2020a urte ona izan zen liburu salmentari dagokionez. Eusko Jaurlaritzak eginiko txosten baten jasotzen denez, euskarazko liburuen salmentagatik lorturiko fakturazioa 39.589.340 eurokoa izan zen. "Salmentak ondo joan ziren. Harritzekoa izan zen, baina liburu asko saldu ziren", azaldu du Iñigo Fernandez Oregi Txalapartako Marketineko arduradunak. Geroztik, baina, zein izan da bilakaera? "2021ean tendentzia apur bat gorakorra mantendu zen, baina 2022 eta 2023an jaitsiera nabarmena izan zen salmentetan. Guk ere nabaritu genuen". Arrazoia zein izan zen ez dute argi, baina ikusi dute salmentek berriro ere gorako joera hartu dutela 2024ean. "Urtea itxi gabe badugu ere, aurreko hilabeteek tendentzia hori erakusten digute. Ez da 2019 edo 2020ko datuekin alderatzeko modukoa, baina gorantz doa", dio.
Txalapartarentzat etengabe egokitzeko urteak izan dira azkenekoak. Argitaletxe bezala sortua, 35 urtez Tafallan izan dira, eta 2017tik online liburu-denda dute. Duela urte eta erdi, berriz, Iruñeko Parte Zaharrean aurrez aurreko saltokia zabaldu zuten. "Uste genuen bazela garaia aurrerapausoa emateko. Tafallan bulegoak genituen, baina ez genion herriari berari ekarpenik egiten, kale mailan ez genuelako ezer." Iruñea Euskal Herriko hiriburutzat jota, eta logistikoki ere taldea hiritarra izanik, mugimendua egiteko unea zela ikusi zuten. Aukera ere sortu zitzaien, non kokatu. "Ez da dinamizazio komertzialari loturiko erabaki soila. Herritarrei beste eskaintza emateko eta gertutasuna adierazteko modua ere bada", nabarmendu du.
Iñigo Fernandez Oregi: "Posmodernitatea gauza asko dira, baina tendentzia teknologikoetara hurbiltzea edo egokitzea da funtsean eztabaidatzen ari garena. Argitaletxeak nahiko serio ari gara horretan"
Edozein kasutan, sektorea berrasmatu edo hileko une baten dago nolabait. "Eztabaida horretan ari gara, modernitatetik posmodernitatera igarotzeko ekintzan", azpimarratu du Fernandezek. Nola ulertzen dute posmodernitatea? "Posmodernitatea gauza asko dira, baina tendentzia teknologikoetara hurbiltzea edo egokitzea da funtsean eztabaidatzen ari garena. Egun ikus-entzunezkoak garrantzia handia ari dira irabazten: podcastak ditugu, sareetan gauza asko egiten dira...". Argitaletxeen kasuan, esaterako, horretara egokitzeko "nahiko serio" ari direla uste du Txalapartakoak. "Gure kasuan jende gaztea gara, eta prestutasun eta gaurkotasuna dugu gauza berriak ekartzeko", gehitu du.
Estrategikoki aurrerapausoak ematen jarraitzea ezinbestekotzat jo du, eta horretan teknologia lagun duela liburuaren sektoreak. "Olatua etorriko zaizu zenbaitetan, eta hori surfeatu egin behar da. Bestela olatuak jan egingo zaitu. Eta hori da teknologia: olatu bat".
Aurrez aurrekoaren hauspo
Teknologiako lotura horrekin luze lanean aritu diren bezala, liburu denda nahiko berria izateak, aurrez aurreko jardueren antolaketari berriki heltzea ekarri dio Txalapartari. "Liburu aurkezpenak eta halako ekintzak egitea guretzat oso berria da. Ez dugu aukerarik izan hau egiteko aurretik". Asteazkenean, hilaren 11an, Mendeku eskubidea liburuaren aurkezpen-solasaldia egin zuten Ernesto Prat egilearekin eta Elurre Iriarte Bañez idazlearekin, Zu Non, Han DA! egitasmoaren baitan.
Gerediaga Elkarteak abiarazitako egitasmoa, azokan plazaratu diren nobedadeak Euskal Herriko liburu-denda handi zein txikietan aurkeztea ahalbidetzen du Zu Non, Han DA!-k. "Helburua ez da azokaren desestazionalizazioa. Azken baten azoka bukatu eta hurrengo bi asteetan egiten den egitasmoa baita. Gehiago da kultur sorkuntza zein zaletasuna hauspotzea, eta, sortzaile, bitartekari eta herritarren arteko zubi lanak eraikitzea", nabarmendu du Beñat Gaztelurrutiak, Gerediaga Elkartetik.
Pandemia garaian jaio zen egitasmoa. 2020an aurrez aurreko Durangoko Azokarik ezin izan zuten egin Durangon, baina nolabait ere azokari eusteko kontzertuak eta liburu aurkezpenak egiteko ideia sortu zen, Euskal Herriko liburu dendekin eta kontzertu aretoekin elkarlanean. "Harrera ona izan zuen, eta behin egitasmoa abiarazita, hurrengo urtean horri eusteko erabakia hartu genuen, kontzertuak alde batera utzita, eta liburu aurkezpenekin jarraituz", kontatu du Gaztelurrutiak.
Zu Non, Han DA aurkezpenen kostuak Durangoko Azokak kubritzen ditu, eta atzetik dagoen prestaketa eta ekoizpen lana —argitaletxeekin zubi lana, antolaketa, forma ematea— erraztu egiten du, liburu-dendei lagundu asmoz
Aurtengo edizioan 22 liburu-dendek parte hartu dute, eta aste honetan zehar ere izango dira aurkezpenak. "Lehen edizioetan 49 liburu denda izatera iritsi ginen egitasmoan parte hartzen zutenak. Baina horren emaitzak ez ziren hain onak izan. Horregatik erabaki genuen kalitatea lehenestea, kantitatearen gainetik, eta antolatuko ziren aurkezpenak mimo handiagoz antolatzea". Esaterako, solasaldi forma emanda, zenbaitetan poesia eta musika uztartuta, eta abar. Aurkezpenen antolaketak, halaber, badu beste bereizgarri bat: horien kostuak Durangoko Azokak kubritzen ditu, eta atzetik dagoen prestaketa eta ekoizpen lana —argitaletxeekin zubi lana, antolaketa, forma ematea— erraztu egiten du, liburu-dendei lagundu asmoz.
Aurrez aurrekoan kaletik ekarpena egin eta teknologiari egokitu nahian dabil, beraz, liburuen, liburu-denden, eta oro har kulturaren sektorea. Durangoko Azokako 59. edizioak ateak azkenekoz zabaldu zituenetik astebete igaro ostean, azokan sortu ohi den giro onaren eta hauspoaren arrastoak iraun dezala urteko gainontzeko 361 egunetan.