Bere ehun urte baino gehiagoko ibilbidean bigarrenekoz jokatuko du Osasunak Espainiako Errege Kopako finala gaur. 2005ean Betisen aurka galdu ondoren, Real Madril izango dute gorritxoek aurrez aurre Sevillako La Cartuja estadioan. Oztopo guztien gainetik, esfortzu handia eginik eta nola edo hala penintsula osoa zeharkatuta 20.000 Osasuna zale baino gehiago elkartuko dira bertan 22:00etan partiduaz gozatu eta taldea hauspotzeko asmoz. Sobera esperientzia, diru eta kalitate duen talde zuria menperatzeko talde gorritxoko jokalari eta milaka jarraitzaileek ilusio zein grinez orekatu beharko dute finala. Hala, emaitza dena delako izanik, jai giroan kolore gorriz margotuko da Andaluziako hiriburua.
Osasuna eta Real Madril finalistak izaki, partida Sevillan jokatzeak ere eman du bere zeresana, Osasunako bazkideak autobusez, hegazkinez, trenez edota autoz ia 1.000 kilometroko bidai luzea egingo baitute. Espainiako Futbol Federazioak, ordea, La Cartuja estadioan Errege Kopako finalak jokatzeko akordioa sinatua du 2024 arte. Jagoba Arrasate Osasunako entrenatzailea kritiko azaldu zen Euskadi Irratian egindako elkarrizketan gai honi buruz galdetuta. Bere hitzetan, Federazioak bazkideen ilusioarekin jokatzen du, eta Osasunarentzat momentu historikoa izateaz aprobetxatzen dira, partidurako sarrerak ere garesti salduz. Bestalde, bazkideek Osasunagatik esfortzu handi bat egin behar dutela nabarmendu zuen, horrek euren etorkizuneko oporretan, San Ferminetan, esaterako, izan dezakeen ondorioekin.
150 bat autobus abiatu dira Iruñeatik Sevillara, 15 tren berezi jarri dituzte eta autoz joana den jendeaz gain, 200 bat autokarabana ere espero dira Sevillan
Eta ez da gutxiagorako. Bidai luze batek dakartzan gastuak, Sevilla eta inguruetako hotelen prezio altuak, partidarako sarrera garestiak, eta partida bera ere gaueko hamarretan jokatzeak jarraitzaileei ez die inolako mesederik egingo. Dena den, ez dute hutsik egingo, eta 150 bat autobus abiatu dira Iruñeatik Sevillara, 15 tren berezi jarri dituzte eta autoz joana den jendeaz gain, 200 bat autokarabana ere espero dira Sevillan.
Garesti aterako den bidai luzea
57.600 jarraitzaile sartu ahal dira denera La Cartujan. Espainiako Futbol Federazioak sarreren %40a eman die finalista bakoitzari, gainerako %20a beretzako gordez. Sarreren prezioak 30 eta 222 euroren artekoak dira, eserleku merkeenak ikuspen gutxikoak izanik, La Cartuja atletismoko pista duen kirol anitzetarako azpiegitura baita.
Itxura batez beraz, bai distantziagatik bai estadioaren ezaugarriengatik egokiena ez dirudien zelaia ez bada ere, aipa bezala Espainiako Futbol Federazioak Andaluziako Juntarekin adostu zuen iaz La Cartuja Errege Kopako finalaren egoitza beste bi urtez. Akordio horrek urtero 1,2 milioiko diru sarrerak sortzeaz gain, finala azken bost urtez segidan bertan izateak 165 milioi euroko eragin ekonomikoa izango zuela adierazi zuen Manuel Alejandro Cardenete Juntako Hezkuntza eta Kiroletako kontseilari ohiak.
