
Maider Pérez Euskadi Turismo de Novela proiektuaren sortzailea da. Bisita gidatuak eskaintzen ditu Donostian eta Pasaian, baina ez dira edonolako ibilaldiak: Donostialdean kokatutako eleberri eta pelikuletan oinarritzen da bisitak egiterakoan
Nola sortu zen Euskadi Turismo de Novela?
1999. urtean turismoa ikasi nuen, eta zenbait urtetan bidaia agentzietan lan egin ondoren, sektorez aldatu nintzen. Pandemia eta gero, hainbat arrazoi zirela eta, berriro ere turismoaren sektorera bueltatzea pentsatu nuen, asko gustatzen baitzait. Bestalde, eleberriak (batik bat, nobela beltzak) irakurtzea ere oso gustuko dut, baita jendearekin egotea ere. Eta orduan pentsatu nuen, “zergatik ez dut nire bizimodua hortik bideratzen?”
Ikerketa egiten hasi eta konturatu nintzen eleberri asko zeudela Donostian zein Pasaian kokatuta. Deskripzioak oso onak ziren, eta Ibon Martin idazlearen Faro del silencio eleberriarekin hasi nintzen turistentzako ibilaldiak antolatzen, 2022. urtean. Gerora, Donostialdea lantzen hasi nintzen, ikusi bainuen turista gehienak Donostiatik iristen zirela.
Gaur egun horretan jarraitzen dut, eleberrietan eta pelikuletan oinarritutako ibilbideak eskainiz Donostia eta Pasaia ezagutarazten: gure historia, ondarea, kultura… Bisitetan parte hartzeko ez da beharrezkoa irakurlea izatea, baina egia da liburuak irakurri dituenarentzat politagoa izan daitekeela esperientzia.
Literatura-turismoaz gain bestelako bisitak ere egiten ditut, “normalagoak edo”, baina ez bereziki. Nire bisitariak ez dira soilik Espainiatik datozen atzerritarrak, sarri Donostiako eta inguruko jendea ere etortzen baita.
“Tour turistiko” beharrean “anfitrioi” gisa definitzen duzu zeure burua. Zein da desberdintasuna?
Niretzako “tour turistikoek” ikuspegi negatiboa izan dezakete. Anfitrioia izatea enbaxadorea izatearen parekoa da, hau da, zure lurraldea erakusten duzu tokikoa izango bazina bezala. Bisitari berriak ditudanean eta nire burua aurkeztu behar dudanean, kuadrillakoak garela esaten diet: ni joaten naizen lekuak gomendatzen dizkiet. Ez ditut turista gisa hartzen, familia gisa baizik. Hain zuzen hori baita anfitrioiak egiten duena, bisitariei harrera egin familia izango balira bezala.
"Bisitari berriak ditudanean eta nire burua aurkeztu behar dudanean, kuadrillakoak garela esaten diet"
Erraza da ekintzaile izatea turismoaren sektorean?
Nire kasuan bai. Baina kontuan eduki behar da, ni gutxienez, zerotik hasi nintzela, Gipuzkoa mailan ez baitzegoen horrelako beste proiekturik. Gure lurraldean ez da egiten turismo literariorik. Nafarroan, aldiz, badaude adibideak, Elizondon esaterako (Dolores Redondoren Baztango trilogia dela eta), baina niretzako Gipuzkoa mailan ez zegoen ezer.
Orduan, hasiera zailagoa izan zen, martxan jartzea, eta batez ere proiektua ezagutaraztea. Nik bakarrik daramat proiektu osoa, autonomo gisa; ni naiz guztia egiten duena, eta batzuetan “emakume orkestra” sentitzen naiz.
Gainera, bezero ohiak ditudanean gauza berriak eskaintzea gustatzen zait, eta beti dauzkat ideiak buruan bueltak eta bueltak ematen: ibilbide berriak sortzeko, kolaborazio berriak egiteko… Beti dago gauza berriak egiteko aukera.

Gida turistikoen ofizialtasun eza, free tourrak… kalte egiten diete zu bezalako ekintzaileei?
Garai batean ez bezala, orain jendeak nahi duenean bidaia dezake, eta ondo iruditzen zait; baina, turistek bisita gidatua bilatzerakoan free tourrak bilatzen dituzte. Zer da free tour bat, ordea? Bada, prezio itxirik ez duen bisita. Bisitariak aukeratzen du zein prezio jarri, eta hori ez da jasangarria. Are gehiago, ez da etikoa bisita gidatuek prezio finkorik ez edukitzea. Beste sektoreetan ez du inoiz kontsumitzaileak erabakitzen zenbat ordainduko duen. Kafetegian esnea epela jartzean, ez dugu 1,50 euro beharrean 1,20 euro ordaintzen; gauza bera pasatzen da ile-apaindegian, egindako metxak gustatzen ez zaizkigunean. Prezioak itxiak izan behar dute.
"Ez da etikoa bisita gidatuek prezio finkorik ez edukitzea"
Horrelako turismoa egiten dutenek beharrezkoa dute kaleetatik pertsona askoz osatutako taldeekin joatea, ekonomikoki bideragarriak izan daitezen. Gaur bertan Donostian izan naiz, eta bost edo sei gida ikusi ditut, bata bestearen atzetik, bakoitza hogeita bost bisitarirekin. Ni lau pertsonekin joaten naiz, eta horregatik dirua galdu behar badut, dirua galduko dut; baina ez naiz hainbeste jenderekin kaletik ibiliko, ez baita etikoa. Kuadrilla gisa paseatzen dugu kaleetatik, ez gara erakusleihoen aurrean geldirik geratzen, eta, finean, ez dugu eragozten.

Biztanleek denak zaku berdinean sartzen gaituzte, eta ulergarria da, noski. Turismoa ondo egiten dugunak ez gara ikusgarriak; gaizki eta masiboki praktikatzen dutenak, ordea, bai. Horrelako praktikak moztu egin behar ditugu, bestela jan egingo gaituztelako. Turismoa etsaila dela diote, baina, ez, turismo guztia ez da etsaia.
“Turismo jasangarria” da zurea. Zer esan nahi du horrek?
Jendeari ahoa betetzen zaio gai horren gainean hitz egiterakoan, “turismo etikoari” buruz eta abar. Nik turismo etikoaren zigilua dut, eta hori egiten dudala sentitzen dut. Donostiarra izanik, ez dut turismoa inbaditzailea izatea nahi, positiboa den zerbait baizik, eta ez soilik turismoan lan egiten dutenengatik, baizik eta beste arloetan lan egiten dutenengatik.
Zer da, beraz, jasangarri izatea? Masiboa ez izatea, tokiko merkatariak gomendatzea, lantaldea etxekoa edo hurbilekoa izatea eta gure kulturari buruz azalpenak eskaintzea. Argi daukat kanpotik datorren atzerritarrak ez duela euskara profila aterako, baina, behintzat, gure hitz erabilgarrienak buruan izatea eta erabiltzen saiatzea nahi dut. Bisitariek argi izatea nondik datorren gure kultura, nortasuna, eta hizkuntza. Hori da, nire ustetan, turismo jasangarria sustatzea.
"Ni lau pertsonekin joaten naiz, eta horregatik dirua galdu behar badut, dirua galduko dut"
Barne gatazka dut, esaterako, “pintxo tourrekin”. Webgunean jarrita daukat zerbitzu hori ere eskaintzen dudala, jendeak batzuetan eskatzen dituelako, eta hala ikus dezaketelako “bisita normalak” ere egiten ditudala. Baina ez ditut hainbeste egiten, horrelako milaka zerbitzu egoteaz gain, iruditzen zaidalako jasangarria izan nahi badut ezin dudala horrelako "pintxo-bisita masiborik" egin.
Ze asmo dituzu etorkizunera begira?
Maiatzaren 1ean eta 3an, adibidez, elkarlana egingo dut Debagoienean, eta Ibon Martínen El ladrón de rostros eleberria hizpide izanik doako bisita eskainiko dugu. Oñatin hasi eta bukatuko da ibilbidea, baina Araotz auzoa eta Arantzazuko Santutegia bisitatuko ditugu. Ondare kulturalari buruzko ibilbidea egingo dugu, benetako free tourra: bisitariek ez dute dirurik eman beharko, baina nik kobratu egingo dut, kolaborazio publiko-pribatua delako.
2023an ere egin genuen elkarlana, eta orain berriro deitu naute ekimena errepikatzeko. Hainbeste lan egin eta horrenbeste lekutan egon eta gero, oso pozik nago, jendea nitaz gogoratzen delako literatura-turismoaz pentsatzen duenean. Bada zerbait.