Ongi Etorri Baserrira! egitasmoak hiritar eta baserritarren arteko zubi lanak egitea du xede eta gure baserritan egiten den lana aldarrikatuz Euskal Herriko hainbat baserri bisitatzeko parada eskaintzen du. Izan ere, kalitatezko esne, gazta edota haragia erosteko lan asko egin behar da lehenago eta gure harategian edota supermerkatuan goi mailako produktu osasuntsu eta zainduetaz gozatu ahal izateko zoritxarrez ikusezin edo oharkabeko lan eskerga egiten dute bertoko baserritarrek.
Amezketako Zuzitza da, esaterako, tokiko produktuak ekoizten dituen gure baserrietako bat. Ongi Etorri Baserrira! egitasmoaren aitzakiarekin bigarren urtez zabaldu ditu baserriko ateak. Egun, bertan, Ainhoa Artola, bere anaia eta gurasoak bizi dira eta lauen artean ateratzen dute aurrera eguneroko abeltzaintza lana. Ainhoa alabak azaldu duenez, horrelako egitasmotan parte hartzeko prest izan ohi dira beti, izan ere, euren lanari ikusgarritasuna eman nahi diote, duen garrantzia erakutsi eta inguruko herri nahiz hirietako jendeari baserriko errealitatea ezagutarazi.
Ongi Etorri Baserrira! egitasmoak hiritar eta baserritarren arteko zubi lanak egitea du xede eta gure baserrietan egiten den lana aldarrikatu nahi du
Autoz joan ezkero, Alegia pasa eta Amezketara iritsi aurretik ezkerretarako bidegurutze bat hartu eta ia bi kilometroko errepide estu eta sigi-sagatsua gaindituta iristen da bat Zuzitza baserrira. Bertan, 50 bat behi pirenaiko eta 300 bat txerri hazteaz gain, 20 bat ardi, oiloak eta baratze bat ere badute, besteak beste. Baserri inguruko 50 hektareako belazeetan sakabanaturik edota ukuiluan eguzkitik babestuz izaten dira behiak. Txerriak, ordea, 40 hektareako basoaren eremu batean izaten dira lokatzez blai eginda.
Artola anai-arrebak gurasoek egindako lanari eusten diote eta baserriko hirugarren belaunaldia dira. Ainhoak bertan jaio zela dio eta haur hezkuntza ikasketak egin bazituen ere, natura eta animalien artean ikusten zuen bere bizitza. Hala, aiton-amonek nahiz gurasoek egindako lanaren lekukoa hartu du, familiaren lanari segida emateaz harago, bizimodu hau eraman nahi baitzuen. Halaber, gaur gero eta baserritar gutxiago daudela ikusirik, baserrietako funtsezko lana nabarmendu nahi izan du, “gero kalitatezko produktuak dendetan izan nahi baditugu beharrezko da gure lana”, kontatu du.
50 behi pirenaiko
Baserriko behi bakoitzak urtean txekor bat izaten duela gutxi gorabehera azaldu digu Artolak, hala, urtean 50 txekor jaiotzen dira baserrian. Behiak ukuiluan nahiz belazean sakabanatuta izaten dira eta egunerokotasuneko jarraipena eginez bakoitzaren beharretara egokitzen dute ukuilua, gehiago hazi behar direnak leku jakin batean utziz baita gaixorik daudenak ere. Txekorrak jaio, lehen sei hilabeteak amaren ondoan igaro eta 14 hilabete egoten dira gizentzen, gero hiltegira bidali eta haragia harategiei saltzeko –1.500 euroko prezioan gutxi gora behera-. Aitzitik, Zuzitza baserriak salmenta zuzena ere jorratzen du: “eskariak jasotzen ditugu eta hilero banaketa egiten dugu etxez- etxe”, dio Artolak.
Txekorren salmentarekin etekina ateratzen badute ere, hauek hazteko belarra eta esneaz gain, pentsua ere eman behar zaie eta azken urteotan nabarmen igo da prezioa. “Bikoizku egin da prezioa, baina guk zortea dugu lursail zati asko dugulako, belar guztia etxean egiten dugu eta ez dugu erosi beharrik. Horrekin defendatzen gara”. Baserritar askok belarra erosi behar izaten dutenez zor handiak pilatu ohi dituztela dio Artolak, eta hori dela eta, baserriko lana utzi egiten dutela azkenerako. Are gehiago, haragiaren prezioa gutxi igo da eta beraz, gastu irabazien marjina txikitu.
Txekorrak jaio, lehen sei hilabeteak amaren ondoan igaro eta 14 hilabete egoten dira gizentzen, gero hiltegira bidali eta haragia harategiei saltzeko
Zuzitzan, berriz, baserri inguruan zabaltzen den bailara berdean 50 hektareako lursailean behiak hazteaz gain, belarra hazteko nahiko espazioa dute bermatuta. “Belaze lauean belarra hazten dugu eta aldapan, berriz, behiak”. Maiatzetik uztaila arte izaten da belarra hazi eta biltzeko garaia, gero negua iristen denean behiek ukuiluan jan dezaten. Baserriaren inguruan ikus daitezke plastiko beltzez bildutako belar bolak, Artolaren arabera, horietako batek 400 bat kilo pisatzen ditu eta neguan egunero horrelako hiruzpalau jaten dituzte behiek.
Basoan hazitako txerriak
Aiton-amonak esne behiak hazten zituzten, gero gurasoak haragi behietara pasa ziren eta orain hirugarren belaunaldiak haragi behiekin segitzeaz gain, txerriak hazten ere hasi ziren duela bost urte. Artolak azaldu duenez, soldata bat ordaindu beharra zegoen, eta hori dela eta, erabaki zuen basoan hazitako txerriekin abeltzaintza lanetan aritzea. “Baserrian hasi nintzenean gurasoek behiak zeuzkaten eta nik aske hazten ziren abereak nahi nituen, ez nuen nahi inbertsio handirik egin nahi instalakuntzetan ez eta ukuilu txiki batean ere”, azaldu du. Hortaz, txerriak ikusi eta gero, basoari beste erabilera bat emateko hauek haztea erabaki zuen.
Baserritik abiatuta bost minutuko ibilaldian 150 txerri biltzen dituen ukuilu irekia dute basopean. Beste 150 txerriko taldea ere izan ohi dute, baina orain beste ukuilua garbitzen dihardute, izan ere, garrantzia handia ematen diote espazioa desinfektatuta eta garbi edukitzeari eta hilabetez garbiketa lanetan aritzen dira.
Ainhoa Artola: “edozein animalia leku itxi batean hazi edo kanpoan hazi sekulako diferentzia dago. Hemen jolasteko eta mugitzeko lekua dute, lokatzez zikintzen dira, basora joateko aukera dute eta pozik bizi dira”
Basoko txerriak dira, Basatxerri kooperatibari saltzen dizkiotenak. Kooperatiba berari erosten dizkiote txerriak jaio berriak direnean, bi hilabete eta 25 kilo dituztela, eta basoan hazten dituzte bost hilabetez. “Basatxerri txerriak dira hauek eta ezaugarri batzuk bete behar dituzte, pentsu jakin bat jan behar dute, basoan ibili behar dira libre”, kontatu du baserritarrak.
Txerrikume bakoitza 65 eurotan erosten du baserritarrak, gero kilotan saltzeko. Artolak, beraz, ahalik eta gizen irten hobe dela dio eta 2,5 euro inguruan saltzen du kiloa. “Bizirik 120-130 kilo pisatuko dute, baina gero hil eta erraiak kentzean pisu gutxiago dute”.
Horrez gain, txerriak bizi eta hazteko moduan jarri nahi izan du azpimarra baserritarrak, izan ere, basoan aske hazteak asko balio duela uste du eta abereak zaintzeko modu horrek azken produktuan eragin zuzena duela adierazi du: “edozein animalia leku itxi batean hazi edo kanpoan hazi sekulako diferentzia dago. Hemen jolasteko eta mugitzeko lekua dute, lokatzez zikintzen dira, basora joateko aukera dute eta pozik bizi dira”. Hala, pozik bizi diren animaliak gerora kalitate hobea dutela iritzi dio Artolak, eta gizartean hori baloratzen ikasi behar dugula nolabait. Agian, prezioz garestiagoak izango dira, baina Euskal Herriko larre nahiz basoetan maitasun osoz hazitakoak direla ohartaraziko digu.