Langile mugimendua, bost euskal dokumentaletan

Mantxurriano eta belarrimotz, Donibane Lohizune arrantzale edota Euskalduna ontziolako emakume langileen istorioak kontatu dira besteak beste pantaila handian

Lumière fabrikaren irteera (La Sortie de l'usine Lumière à Lyon) filmaren irudi bat Lumière fabrikaren irteera (La Sortie de l'usine Lumière à Lyon) filmaren irudi bat

1895eko abenduaren 28an, Parisko Indien du Grand Café aretoan, Auguste eta Louis Lumière anaiek entretenimenduaren industria goitik behera eraldatu zuten, zinematografo izeneko euren asmakizunaren lehen emanaldian. Egun hartan, apenas minutu bateko iraupena duten 10 film mutu proiektatu zituzten errezel zuri handi batez osatutako pantailaren gainean; aurrena, Trenaren Iritsiera La Ciotat-era izenburukoa. Irudiek hain benetakoak ziruditen ezen bertaratutako ikusleak arrapaladan atera baitziren aretotik oihuen artean, trenak pantaila zeharkatu eta harrapatuko zituen beldur.

Trenaren iritsiera… zinemaren historiako lehen fikzioa dugu, filma osatzen duen sekuentzia ikoniko guzti hura aldez aurretik ezarri zutelako Lumière anaiek, mise en scéne delakoaren bidez. Ezer ez da ausaz gertatzen, errealitatea fikzionatu egiten da. Irudiotako bidaiari zein trenbideko langile horiek bi zuzendarien aurretiazko acting oharrak bete zituzten eta lehenbiziko aktore bilakatu ziren.

Egun hartan bertan, Lumière fabrikaren irteera 46 segundoko filma ere erakutsi zen. Historiako lehen dokumentala, hain zuzen ere. Lyongo Lumière argazki aparailuen faktoriako langileak Saint Victor kalera ematen duen atetik ateratzen dira, lan egun baten ostean. Ehun baino gehiago dira, gutxienez, eta gehienak emakumeak. Ateratzen ari diren bitartean, bakoitza berera doa; elkarrekin hizketan; bizikletan ibiltzen; oinez, zaldiek tiratutako gurdi batean; txakur batekin jolasean; kamerari begira txantxa pixka bat egiten, agian “patroi hauek zoraturik daude” pentsatzen, edo, zer dakit nik, “patroi zikinak, hobe duin ordainduko baligute, jostailu txoro horrekin gu izorratzen ibili beharrean”.

Trenaren iritsiera… zinemaren historiako lehen fikzioa dugu, filma osatzen duen sekuentzia ikoniko guzti hura aldez aurretik ezarri zutelako Lumière anaiek, mise en scéne delakoaren bidez

Orain gutxi Mikel Toralen eta Txutxi Paredesen La fábrica de mi padre film luze dokumentala sareratu da. Bizkaiko Labe Garaiak, Artiach, Backock & Wilcox, Dalia, Euskalduna, La Naval, Nervacero edo La Encartada bezalako lantegi handietako hogei bat langile ohien lekukotzaren bidez, 1950 eta 1990 urteen arteko Bizkaiko bigarren industrializazioaren arkitektura fisiko, sozial eta politikoa deskribatzen duen filma. EnpresaBIDEAn bertan, elkarrizketa biziki interesgarria egin zion zuzendarietako bati Laura Ruiz Gasparrek.

Gure herriaren memoriaren aldeko dokumental hunkigarri hori aitzakia hartuta, hurrengo lerroetan Euskal Herrian ekoiztutako eta langile mugimendua gaitzat duten beste bost dokumentalen inguruan zertzelada batzuk.

Kastellanuek (Jon Maia Soria, 2022)

Bilbo eta Bizkaiko ezkerraldea zein meatzaldea ez dira izan industrialde bakarra gurean, ezta Espainiako Estatutik migratutako behargin guztiak ere ez ziren soilik Ibaizabal ibaiertzeko fabriketara lan egitera etorri. Gipuzkoan ere izan zen horrelakorik, Bizkaiko maketo edo coreano apelatiboen tankerako mantxurrianoak eta belarrimotzak ere entzun ziren, esaterako, Urolaldean. 1960tik 1982ra bitarte, Gaztela Leonetik eta Extremaduratik Azpeitiraino etorritako Kastellanuek dira hemengo protagonistak, nortasun handiko Sanjuandegi auzoan ezarri zirenak. Istorio honen balioetako bat da zeinen ongi esplikatzen den deserria: sorterria utzi duen bat kanpotar sentituko da (edo sentiaraziko dute, hobe esanda) bai iritsi berri den lurraldean bai utzi duen jaioterrian ere.

Euskal emakumeak (Mirentxu Loyarte, 1981)

Iratxe Fresnedaren Irrintziaren oihartzunak (2016) dokumentalari esker askok deskubritu genituen ordura arte erdi ezkutuan mantendu ziren (edo zituzten) Loyarte zinegile iruindarraren bi lanak. Bata, poesia eta dantza uztartzen dituen Irrintzi (1978) film konprometitua; bestea, Euskal emakumeak hau, zeinak Euskal Herriko emakumearen egoera erakusten duen, off ahots bat eta zeregin ezberdinetan aritzen diren lau emakume langileren irudiak tartekatuz. Biak Antxon Ezeizak sortutako Ikuska dokumental saileko (hurrengo atalean azalduko da) filmik aipagarrienetakoak dira. Arrazoi politikoak medio, bere senarrarekin batera Venezuelara erbesteratu zen Loyarte. Han, batetik, Lope de Agirreri buruzko film luze bat, eta, bestetik, Gaztibeltzaren Karabinak izeneko liburuaren moldaketa bat aurrera ateratzeko zorian egon bazen ere, azken momentuan proiektuok bertan behera geratu ziren.

Donibaneko arrantzaleak (Antxon Ezeiza, 1980)

1960an, Antxon Ezeizak eta Elias Querejetak A través de San Sebastián film laburra zuzendu zuten elkarrekin. 1970eko hamarkadarako euskal zinemaren bi aitzindari hauen bizitzak separatu egin ziren. Querejeta Madrilen ezarri zen; Ezeiza, aldiz, arrazoi politikoengatik Erdialdeko Amerikara erbesteratu. 1977ko amnistiaren ondoren, Euskal Herrira itzuli zen euskal zinemagintza nazional baten oinarriak jartzeko asmoz. Ildo horretan koka dezakegu Ikuska egitasmoaren sorrera. 20 film dokumentalen koordinazioa eta ekoizpena, Orbegozo fundazioaren, Laboral Kutxaren eta Cegasaren laguntzarekin batera. Tartean, Donibane Lohizuneko portuaren historia errepasatzen duen eta Basilio Martinez arrantzalearen egun bateko lanaldia kontatzen duen pieza hau. Izan ere, korsario-portu garrantzitsu bat izatetik, gune turistiko bihurtzera pasatzen da Donibane; bakailu, sardina eta atun-arrantza jardunari utzi gabe.  

Bilboko hiri espekulazioa (Anton Merikaetxebarria, 1979)

Hau ere Ikuska saileko filma dugu. Donostiako Zinemaldiko Film Labur Onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zuen. Garai hartako Bilbok bizi zuen egitura urbanistikoa azaltzen du. Hasieran, Atxuriko ibaiertzeko irudiak modu ederrean erakutsiko ditu Gente del Po (Michelangelo Antonioni, 1943) dokumentalaren tankerara. Ondoren baina, asfaltoa, hormigoia nagusituko da, eta horrekin batera, eraikinak eta espekulazioa, eta baita Errekalde auzoa gainetik zeharkatzen duen zubibidea desagertu dadin lanean ziharduen Jesus Omeñaka (Errekaldeberriko Familien elkarteko presidentea) ere, zeinak salatzen duen euskal burgesiak Bilbo bere enpresen onurako erabiltzen duela bizilagunen bizi-kalitatearen kalterako. 1970eko hamarkadan eraikitako zubibide horrek zutik dirau oraindik.

Nosotras. Mujeres de Euskalduna (Larraitz Zuazo, 2016)

Hasierako kredituekin batera, emakume batek alanbre txiki batez eta goma batez lagunduta artefaktu bat nola fabrikatzen duen ikusiko dugu: tiragoma bat. Behin bukatuta, emakumearen ahotsak dio: “Euskaldunaren erara eginda”. 2016ko Bilboko Zinebiko jaialdian estreinatu zen Nosotras… eta ordura arte Euskalduna ontziolaren langile borrokaren inguruko film, dokumental eta telebista-saio ugari eginak baziren ere, langileen ikuspuntutik soilik, hots, gizonen ikuspuntutik kontatua izan beti ‘Euskaldunaren bataila’ izenez deiturikoa. Dokumental honen gidoigileetako bat den Araitz Rodriguezek, ontziolako langile baten alabak, 1983 eta 1988 urteen artean izan zen borrokaren berreraikitzeko lanari ekiten dio, research neketsu bezain argigarri baten bitartez. Bere amaren eta Euskaldunako Emakumeen Asanbladan parte hartu zuen beste emakume batzuen ikuspegiaren bidez harilkatzen joango da istorioa. Bukatzeko, zer pentsatua eman zidaten emakume haietako baten hitzak: “(Borroka hau) era naturalean egin dugun zerbait izan da eta gero ez diogu behar adina garrantzirik eman”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK