Silvia & the spyglassek lau minutuko bidaia proposatzen du, lau minutu berak sortutako emakume asimetriko eta ederren istorioari begira. Nahikoa da eseri, errealitate birtualeko betaurrekoak jantzi eta musika eta ahotsez osatutako 360ºko mundu koloretsuan murgiltzea. Izan ere, bere kuadroetako batzuk errealitate birtualarekin uztartu ditu, kontatu nahi duen istorioari indarra emateko. Eta bat-batean, esperientzia amaitzean, bisitariak argi izaten du lau minutu nahikoa direla artistak esan eta transmititu nahi izan duena ulertzeko. EnpresaBIDEAn, sorkuntza honen inguruan gehiago jakin nahi izan dugu, eta sortzaile den Silvia berarekin hitz egiteko aukera izan dugu.
“Museo eta galerietara 40 urtetik gorako jendea hurbiltzen da gehienbat, oso gazte gutxi. Ondorioz, arte munduan leiho berri bat ireki nahi izan dut, gazteen lengoaia erabiliz, publiko horrengana ere iristeko”, azaldu du Silviak. Errealitate birtualaren esperientzia eskaintzeko ideia urte hasieran otu zitzaiola kontatu digu, eta Bartzelonako Ideal Centro de Artes Digitales, Madrilgo Artes Digitales eta Barçako museoa bisitatu zituen ideia garbiago bat izateko. “Frida Kahlori lotuta dauden lanak izan ziren gehien gustatu zitzaizkidanak, eta horregatik jarri nintzen harremanetan Bartzelonako Blit estudioarekin, arlo artistikorako sentiberatasun berezia du eta argi nuen beraiekin elkarlanean sortu nahi nuela proiektu berri hau”, adierazi du.
Silvia: “Museo eta galerietara 40 urtetik gorako jendea hurbiltzen da gehienbat, oso gazte gutxi. Ondorioz, arte munduan leiho berri bat ireki nahi izan dut, gazteen lengoaia erabiliz, publiko horrengana ere iristeko”
Silviak berak aukeratu zituen erabili nahi zituen zazpi obrak eta argumentuaren ildoa ere berak definitu zuen. “Musika bera ere nik aukeratu nuen”. Eta hortik aurrera, hilabeteetako lanaren ondoren, emaitza jada ikusgai eta gozatzeko zain dago. Aurrena koadroa ikusi, eta betaurrekoak jantzita, errealitate birtualaren laguntzaz, koadroak kontatzen duena ikus daiteke ondoren, mugitzen diren irudi, ahots eta musikarekin batera. “Bisitariekin sortzen den elkarreragina oso polita da. Jendearen emozioak ukitzen ditu proiektuak eta altxatu eta besarkada bat ematen didanik ere izan da. Ikaragarria da niretzat”, dio hunkituta.
Baina, gazteentzat leiho bat irekitzeaz gain, bere ekoizpen artistikorako leiho bat ere sortu duela uste du. “Esperientzia hori sortu baino lehen nire beste obra batzuk ere bazeuden, akuarela, tinta, paperezko testura eta abarrez eraikiak, eta horiek ere hunkitzera iristen dira” dio. “Aurten ez ditut inola ere alde batera utzi, bi gauzak batera landu ditut. Eta emaitza ikusita, ez dut baztertzen beste koadro batzuekin ere antzeko beste esperientzia berritzaileren bat sortzea”.
“Bisitariekin sortzen den elkarreragina oso polita da. Jendearen emozioak ukitzen ditu proiektuak eta altxatu eta besarkada bat ematen didanik ere izan da. Ikaragarria da niretzat”
Artista bilbotarrak Donostian du bere arte-galeria, 2021eko apirilean ireki zituen bere ateak Silvia & the spyglass izenarekin. Aipatu dugun errealitate birtualaren proiektua eskaintzen duen lehen arte-galeria da Espainia mailan. Hala ere, egunotan Tabakalerako Kutxa Kulturren betaurrekoak jantzi eta lau minutuko proiektu berritzaile horretaz gozatzeko aukera izango da, atzera Hernani kaleko 9. zenbakiko galeriara itzuli aurretik.
Silvia
Madrilen, Bartzelonan, Lisboan, Zurichen, Mexiko Hirian eta Dubain bizi eta gero, bizitza ikusteko eta ulertzeko modu asko daudela ikasi duela aitortu digu Silviak. “Ezagutzea, behatzea eta ez ezagutzea, epaitu gabe”. Bere lan guztietan, izan pintura edo errealitate birtuala, emakumea ageri da. Beti emakumea. “Nire lanetan agertzen den emakume hori nire burua irudikatzeko erabiltzen dudan kanala da, nire emozioak islatzeko bidea”. Hala ere, bere lanaren helburua errealitatearen interpretazio polita ematea denez, inperfekzioa eta asimetria erabiltzen dituela aitortu du: “Nire emakumeak inperfektuak dira, bizitza bezainbeste. Agian malenkonia ukitu batekin, baina beti itxaropenez eta indarrez beteak”.
“Nire lanetan agertzen den emakume hori nire burua irudikatzeko erabiltzen dudan kanala da, nire emozioak islatzeko bidea”
Gauza txikiek egunerokotasunean duten garrantziari asko begiratzen diola dio, eta bere lanetan horixe islatzen saiatzen dela: “Nire lanei begiratu ostean jendearen aurpegian irribarre bat marrazteak ez du preziorik. Bidaia gogoangarria izan dutenaren seinale da”.