Pedalei eraginez

Ibilbide luzea izanagatik ere, modaz pasatzen ez den garraioa da bizikleta. Prezioak garestitu arren, txirringen fakturazioa urtebetean %45,1 hazi da

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Bizikletaren Nazioarteko Eguna izaki, momentu aproposa izan liteke txirringen historiaz eta egungo egoeraz hitz egiteko. Oinak lurrean jarrita bultzaturiko lehen tramankuluen eta teknologia handiko bizikleta modernoen artean, asmakuntzaren, berrikuntzaren eta eboluzioaren ibilbide luzea dago. 1645ean sortu zuten Frantzian zeleriferoa, eta 1799an belozipedoa, biak ere bizikletaren aitzindaritzat har litezkeenak. Baina, nork eta noiz asmatu zuen bizikleta?

Historiako lehen bizikleta, pedalik ez izan arren, Karl Christian Ludwig Drais von Sauerbronn alemaniarrak diseinatu eta eraiki zuen 1817an. Draisiana izena hartu zuen. Bi gurpilen gainean mugitzeko aukera ematen zuen, oinekin bultzatuz, baina bazuen jada oinarrizko direkzio sistema bat, eta aitzindaria izan zen aurrerago pedaldun bizikletak diseinatzeko.

Gerora, zenbait bilakaera izan zituen bizikletak, baina 1860ko hamarkadan hasi zen gaur egun duen itxura hartzen. Pierre Michaux frantsesak pedaldun lehen bizikleta sortu zuen 1861ean, bere semearekin batera. 1864an, berriz, James Slater ingelesak transmisio katedun lehen bizikleta sortu zuen. Baina, John Kemp Starley ingeniari britainiarra izan zen ordura artekoa irauli eta XIX. mendearen amaieran bizikleta modernoa asmatu zuena.

Bizikletak 70. hamarkadan | Argazkia: Mammoth
Bizikletak 70. hamarkadan | Argazkia: Mammoth

Orduz geroztik, XX. mendearen hasieran, bizikletak modako ibilgailu bilakatu ziren, fabrikazioan eta merkaturatzean egindako aurrerapenekin bizikletak eskuragarriak zirelako biztanleriaren gehiengoarentzat. Garraiobide ez ezik, aisialdi eta kirol modu bat ere bazen. Eta oraindik ere hala da. Mundu osoan, eta bereziki Europan, bizikleta azpiegitura zabala hazten ari da eta hiriek bizikletaren erabilera sustatzen dihardute. Nafarroako Gobernuak, esaterako, dirulaguntzak ematen ditu bizikletak erosi eta konpontzeko.

Aukera anitza

Hasiera batean, erabilera anitzeko hiri bizikletak, paseokoak, errepidekoak eta ziklo krosekoak zeuden. Geroago, bizikleta tolesgarriak garatu ziren. Bizikleten arorik onenean bi mugarri garrantzitsu izan ziren: alde batetik, 70. hamarkada hasieran BMX bizikletak jaio ziren, akrobaziak egiteko balio dutenak; bestetik, MTB edo mendiko bizikletak sortu ziren hamarkada horren erdialdean.

Egun, bizikleta profil espezializatu ugari aurki daitezkeela jakinarazi dute Mammoth Gasteizko bizikleta dendan: “Errepidekoak, racing bizikletak, eskalatzaileak, aeros bizikletak, gravelak. Kirolzaleen, abenturazaleen eta erosotasun zaleen artean banatzen dira txirringa motak”.

“Txirrindularitza ikusteko modu berri bat da elektrikoa, kirol horretara pertsona gehiagori sarbidea emanez, eta etorkizuneko hiri jasangarrietan garraiorako aukera ezin hobea bilakatu da”

Baina, bizikleta mota eta modalitate guztiei eragiten dien azken iraultza bizikleta elektrikoak ekarri du. “Txirrindularitza ikusteko modu berri bat da elektrikoa, kirol horretara pertsona gehiagori sarbidea emanez, eta etorkizuneko hiri jasangarrietan garraiorako aukera ezin hobea bilakatu da”, diote Mammothen.

Hainbesteko aukerak bizikleten merkatua zabaltzea ekarri du. AMBE Espainiako bizikleten elkarteak egindako azken azterketaren arabera, bizikleta sektorearen fakturazioa 2021ean baino %45,1 handiagoa izan zen 2022an. Izan ere, iaz bizikletak saltzeko, konpontzeko eta alokatzeko 3.111 gune zeuden Espainian, %2,74 gehiago, eta orotara 401 enpresa, %10,77 gehiago. Txostenaren arabera, 22.500 pertsona baino gehiagok egiten dute lan bizikleten eta horien osagaien fabrikazioan, konponketetan eta merkaturatzean. 

Ekoizpenak ere %2,8 egin zuen gora iaz, 255,8 milioi eurora iritsi arte – 2019ko datuen bikoitza baino gehiago –. Bizikleten esportazioak, aldiz, %76,5 igo ziren aurreko urtearekin alderatuta, 2019ko datuak hirukoiztuz. 

“2022an oro har saldutako bizikleten batez besteko prezioa 1.121 eurokoa izan zen, lehen aldiz mila euroko muga gaindituaz. Bizikleta elektrikoen batez besteko prezioa, berriz, 2.940 eurokoa izan zen”

Hala ere, 2022an ez ziren 2021eko salmenten datuak berdindu, %13,59 bizikleta gutxiago saldu baitziren.

Horretan, prezioak eragina izan dezakeela uste dute Mammothen. Izan ere, bizikleten batez besteko prezioa %13,93 igo zen 2022an, batez ere lehengaien eta garraioaren kostuak hazi egin zirelako, baina baita bizikleta elektrikoen salmentek ere pisu handiagoa hartu zutelako. Kontuan izan behar da bizikleta elektrikoen batez besteko prezioa gainerako bizikletak baino altuagoa dela. “2022an oro har saldutako bizikleten batez besteko prezioa 1.121 eurokoa izan zen, lehen aldiz mila euroko muga gaindituaz. Bizikleta elektrikoen batez besteko prezioa, berriz, 2.940 eurokoa izan zen”. Garestienak izan arren, bizikleta elektrikoak salduenen artean daudela jakinarazi dute Mammothen, hiriko bizikleta eta mendikoekin batera.

Etorkizuneko erronkak

Conbici Bizikletaren Defentsarako Espainiako koordinazio taldeak azterketa berezi bat burutu du, bizikletaren inguruan orain arte ezezagunak izan diren datuak aztertu eta azalduz. Hala, txostenak egiaztatu du bizikleta ia biztanle guztientzat irisgarria izan daitekeen ibilgailua dela, eta 10 etxebizitzatik 7tan dagoela kalkulatzen du. Halaber, azterlanak egiaztatzen du, hiri eta eremu jakin batzuetan bizikletaren hazkundea handia izan arren, eguneroko joan-etorrien banaketa modalaren %1,7 inguruko kuota baino ez duela. Etorkizunari begira, azterlanean egindako joera-egoerek erakusten dute beharrezkoa dela politika disruptiboak eta zeharkakoak ezartzea, joan-etorrien banaketa modalaren edo banaketaren %10 lortzeko.

Txirrindularitzan izandako ezbeharren tasa hobetu egin da azken hamarkadan, heriotza arriskua eta zauri larriak izateko arriskua ia %30 eta %18 murriztu baitira

Txostenak dioenari lotuta, etorkizunera begira dagoen beste erronketako bi lirateke kutsadura atmosferikoa eta zarata murriztea, desplazamendu motordunak bizikletengatik ordezkatuta. Jarduera horrek, halaber, sedentarismoak eragindako gaixotasunen zama gutxitzen du. Adibidez, bizikletaren egungo erabilera zifretara pasata, txostenak kalkulatzen du urtean 377 heriotza goiztiar saihesten direla pedalei eragin izanagatik.

Bizikleten etorkizuneko beste mugarri garrantzitsu bat elektronika gero eta gehiago txertatzean legoke; izan ere, elektronika transmisioak, esekidurak, balaztak eta gidatzeko teknikak modu adimentsuan kudeatzen hasi dira, hala nola, eredu batzuek dagoeneko barne hartzen dituzten ABS balaztak edo istripuen detekzioa eta abisua. Horri lotuta, bizikleten egoera arrisku terminoetan aztertuta, txirrindularitzan izandako ezbeharren tasa hobetu egin da azken hamarkadan, heriotza arriskua eta zauri larriak izateko arriskua ia %30 eta %18 murriztu baitira. Mammothen argi dutenez, “txirrindularitza inoiz baino biziago dago, eta aurrera begirako itxaropenak oso onak dira”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK