTk sortutako mozorroaren irudikapena
Chat GPTk sortutako mozorroaren irudikapena

Gutxieneko soldata propioa: billetearen norgehiagoka

Sindikatuak Hego Euskal Herrirako gutxieneko soldata propioa aldarrikatzen ari dira azken boladan. Haien ustetan, Espainiako Estatuak ezarritako gutxieneko soldata ez da nahikoa Hego Euskal Herrian bizi-maila duina izateko, eta, horregatik, EAE eta Nafarroarako soldata minimoa 1.600 eurora (gutxi gorabehera) igo nahi dute. Confebaskek, ordea, ezezkoa eman zien LAB eta ELAri otsailean egin zuten bileran, eta martxora arte atzeratu dute eztabaida. Nafarroan ere CEN patronala ez zen atzoko negoziazio bileran izan.

Egungo ika-mika den heinean, AAk eztabaida hori honela antzeztea proposatu digu: pertsona billete handi gisa janztea, erdian 1.500€ zifra margotuta, eta billetearen alboetan moztu eta itsatsitako figurak ipinita: “Alde batetik sindikalisten karikaturak, “Euskal SMI orain” jartzen duten kartelekin; bestetik, enpresariak, kezka-keinuak eginez ala guraizeak eskuan dituztela, billetea mozteko asmoa erakutsita”.

Sindikatuen ustetan, Espainiako Estatuak ezarritako gutxieneko soldata ez da nahikoa Hego Euskal Herrian bizi-maila duina izateko

Beste bi egokitzapen ere aztertu ditu Chat GPTk: billetea soka batez gurutzatzea, bi taldeen artean sokatiran ari direla irudikatzeko; edo, bestalde, figurak alboetan ipini beharrean, sindikalistak goian eta enpresariak behean jartzea, hurrenez hurren, soldata igo eta jaitsi nahi dutela adierazteko.

Chat GPTk sortutako mozorroaren irudikapena
Chat GPTk sortutako mozorroaren irudikapena

Inflazio neurrigabea: etengabe igotzen ari den prezioa

Inflazioak buruhauste izaten jarraitzen du euskal herritarrentzat, bizi-kostua gero eta garestiagoa baita, erosketa-saskitik hasi eta etxebizitzen prezioetaraino. Soldatak, ordea, ez dira erritmo berean handitzen.

AAk prezioen gorakada orokorraren arazoa hartu eta mozorro bilakatzeko pausoak erakutsi dizkigu: “Jantzi traje normala eta itsatsi produktuen irudiak (ogia, esnea, gasolina, etxea…). Bakoitzaren alboan bi prezio idatzi: duela urte batzuetakoa zirriborratuta eta gaur egungoa ondo ikusteko moduan”. Gainera, buruan diadema modukoa janztea planteatzen du, zeinak gorantza doan gezi gorria edukiko duen, “KPIren txostenetan agertzen direnen antzerakoa”.

ChatGPT: "Inflazioa... nahiago soilik inauterietako kontua balitz!”

Mozorroa osatzeko supermerkatuko tiketak gehitu diezaizkiokegu trajeari, baita dendetako produktuaren izen zein kilo edo litro kopurua adierazten duten prezioen kartelak ere. Chat GPTren ustetan, mozorroarekin “ziur” bat baino gehiago identifikatua sentituko dela… “nahiago soilik inauterietako kontua balitz!”, dio.

Chat GPTk sortutako mozorroaren irudikapena
Chat GPTk sortutako mozorroaren irudikapena
Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK