Luxuzko egonaldia

Euskal Herrian ere badira bost izarreko 13 hotel. Gau bateko egonaldiak 6.000 eurotik gorako kostua izan dezake

Argazkia: Arantza Hotela Argazkia: Arantza Hotela

Tradizioz, hotelak bost kategoriatan banatu izan dira: izar bateko hoteletatik bost izarrekora. Baina, azken urteotan kategoria gehiago sortu dituzte, eta dagoeneko sei zein zazpi izarreko hotelak ere badaude. Mundu osoan hotel bakar batek baino ez du azken kalifikazio hori, Burj Al Arab hotelak, Dubaiko uharte artifizial batean eraikitako 321 metroko altuera duen dorreak.

Euskal Herrian ez da GL letrekin bereizten den luxu handiko hotelik, baina bai bost izarreko hotel bat baino gehiago. Orotara, halako 13 hotel aurki daitezke gurean: gehienak Bilbon, bertan daudelako Carlton, Domine, Melia, eta Radisson Collection hotelak. Donostian daude Akelarre Pedro Subijana sukaldariaren bost izarreko hotela, edota Zinemaldiarekin lotura zuzena duen Maria Cristina hotel ospetsua ere. Araban, berriz, Gran Hotel Lakua aurki daiteke Gasteizen, eta mahastietan barrena joanda, Arabako Errioxako Eltziegon dago Marques de Riscal hotela. Nafarroan, berriz, Alma eta La Perla hotelak daude Iruñean, eta Arantza hotela izen bereko herrian. Miarritzen ospetsua da, bestalde, Hotel du Palais, historia luzea duen bost izarreko hotel ezaguna.

Barne Produktu Gordinaren (BPG) %2 luxuzko turismoari dagokio, eta 25.000 milioi euroko ekarpena egiten du urtean, turismoaren diru sarrera osoaren %26 inguru

Luxuzko turismoa gero eta indar handiagoa hartzen ari da. ECCIA Europako Kultura eta Sormen Industrien Aliantzak egin duen azken txostenaren arabera, herrialde bat baino gehiagotan ekarpen handiena egiten duen arloa da goi mailako turismoarena. Espainiaren kasuan, Barne Produktu Gordinaren (BPG) %2 luxuzko turismoari dagokio, eta 25.000 milioi euroko ekarpena egiten du urtean, turismoaren diru sarrera osoaren %26 inguru.

Bereizgarri egiten dituena

Baina, zer eskaintzen du luxuzko hotel batek? “Guztiek izaten dute berezitasunen bat, itsasora edo hirira bista ederrak izan ditzakete, edo zerbitzu berezien eskaintza zabala. Gureak lasaitasuna eta erabateko deskonexioa eskaintzen ditu eta horiek egiten dute erakargarri, askorentzat erlaxazio hori luxua delako”, dio Alberto Madinabeitia Arantza Hoteleko zuzendariak. Izan ere, helduentzako soilik den hotela da, bikoteentzako spa pribatua duena, eta atsedenaldi handienerako pentsatutako gelez gozatzeko aukera eskaintzen duena. “Oheak ere Hästens markakoak dira, luxuzko oheak egiten dituen enpresa suediarrarenak, atsedenaldia oso garrantzitsua baita guretzat. Gela guztiek dute kanpoaldera begira dagoen bainuontzia ere. Azken batean, isiltasuna eta natura uztartzeko prestatuta dagoen hotela da”, nabarmendu du Madinabeitiak.

Alberto Madinabeitia: “Guztiek izaten dute berezitasunen bat […] Gureak lasaitasuna eta erabateko deskonexioa eskaintzen ditu eta horiek egiten dute erakargarri, askorentzat erlaxazio hori luxua delako”

Art Hotela ere badela dio, lan minimalistaren kurbak eta zur naturala direlako nagusi, giro atsegina eta goxoa eragiten dutenak. Eta Ecolabel hotela ere bada, %100 jasangarria delako, gourmet jatetxe eta guzti: “Bertako ekoizleen produktuekin egindako jakiak eskaintzen ditugu, egunerokoan eta garaian garaiko produktuekin, kalitate estandar altuenekin eta nekazaritzarekiko duten grin horrekin. Azken batean, luxuzko gastronomia”.

Poltsiko berezientzako egonaldia

Halako luxuak ere badu bere prezioa, eta ez nolanahikoa. “Gau bakoitzeko 700 eurotik gorako eskaintzak ditugu, eta 6.000 euro pasatxoraino igo daiteke gaueko prezioa”, dio Arantzako zuzendariak. Baina, logelaz gain, gainerako esperientziak ere prezioaren barnean daudela gaineratu du, tartean, spa edota otorduren bat, “pack ezberdinak” eskaintzen dituztelako.

“Gau bakoitzeko 700 eurotik gorako eskaintzak ditugu, eta 6.000 euro pasatxoraino igo daiteke gaueko prezioa”

Bisitariei lotuta, dio garaiaren arabera aldatu egiten dela bezeroen jatorria: “Aste Santu garaian Espainiako bezeroak izaten ditugu, eta ostean, batez ere udari begira, atzerritarrak etortzen dira, estatubatuarrak eta hegoamerikarrak gehienbat. Urtean zehar, berriz, Euskal Herri mailako bezeroak izaten ditugu, eta baita inguruko probintzietakoak ere. Baiona, Bordele edota Toulousetik bezero asko etortzen zaizkigu”.

Aste Santuak gainean direnez, Arantza Hotelaren okupazio maila %50ean dago, baina datozen egunetan erreserba gehiago izatea aurreikusten du zuzendariak, azken orduko erreserbak oso ohikoak izaten direlako halako luxuzko hoteletan.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK