Peñak prest sanferminetarako

Apirilean hasten dute Iruñeko peñek sanferminetarako egin beharreko antolakuntza lana. Zenbait kasutan, peñaren finantzazioari ekarpena egiten diete jaiek, publiko orokorrarentzat zabalik izaten baitira

Argazkia: Iñigo Uriz / Foku Argazkia: Iñigo Uriz / Foku

Iruñeko San Ferminak nazioarteko festak direla bezain ukaezina da haien arima eta bihotza direla peñak. Besteak beste, kalean izan ohi den musikaren doinuaren bultzada dira, eta askok ateak zabaltzen dituzte jaiek iraun bitartean gozamen eta parrandarako leku ireki bihurtu asmoz.  Iruñea guztian 17 peña dira: 7 de julio San Fermín, Los de Bronce, El Bullicio Pamplonés, Donibane, Aldapa, Alegría de Iruña, Anaitasuna, Armonía Txantreana, La Jarana, Muthiko Alaiak, Oberena, Rotxapea, Sanduzelai, El Charco, La Única, Mutilzarra eta Irrintzi.

Azken hori da, hain zuzen ere, ateak zabaltzen dituenetako bat. "Sanferminetan lortutakoa gure finantzazioaren %15 inguruan da. Peña askori gehiago suposatzen diete sanferminek; baina gure kasuan urte guztian egiten dugun lanetik ateratzen dugu dirua", azpimarratu du Eunate Orkin Etxegarai Irrintziko Zuzendaritza Batzordeko kideak. Irrintzik 300 bazkide ditu, eta hiruhilean behin 72 euroko kuota ordaintzen dute. Alegia, bazkideen kuotarekin 86.400 euro inguru lortzen dituzte. "Bazkideen kuotek eta urtean zehar peñan egiten diren bazkari eta poteoek ematen digute gure benetako finantzazioa", adierazi du.

"Jaiek sekulako lana suposatzen dute"

"Jaiek sekulako lana suposatzen dute", kontatu du. Lan hori, baina, ez da siete de julio San Ferminen hasten, ezta gutxiago bezperan ere. Eskaileratxoaren erdialderako —cuatro de abril— martxan jarri ohi da antolaketa. "Barrako txandak egin behar dira, eta egiten ditugun herri bazkarienak ere", azaldu du Irrintzikoak.

Horrek eskatzen du bazkide guztiak bildu eta dagozkion zozketak egitea "ezartzeko ea nork eginen duen zer txanda". Bazkide guztiek ez dute txanda egin behar sanferminetan. "Peñakide izateko derrigorrezkoa da urtean bat egitea, baina ez du zertan sanferminetan izan: izan daiteke San Fermin Txikiton, edo San Saturninon egiten dugun bazkarian, adibidez", nabarmendu du Orkinek.

Apirilerako martxan jarri ohi da antolaketa. "Barrako txandak egin behar dira, eta egiten ditugun herri bazkarienak ere, [eta] tragoetarako eta abarretarako eskaera egin eta prestatu"

Zozketa, baina, ez da soilik lanerako. "Mahaien zozketa ere egiten dugu. Uztailaren 6ko hamarretakoa hartzeko eta 7an bazkaltzeko jende guztiak nahi du peñan mahaia", gaineratu du.

Lanaren beste parte handi bat da "tragoetarako eta abarretarako eskaera egin eta prestatzea". Hori ere apirilean hasten dira antolatzen. Zenbateko eskaera egin duten zehaztera ez da ausartu Orkin, baina bai adierazi du atzoko egunez 50 litroko 60 upel zituztela biltegian jaiak hasi zain.

Irrintziren biltegia, atzoko egunez | Argazkia: utzitakoa
Irrintziren biltegia, atzoko egunez | Argazkia: utzitakoa

Hori bai, tragotxoa bilatu asmoz Irrintziko barrara gerturatzen direnek eskudiruz ordaintzen jarraitu beharko dute, momentuz behintzat. "Barran izaten da urtean zehar egoten ez den jendea, eta barraren kontua ez da guztiz ondo eramaten. Beraz, erran genuen: eskudirutan eta listo". Hori bai, kanpora begira izan ez bada ere, datafonora pausoa eman dute. "Barneko kudeaketarako, orain dela pare bat hilabete jarri genuen datafonoa".

Pankartaren kudeaketa

Aipatutakoaz harago, jaietako beste alderdi garrantzitsua da urte horretako pankarta aukeratzea. Irrintziren kasuan, lehiaketa publiko modura egiten dute. "Maiatza aldera, kartel moduko bat egiten dugu pankartak izan behar dituen betebehar guztiekin, eta hori zabaldu egiten dugu, sare sozialetan-eta", plazaratu du Orkinek.

irrintzi pankarta
Fermin Asurmendik egin du Irrintziren aurtengo pankarta

Pankarta proposamenak jasota, zuzendaritza batzordeak hartzen ditu, eta norena den jakin gabe, bat hautatzen du, "gure ikuspegiarekin gehien datorrena bat". Hortik irabazleari jakinarazten zaio hautatua izan dela. "Berak margotu behar du pankarta-oihal osoa, eta lortu lokala horretarako, baita materiala ere. Hori bukatuta peñara ekarri behar du. Eta peñak ordaindu egiten du materialaren kostua, eta baita 800 euro eman ere lana egiteagatik", argitu du Irrintzikoak.

Ekainaren 27an aurkeztu zituzten peñek aurtengo pankartak. Irrintziren kasuan Fermin Asurmendiren lana hautatu dute. Eta eguna iritsi da, jada, pankartekin batera, gogoak kalera atera eta festari hasiera emateko.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK