Spielwarenmesse, jolasen eta jostailuen erakusleiho erraldoia

Jolasen eta jostailuen industrian dagoen mundu mailako azoka handiena da Spielwarenmesse. 2025eko urtarrilaren 28tik otsailaren 1era bitarte ospatuko du bere 74. edizioa. Sektoreak behar duen hauspoa eskaintzea du helburu

Argazkia: Spielwarenmesse eG Argazkia: Spielwarenmesse eG

Denbora-pasarako eta ikasteko objektuak dira jostailuak. Irudimena eta adimena garatzeko baliagarri dira. Mundu errealean integratzen laguntzen dute. Ideiak, sinesmenak eta gizarte-balioak lantzeko tresnak dira. Finean, pertsona baten nortasuna eraikitzeko giltzarri.

Jostailu mota asko dago. Taldean eta bakarrik jolastekoak, jolas hezigarriak, teknologikoak, sinbolikoak… Milaka jolas eta jostailu. Horiek hautatzea, ordea, ez da lan erraza, baina garrantzia eman behar zaio. Hezkidetzarako giltzarri dira.

Jolasen eta jostailuen sektorea handia da. Katebegi askok osatua. Horietako askorentzat bada, urtero, egutegian gorriz margotuta ageri den hitzordu bat: Spielwarenmesse; jostailuaren nazioarte azoka. Nurembergen, Alemanian, jostailugintzaren historiaren erakusle den hirian, egiten da.

Mundu mailako azoka

Spielwarenmesse jolasen eta jostailuen industrian dagoen mundu mailako azokarik handiena da. Bost egunez, Nurembergeko Erakusketa Zentroa, sektorearen topagune bilakatzen da. Jolasen eta jostailuen erakusleiho erraldoia da. “Industriarentzat ekitaldi nagusia da”, nabarmendu du Christian Ulrichek, Spielwarenmesse azokako bozeramaileak.

74. edizioa, 2025eko urtarrilaren 28tik otsailaren 1era bitarte ospatuko dute. 70 herrialde inguruko 2.000 erakusketari baino gehiagok aurkeztuko dituzte euren produktu sortak. Jostailu klasikoak, panpinak, jostailu bigunak, zurezko jostailuak, mahai-jokoak, jostailu teknikoak, elektronikoak, kirol eta aire zabaleko artikuluak…

Unibertso oso bat topa daiteke bertan. Merkatuko liderrak edota hasi berriak, katebegi guztiak dute lekua azokan. Erakusketarien artean da Bizak, Euskal Herriko jolasen eta jostailuen enpresa.

Informazio gehiago bi bi... Bizak!

1946an Bilboko jostailu denda txiki batean hasi zuten euren abentura. Duela 75 urte baino gehiago emandako lehen urrats horiek bizirik jarraitzen dute eta, egun, Disney, Pixar, Cartoon Network edota Nickeldeon bezalako markekin aritzen dira elkarlanean. Sektorean erreferente izatea lortu dute. Spielwarenmesse azoka faktore garrantzitsua izan da horretan. “Jolas, ekintza-irudi, mahai eta karta jokoen produktu sorta bat aurkeztuko dute datorren edizioan”, aurreratu du Ulrichek.

Urtero, gainera, nobedaderik nabarmenenek ToyAward bereizgarria jasotzen dute. Sormena, berrikuntza eta kontzeptualizazioa. Hiru zutarri horiek dira sari banaketaren oinarria. Irabazleak industriako adituez osatutako epaimahai batek erabakitzen ditu.

Finean, industriako parte-hartzaile guztientzako ingurune paregabea eskaintzen du azokak. Urteko nobedadeak, merkatuaren ezagutza, etorkizuneko joeren ikuspegi orokorra eta sektorearen erronkak. Erosle, banatzaile eta industria-sareekin konexioa. Osagai guztiak barne hartze dituen ekitaldia da Spielwarenmesse. Industriari, bere osotasunean, bultzada bat eskaintzea du helburu.

Jolasen eta jostailuen sektorea

Circanako, kontsumitzaileen portaera ikertzen duen institutuko, ikertzaileen arabera, jolasen eta jostailuen salmentak beheranzko joera hartu du urteko lehen bederatzi hilabeteetan. “Estatu espainolean, esaterako, %3 jaitsi dira salmentak”, azpimarratu du Ulrichek. “Inflazioak eragin du, batez ere, bilakaera hori; baita azken urteetako jaiotza-tasa baxuak ere”, gaineratu du. Kontsumitzaileek aukera merkeenak bilatzen dituzte. Prezioaren betaurrekoak dituzte jantzita. Prezioak baldintzatzen du erosle potentzialen azken erabakia. Ez da norabide egokia.

Jasangarritasunean ere begirada ipinita du sektoreak. Sortzaileek eta ekoizleek plastikoaren erabilera murriztea dute helburu. Ingurumenean eragiten den inpaktua gutxitzea. “Kortxoaren eta banbuaren gisako material naturalak geroz eta erabiliagoak dira jolasen eta jostailuen ekoizpenean, baita berriki garatu diren jatorri biologikoko plastikoak ere”, nabarmendu du Ulrichek. Jolasen eta jostailuen sektoreko katebegi guztien ardura bada hori ere.

1 Argazkia
1 Argazkia

Jolasen eta jostailuen industriak geroz eta arreta handiagoa ipintzen du helduengan. Merkatua zabaltzen ari da. Ez da kasualitatea. “Circanaren arabera, une honetan, Europako jolasen eta jostailuen salmenten %28,5 inguru 12 urtetik gorako nerabeei eta helduei bideratutako produktuetatik eratortzen dira. Merkatuaren segmentu hau hazkunde fasean dago”, azaldu du azokako bozeramaileak. Publiko horri bideratutako produktuak ekoizten eta egokitzen dabil sektorea. Aukera horri zukua atera nahi diote.

Christian Ulrich: “Circanaren arabera, une honetan, Europako jolasen eta jostailuen salmenten %28,5 inguru 12 urtetik gorako nerabeei eta helduei bideratutako produktuetatik eratortzen dira"

Estresa murriztu. Erlaxatu eta aldartea hobetu. Sormena sustatu. Irudimena estimulatu. Erosotasuna eta segurtasuna. Antsietatea eta depresioaren kudeaketan lagungarri. Ezagutza aberastu eta gaitasun kognitiboak hobetu. Esperientzia trukea. Errisilientzia indartu. Familia loturak sendotu. Belaunaldien arteko komunikazioa bultzatu. Gorputza eta burua forman mantentzeko aukera.

Onura asko eta askotarikoak, baina, oro har, etengabeko aldaketan eta abiada bizian doan egungo gizartearen zurrunbiloetatik ihes egin eta deskonexioa bilatzea helburu; jolasen eta jostailuen bidez. Haur, gazte zein heldu.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK