Pablo Sebastián Giménez Muñoz duela 45 urte jaio zen Buenos Airesen. Argentinan bizi izan zen 22 urte bete zituen arte. Orduan, Iruñera mugitu zen bere familiarekin. Izan ere, bere amona Nafarroako ipar-ekialdean dagoen Aezkoa ibarreko Abaurregainakoa (Euskal Herriko herririk altuena da) zen.
Nafar hiriburuan Joyas Joyel izeneko bitxi-denda sortu zuten 2002ko abenduak 8an. Izatez, Muñozen aitona hasi zen bitxigintzaren negozioarekin. Gero bere guraso eta osaba-izebek jarraitu zuten bide horretatik. Joyel izena, hain zuzen, Pablo Giménezen gurasoen izenen (Jorge eta Elena) inizialetatik dator.
Aldiz, hasiera batean Giménez ez zen mundu horretan murgildu. “Ez zen nire gauza”, komentatu du. Berak Zientzia Politikoak ikasi zituen Euskal Herriko Unibertsitatean. Gero Soziologian egin zuen doktoretza. Denbora luzez nazioarteko migroazioetan espezializatu zen.
Hiru urtez Buenos Airesen egin zuen lan gobernu argentinarrerako. Esperientzia hori berarentzat “aldi berean ederra eta frustagarria izan zen”. 2010 eta 2018 artean New Yorken bizi eta Princeton Unibertsitatean eta Migraziorako Nazioarteko Erakundean izan zen. Istambulen ere egon zen 8 hilabetez, erakunde horren aholkularitza batean.
Lan ibilbide aldaketa
2018an Joyas Joyelen jarduera ekonomikoarekin “nahiko pozik” eta jubilatzear zeuden Pabloren gurasoak, eta semeari eskaini zioten familia-negozioarekin jarraitzea.Testuinguru horretan Giménezek Panaman kokaturiko lan-eskaintza ukatu eta “Iruñean senideekin finkatzea” erabaki zuen. Hala sartu zen bitxigintzaren sektorean. “Oso atsegina, entretenigarria eta dibertigarria” iruditu zitzaion. 2020ko martxoan, gainera, bere arrebaren bitxi-denda negozioarekin bat egin zuen, gurasoen negozioaren lokalean bi negozioak bateratuz.
Sortu zen garaian, 2000 hamarkadaren hasieran, [...] oso lokal komertzial gutxi zeuden eskuragai hiriko Zabalgunean
Bitxi-denda Iruñeako Zabalgunean izan da hasiera-hasieratik, “hirigunetik nahiko gertu dagoen zonaldean”. Zabaldu zen garaian, 2000 hamarkadaren hasieran, “hiri hau ekonomikoki oso indartsua zen”. Orduan oso lokal komertzial gutxi zeuden eskuragai hiriko zati horretan.
Hilabeteetan Giménez Muñoz familia kokagunea haztatzen izan zen. Azkenean erosi zuten bat, aurretik tindategia izan zena. Espazio hori aurretik zegoen negozioaren transferentzia ordainduta lortu zuten.
Erdi-mailako bezeroentzat pentsatutako produktuak
Giménezen esanetan, eskainitako produktuak gehienbat urrezkoak dira, eta batez ere erdi-mailako klasearentzat. Horien artean jaunartzeetarako bitxiak edo ezkontza eskea egiteko eraztunak daude. Horrez gain, bitxi berriak, une berezietarakoak, pertsonalizatutakoak eta erlojuak eskaintzen dituzte. Bitxiak lantegietan gauzatzen dira.
“Luxu handiagoko produktuak —hala nola, diamanteak— ere eskaintzen ditugu, baina ez dira gure eskaintza nagusia”, gehitu du argentinarrak. Zentzu horretan, Joyel “beste bitxi-denda batzuk baino soilagoa” da.
Bezero asko Erdialdeko Amerikakoak eta ijitoak direla dio. Oro har, “bitxiak askotan babes ekonomiko edo aseguru bezala ikusten dituzte, beharrezkoa denean saldu eta dirua erraz lortzeko”.
Diseinuak egokitu
Joyelek diseinuzko bitxi espainiar eta italiarrak merkaturatzen ditu. Materialen artean urrearen hiru koloreak (zuria, horia, arrosa), harribitxiak eta harri erdi preziatuak daude. Horiek “jada diseinatuak egon daitezke edo, horren ordez, guk disenatu ditzakegu”. Diseinuak kontsumitzailearen arabera pertsonalizatu daitezke. Batzuetan, bezeroak berak ematen du diseinua eratzeko materiala.
Dendaren arrakastaren funtsezko beste ezaugarriak dira bezeroek ezagunei gomendatzea, zerbitzua eta, bereziki, material eta produktuen kalitatea
Giménezen ustez, Joyelen bereizgarri nagusia dira eskaintzen dituen “prezio eskuragarriak". Horrek “salmenta kopuru handia edukitzea” ahalbidetzen du. Horrez gain, dendaren arrakastaren funtsezko beste ezaugarriak dira bezeroek ezagunei gomendatzea, zerbitzua eta, bereziki, material eta produktuen kalitatea dira. 18 kilatetik inoiz ez dira jaisten.
Lehiakide gero eta gutxiago
Bitxigilearen arabera, “jendeak askotan urrean inbertitzen du inflazioa eta ziurgabetasuna direla medio, hala nola, 5 eta 10 gramo arteko lingoteetan edo inbertsio-txanponetan”. Bestalde, “bitxien salerosketa asko hazi zen pandemiaren amaieraren ondoren”.
Horrek aurkako efektua ekarri dezake: “eskaera igotzen bada, prezioak ere bai, eta ondorioz kontsumoa murriztu daiteke, erosteko ahalmenarekin bat ez egitean”. Oraingoz hori ez da gertatu, Giménezek dioenez, baina kontuan hartu beharreko egoera dela uste du.
Iruñean “bitxi-dendak desagertzen eta ixten dira, jabeak jubilatzen direlako eta ez dagoelako erreleborik”
Bestalde, Iruñean “bitxi-dendak desagertzen eta ixten dira, jabeak jubilatzen direlako eta ez dagoelako erreleborik”. Kontsumo-ereduen aldaketaren ondorioz izan daitekeela dio argentinarrak. Kontsumitzaileek “nahiago dute beste gauza batzuk erosi, bidaiak edo mugikorrak, esaterako". Eskaintza beherantz joateak geratzen diren bitxi-dendetzat abantaila da, “lehiakideen kopurua txikiagoa da eta”.
Orain arte, behintzat, Pablo Giménezek Joyel “enpresa indartsua” dela sumatu du. “Lanbide honen zati ederrena gure bitxiekin jendeari saltzen diogun ilusioa da”, ondorioztatu du.