Espainiako Futbol Federazioak Andaluziako Juntarekin adostu zuen iaz La Cartuja Errege Kopako finalaren egoitza beste bi urtez. Akordio horrek urtero 1,2 milioiko diru sarrerak sortzeaz gain, finala azken bost urtez segidan bertan izateak 165 milioi euroko eragin ekonomikoa izango du
Aurten finalera joateko Osasunako bidai agentzia ofizialak, BCD Sportsek, hainbat aukera eman dizkie Osasunako bazkideei: 237 eurokoa da bidai merkeena, ostiralean autobusez abiatu Badajozeraino —Sevillatik 130 bat kilometrora—, bertako hotelean bi gau pasa eta Badajozetik Sevillarainoko bidaia barne. Autobusez beste aukera, Sevillan bi gau pasatzea da, baina prezioa 400-500 eurora areagotzen da. Klubaren bidai ofizialean joateko aukera ere eskaini du agentziak, lau izarreko hotelean bi gau eta finalerako sarrerarekin 1.150 eta 1.600 euroko prezioetan. Gainera, gaur bertan aterata bi hegaldi eskaini dituzte, bata Iruñeatik eta bestea Gasteiztik, biak 500 euroko pasotxoko prezioan.
500 euroko gastuak batez beste
Klubaren eskaintzaz aparte, Nafarroako bidai agentziak buru-belarri aritu dira azken hilabetean Osasuna zaleentzako bidai aukera egokienak aurkitzen. Gorriak on Tour Divertis bidai agentziaren Osasunako partiduak antolatzen dituen plataforma da 2007tik, eta bertako arduradun den Oscar Brionesek azaldu duenez, lan eskerga egiten ari dira azken asteetan. 1.200 bat jarraitzailek bidaiatuko dute eurekin, eta sei bidaia aukera eskaini dituzte: charter hegaldia 5etik 7ra Sevillan bi gau pasata; beste hegaldi bat Bilbotik Malagara, eta Sevillara lekualdaketa; finaleko egunean joaneko eta bueltako bidaia, bai trenez eta autobusez; eta beste bi bidai mota autobusez, batean Merida eta bestean Kordobara, bertan bi gau pasatzeko aukerarekin. Hala, euren aukera ekonomikoena 150 eurokoa da pertsonako, garestiena berriz, charter hegaldiarena 829 eurokoa. Halaber, Brionesen arabera, jarraitzaile bakoitzaren bidaia berdina ez bada ere, bidaiari bakoitzak batez beste garraioa, ostatua eta janaria kontuan hartuta eta partidurako sarrera gabe 500 euro gastatuko dituela uste du.
Gorriak on Tourrekin 1.200 bat jarraitzailek bidaiatuko dute, 150 eta 829 euro bitarteko prezioan
Navarsol bidai agentziarekin beste 1.000 gorritxok bidaiatuko dute. Autobusez joateko hiru aukera zabaldu dituzte hauek, eta Sevillan, Cáceresen edota Monesteron (Sevillatik 90 kilometrora) pasa ahal izango dute gaua jarraitzaileek. Hegazkinez, ostiraletik igandera Sevillarako bidaia dute, eta beste bi hegaldi larunbatean irten eta igandean bueltatuko dira. Hegazkin bakoitzean 189 pertsona joango direla esan du Juantxi Patús agentziako arduradunak. Autobusez 290 euro da prezio merkeena, eta hegaldi garestiena berriz, 685 euro.
Azken unera arte kolokan
Sarrera eta bidai nahaspila honetan murgilduta zaleak kezkaz beterik izan dituen autobus gidarien greba ere izan da guztien ahotan. Kopako finalerako deituta zegon lanuztea, baina aste honetan bertan behera uzteko aurreakordioa lortu dute ANET Nafarroako Errepide bidezko Garraio eta Logistika Enpresaburuen Elkarteak eta lanuztera deitu zuten ELA, UGT, LAB eta CCOO sindikatuek. Beldurrak airean zituen Osasuna zale asko. Izan ere, lanuzteak Sevillara zihoazen 150 autobusen bidaiak kolokan jartzen zituen. Sindikatuek salatu zutenez, 2017tik zeuden sektorean hitzarmenik gabe, baina Errege Kopako finalarekin bat, negoziazioa desblokeatzea lortu eta greba saihestu dute.
Oscar Briones: “Grebak sortutako ziurgabetasunak gure lana zaildu du. Autobusen irteera segurua ez zela jakinda, nolabaiteko geldialdia egonda gurekin bidaiatu nahi izan duten eskaeretan, eta aukera seguru edo lasaiago batzuk bilatzera jo du jendeak”
Nahiz eta akordiora iritsi, Brionesek bidaiak antolatzerakoan eragin handia izan duela adierazi du. “Grebak sortutako ziurgabetasunak gure lana zaildu du. Autobusen irteera segurua ez zela jakinda, nolabaiteko geldialdia egonda gurekin bidaiatu nahi izan duten eskaeretan, eta aukera seguru edo lasaiago batzuk bilatzera jo du jendeak”. Dena den, arduradunak azaldu du ahalegin guztiak egin dituztela greba egin izan balitz beste soluzioa batzuk bilatzeko.
Eta klubarentzat zer?
Futbola pasioa eta dibertimendu bada ere, kirolaz gozatu eta zure taldea telebistan zein zuzenean ikusteak ahalegin ekonomiko handia suposatzen du, aldi berean, erakunde publiko zein futbol federazioentzat sekulako diru iturria izanik. Ekosistema horretan, klubek ere euren papera jokatzen dute eta industriak sortzen dituen diru kantitate handiak patrikaratzen dituzte, nahiz eta gero sekulako dirutza utzi behar izaten duten maila gorenean eutsi edota taldearen bizirautea bermatzeko. Ondo baino hobeto dakite hori Osasuna zaleek. Nahiz eta egun kluba urte gozoak bizitzen aritu, duela hamar urte baino gutxiago desagertzear izan zen kluba, bigarren mailatik hirugarrenera jaisteko zorian izan zirenean.
Kirol mailan ondo aritzeak, baina, ekonomikoki ere diru gehiago eskuratzea dakar eta Osasunak finalera iristearekin sinpleki dirua irabaziko du. Espainiako Futbol Federazioak 33 milioi euroko diru-sarrerak lortzen ditu Errege Kopako telebista eskubideak salduaz, eta horietatik %90 lehenengo mailako taldeen artean banatzen da. Hau da, talde bakoitzak txapelketa parte hartzeagatik soilik 675.000 euro biltzen ditu. Txapelketako faseak gainditzen joanez gero, kopurua areagotu egiten da. Gainera, aurreko urteetan izandako emaitzak ere kontuan hartzen dira diru sariak ematerakoan. Iaz, esaterako, Betisek beste 600.000 inguru jaso zituen txapeldun izateagatik, denera beraz, 1,2 milioi. Aurten ere, txapeldunak kopuru bera jasoko luke; txapeldun ordeak berriz, zertxobait gutxiago, milioi bat inguru guztira.
Espainiako Futbol Federazioak 33 milioi euroko diru sarrerak lortzen ditu Errege Kopako telebista eskubideak salduaz, eta horietatik %90era lehenengo mailako taldeen artean banatzen da
Dena den, Errege Kopa irabazteak badu kirol zein ekonomia arloan garrantzitsua den beste pizgarri bat, hurrengo urtean Europan jokatzearena, hain zuzen. Hala, Europako txapelketan parte hartzeak ekonomikoki sekulako hauspoa eman liezaioke Osasunari. Kopa irabaziz gero, 2023-2024 denboraldian Europa Leaguen parte hartuko luke eta horrek 3,4 milioi diru sarrerak ekarriko lizkioke. Are gehiago, Europako lehiaketan partida bat irabazteak 630.000ko diru-saria du; berdintzeak berriz, 210.000 eurokoa.