Isildutako langile borroka

Gerra osteko Euskal Herrian, emakume langileek egin behar izan zuten borroka du kontagai Jon Abril Olaetxearen 'Isildutako eskuak' liburuak

Serafina Puy eskuinean, liburuko protagonistetako bat, aitarekin eta ahizparekin sareak josten Pasai Donibanen | Argazkia: Serafina Puyk utzia Serafina Puy eskuinean, liburuko protagonistetako bat, aitarekin eta ahizparekin sareak josten Pasai Donibanen | Argazkia: Serafina Puyk utzia

Maiatzaren Lehena iristear, ezin aproposagoa iruditu zaigu klase borroka eta langileen istorioak ardatz dituen liburu baten inguruan hitz egitea. Isildutako eskuak Jon Abril Olaetxearen liburua Frankismoak eta Elizak emakumeengan jarri zuten errepresioaren, eta andrazko horiek euren eskubideen alde egindako borrokaren isla da. Euskal Herriko hamaika lanbidetan aritutako hamalau emakumeren bizipenekin eta oroitzapenekin eraiki ditu Abrilek bere orriak.

Historikoki emakumeak etxeko lanetan soilik aritu direla pentsatu izan den arren, horietako askok kanpora atera behar izan zuten beharrera. “Diskurtso hori desmitifikatu nahi izan dut. Egia da Frankismo garaian asko saiatu zirela emakumeak lan mundutik baztertzen, baina beste errealitatea da milaka izan zirela etxetik kanpo lan egin zuten emakumeak”, nabarmendu du Abrilek. Esku finak eskatzen zituzten lanak izaten ziren, baina soldata maila eskasekoak, eta sektore berean ari ziren gizonezkoek baino irabazi gutxiago suposatzen zutenak. “Protagonismo osoa eman nahi izan diet, urte askoan ahantziak izan direlako”.

Jon Abril: “Egia da Frankismo garaian asko saiatu zirela emakumeak lan mundutik baztertzen, baina beste errealitatea da milaka izan zirela etxetik kanpo lan egin zuten emakumeak”

Emakumeek lan egiten zutenaren froga argia ere badu, testigantzak aurkitu ezinda baino aukeratu ezinda ibili delako, denak ezin izan dituelako kontatu. “Hamaika lanbide aukeratzea erabaki nuen, euskarazko hitzak duen adieragatik, beste asko ere izan badirelako”.

Espartingileak
Emakume espartingileak Mauleko Cherbero lantegian | Argazkia: Ikerzaleak elkartea

Euskal Herri guztiko emakumeak elkarrizketatzen ahalegindu dela dio, geografiaren arabera lanbideak aldatu egiten direlako. Hala, besteak beste, Ipar Euskal Herritik eta Nafarroatik neskame joandako emakumeak, Sehaskako lehendabiziko andereñoa, espartingileak, unai edo behizainak, metalurgian aritutakoak, edota tabako fabrikan ibilitako andrazkoak izan ditu kontagai.

Amatxiren bizipenei tiraka

Neskatoak izeneko dokumentala egina zuen Jon Abrilek aurretik ere, Ipar Euskal Herrira eta Frantziara lanera joandako emakumeen historia kontatzen duena. Abrilen amatxi izan zen horietako bat. “Ohartuta nengoen beste kontakizun batzuei leku dezente egin zitzaiela, batez ere, Ameriketara artzain joan zirenei, edota Ternuan bakailao arrantzan izan zirenei. Iratira eta Frantziako basoetara lanera joandako gizonen historiak ere ezagunak dira. Baina beti gizonak ziren, eta beraien historia soilik kontatzen zen”, gogoratu du. Bere amatxiren bizipenei tiraka ondu zuen dokumentala, eta lan horri esker ezagutu zituen beste emakume batzuek adierazi zioten antzeko lan bizipenak izan zituztela. “Hor ikusi nuen emakumeek kontatzeko gogoa, beharra eta nahia zituztela, egiaz langile borrokan izan zirenak asko eta asko direla”.

Neskatoak
Pakita Burguete, ezkerretik lehenbizikoa, Ziburuko Elkano etxeko jantokian, bertze hiru neskatorekin batera (Nati Irazoki, Mari Paz Lazkanotegi eta Pakita Irazoki, denak beratarrak) | Argazkia: Pakita Irazokik utzia

Liburuaren lehendabiziko zatia 2016an egindako Neskatoak dokumental horretan oinarritutakoa da. Pakita Burguete izeneko emakume beratar baten bizipenak kontatzen ditu bertan, Donibane Lohizunera neskato lanetara joan zenarenak. Beste hamahiru testigantzekin osatu du kontakizuna. “Dokumentalekoez gain, bestelako kontakizun batzuk ere egon zitezkeela ikusita otu zitzaidan halako beste proiektu bat egitearen ideia, oraingoan idatzizkoa. Tene Mujika bekara aurkeztu nintzen, hautatua izan nintzen, eta hortik etorri zen liburuaren osaera”, argitu du Abrilek.

“Ez dugu ahaztu behar mugimendu sindikalen eta mugimendu feministaren hastapenetan emakume langile horien ekarpena berebizikoa izan zela”

Bi proiektuak amaituta, eta bertatik bertara bizitakoen testigantzak ezagututa, argi dio etxetik kanpo lan egiten zuten emakumeak historian zehar bigarren mailakotzat hartu izan direla, eta borroka handia dagoela atzean: “Sistema osoa eraiki zen emakumea lanean deseroso edo lekuz kanpo egon zedin. Emakumeen lana eta borroka ezinbestekoak izan ziren hori gainditzeko, eta oso gutxi ezagutzen dugu egin zuten lana. Ez dugu ahaztu behar mugimendu sindikalen eta mugimendu feministaren hastapenetan emakume langile horien ekarpena berebizikoa izan zela”. Izan ere, emakume langile horiek izan ziren sistemak ezarritako arauak zalantzan jarri eta gogor borrokatu zutenak. Bide batez, gainera, emakumeak ahalduntzea eta gizartean aldaketak eragitea lortu zuten.  

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK