Ura, baliabide preziatua: sei film hausnarketarako

Zinemak uraren garrantzia eta haren gaineko gatazkak islatu izan ditu maiz; ondorengo sei filmek baliabide preziatuari buruzko injustiziez eta borrokez beteriko istorioak kontatzen dituzte. Uraren Nazioarteko Egunean ikusteko film paregabeak

Muntaia: EnpresaBIDEA Muntaia: EnpresaBIDEA

Gaur, martxoak 22, Uraren Nazioarteko Eguna da, egun ezin hobea hausnartzeko ura zein garrantzitsua den, bai gure bizitzetan, baita ekonomia globalean ere. Errealitatean ez ezik, zineman ere kontatu izan dira istorioak edateko ura eskuratzeko zenbait lekutan dauden arazoei, uraren kudeaketak sortutako gatazkei eta baliabidearen pribatizazioari buruz. Dokumentalez haratago, zenbait filmek ura ondasun preziatu gisa jorratu dute, zeinaren alde eta negozioen ustelkeriaren aurka borrokatu behar izan den herria, baliabidea ustiapenerako eta etekinak lortzeko erabili izan baita sarri.

Gaur, sei pelikula gomendatu nahi dizkizue EnpresaBIDEAk, hain zuzen, ura hizpide dutenak, era batera ala bestera; baliabidea pribatizatu duten negozioetatik hasi eta ingurumen-gatazketaraino istorioak kontatzen dira filmetan, tokiko komunitateetan izandako inpaktua ere kontuan izanik. Funtsezko bizi-iturria denaren balioaz hausnartzera gonbidatzen gaituen aukeraketa zinematografikoa, finean.

También la lluvia (2010)

Sebastián eta Costa Boliviara joan dira Cristobal Coloni buruzko filma ekoiztera, pertsonaia historikoaren irudia desmitifikatzeko helburuarekin. Bikotea iragana birsortzen saiatzen ari den bitartean, 2000. urteko Uraren Gerran murgiltzen dira protagonistak. Izan ere, Cochamba hiriko biztanleak matxinatzen hasten dira uraren pribatizazioaren aurka. Hala, garai batean urrearekin pasa zen bezala, ura gatazkaren ardatz bihurtuko da. Hasiera batean proiektu zinematografikoa dena, herri baten errealitatearen isla bilakatuko da, oro har, gatazkatsua eta pobrea.

Pelikulako Uraren Gerra 2000. urtean Cochambako hirian benetan gertatu zen gatazkan oinarritzen da; multinazional batek uraren kontrola hartu zuen, prezioen gorakada eraginda, eta herritar asko oinarrizko baliabidea eskuratzeko eta erabiltzeko aukera gabe geratu ziren. Euriaren ura jasotzeko ere lizentzia espezifikoa behar zen. Protesta masiboak bortizki erreprimitu ziren eta gatazka nazionala sortu zen.

Zuzendaria: Icíar Bollaín

Iraupena: 104 min

Generoa: Drama soziala

Erin Brockovich (2000)

Benetako gertakarian oinarritutako drama judiziala da honakoa, non Erin izeneko emakumea ustelkeria korporatiboaren aurka borrokatuko den. Zailtasun ekonomikoak dituen ama ezkongabeak lan berria eskuratzen du abokatu baten administrari gisa, eta nahiz eta esperientziarik ez izan, kasu susmagarria aurkituko du. Pacific Gas and Electric multinazionalak Kaliforniako lurpeko uraren kutsaduran duen inplikazioa aztertuko du zehazki, zeinaren ondorioz hainbat kaltetu egon diren. Erinek susmatuko du jendeak edaten duen urarekin zerikusia dutela gaixotasunek.

Zuzendaria: Steven Soderbergh

Iraupena: 131 min

Generoa: Drama judiziala

Dark waters (2019)

Benetako gertaeretan oinarritutako drama judizial gehiago nahi badituzu, irakurle, hona hemen bigarrena. Rober Bilott abokatua dugu protagonista, korporazioak defendatzen espezializatutako aditua. Bere ibilbide profesionala hankaz gora jarriko du DuPont izeneko multinazionalak: konpainiak herritarrek edaten duten ura kutsatzen du. Enpresa ikertu ahala, Bilottek uretan dauden substantzia kimikoak konektatuko ditu komunitatean hedatu diren gaixotasunekin eta azaldu ezin diren zenbait heriotzekin. Hala, justizia bilatzeak munduko enpresa boteretsuenetako bati aurre egitera eramango du abokatua, haren lana eta ospea arriskuan jarrita.

Ura protagonista da filmean: jatorriz bizia ematen duen baliabidea ustelkeriaren eta pozoiaren sinbolo bilakatuko da.

Zuzendaria: Todd Haynes

Iraupena: 126 min

Generoa: Drama judiziala

A civil action (1998)

Steven Zaillianek zuzendutako pelikula Massachussettseko Woburn hirian kokatzen da. Bertan bizi diren zortzi familiek bi korporazio boteretsuren aurka izandako borrokari buruzko drama judizial hau ere benetako gertakarietan oinarritzen da. Jan Schlichtmann abokatuak familia horien kasua onartuko du, zeinak pozoituak izan diren edateko ura hondakin kimikoekin kutsatua izan ondoren. Urak leuzemia eragin die haurrei, baita heriotza ere.

Istorio honetan ere bizi-iturria pozoi hilgarri bilakatuko da, korporazioen gutiziaren eta erregulaziorik ezaren ondorioz. Zehazki, Jonathan Harr idazlearen liburuan dago oinarrituta kontakizuna, non auzitara eraman ziren W.R. Grace eta Beatrice Foods enpresak.

Zuzendaria: Steven Zaillian

Iraupena: 115 min

Generoa: Drama judiziala

Rango (2011)

Animazioa gustuko duenak hauxe du uraren egunean ikusteko film aparta. Aktore arima duen kameleoia dugu protagonista, zeinak Dirt izeneko herrian amaituko duen. Leku guztiz idorra den heinean, herritarrek ura dute ondasunik preziatuena, eta, aldi berean, lehortearen ondorioz, baliabiderik urriena. Biztanleak arazoa konponduko duen heroiaren bila dabiltzanez, une ezin hobean iristen da Rango (hala du izena kameleoiak). Azken horrek bere burua herriko sheriff izendatu eta bere gain hartuko du uraren desagerpenaren misterioa konpontzeko eginkizuna.

Umore adimentsuaren eta animazio apartaren bidez, filmak western klasikoak omentzen ditu, uraren garrantziari buruzko hausnarketa egiten duen bitartean. Hain zuzen, uraren kontrola botere tresna gisa nola erabil daitekeen azaltzen du istorioak. Abentura dibertigarri zein kritikoa adin guztientzako kontakizun irisgarri bilakatzen da.

Zuzendaria: Gore Verbinski

Iraupena: 111 min

Generoa: Komedia

Chinatown (1974)

Roman Polanskik zuzendutako pelikula 1937an Los Angelesen girotutako zinema beltzaren klasikoa da. Gittes detektibe pribatua kontratatzen du Evelyn Mulwray omen den emakumeak, hain zuzen, bere senarra den Hollis Mulwray-en ustezko desleialtasuna ikertzeko. Kasuak, ordea, ustekabeko bidea hartuko du benetako Evelyn-ek bere nortasuna aldarrikatu eta handik gutxira senarra hilda agertzen denean. Detektibea familiaren sekretu ilunen sare konplexuan barneratuko da hala.

Baina, zer zerikusi du horrek, urarekin? Bada, Kaliforniako hazkundearen eta espekulazio hidrikoaren benetako istorioan oinarrituta, pelikulak erakusten du uraren kontrola beste edozein borroka-eremu bezain arriskutsua izan daitekeela, gertakizunak eta pertsonaiak fikziozkoak izan arren; gainera, hain zuzen, Mulwray senarra ur-konpainia bateko ingeniaria da.

Zuzendaria: Roman Polanski

Iraupena: 131 min

Generoa: Zinema beltza, suspensea

Amaitzeko...

Zinemak, entretenitzeaz gain, arazo sozial zein ekonomikoez jabetzen ere laguntzen digu. Sei filmek, era batera edo bestera, erakusten digute sarri estimatzea kostatzen zaigun baliabide hutsa baino gehiago dela ura, funtsezko ondasuna dela, eta gogorarazten digute haren kudeaketak gatazkak, desberdintasunak eta botere-borrokak sor ditzakeela. Pantailatik haratago, gogoeta egitera bultzatzen gaituzte istorioek. 

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK