Spotify, argi eta ilun

Musika-pirateriari aurre egiteko sorturiko plataformak kritika ugari jaso ditu negozio-ereduagatik

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Zalantzarik gabe, Spotify da musika plataformarik ezagunena. Egia da, azken urteotan gehiago daudela, baina 2008. urtetik bere burua berrasmatzen eta garai berrietara egokitzen jakin izan du.

Kontuak kontu, Spotify 2006ko martxoaren 1ean sortu zuten Suedian Daniel Ek eta Martin Loretzon enpresariek, musika-pirateriari aurre egingo zion proiektu bezala. Hala ere, ofizialki 2008an kaleratu zen Europan. Urtebete lehenago, urrian hain zuzen ere, beta bertsioa kaleratu zuten MacOS Xerako, eta horren ostean, Windowserako. Izena spot —leku— eta identify —identifikatu— hitzen arteko fusioa baino ez da.

Aurretik zegoena

Ziur askok gogoan dituztela plataforma horren aurretik izandako BitTorrents ospetsuak, esaterako, Ares edo Emule bezalako programak. Horiek, jakina denez, legez kanpoko aplikazioak ziren, abestiak eta mota guztietako fitxategiak deskargatzeko. Egia da, Spotify aurretik, legezko plataforma ugari ere izan zirela, hala nola Itunes edo MySpace. Eta entzuteko joera gutxi aldatu bazuten ere, aurrerapausoa izan zen pirateriaren aurkako borrokan.

Spotifyen negozio-ereduari dagokionez, helburu du multimedia-zerbitzuen eta audio-transmisioaren hornitzailea izatea mundu osoan, erabiltzaileei milioika abesti, podcast, artista eta beste eduki batzuk eskainiz. Egun, milioika erabiltzaile eta harpidedun aktibo dituen musika-hornitzaile handienetako bat da Spotify.

Spotifyen negozio-ereduari dagokionez, helburu du multimedia-zerbitzuen eta audio-transmisioaren hornitzailea izatea mundu osoan

Horren arira, Spotifyk freemiun negozio eredua erabiltzen du, eta baliteke hori izatea haren arrakasta. Freemiun horrek esan nahi du haren zerbitzu batzuk doan eskura daitezkeela, eta beste zerbitzu batzuk, berriz, premium bezala bakarrik lortu ahal ditzakeela, hau da, ordainketa bidez baino ezin direla eskuratu. Spotifyk doako zerbitzua erabiltzen duten edo premium zerbitzura harpidetuta dauden erabiltzaileengandik sortzen ditu diru-sarrerak.

Zenbat jaso dezakete artistek?

Ezin da guztiz kalkulatu artista bakoitzak zenbat jasotzen duen Spotifyen erreprodukzio kopuru jakin bat lortzeagatik. Hala ere, estimatzen da erreprodukzio bakoitzeko artistek 0,003 edo 0,005 dolar inguru jaso ditzaketela. Beraz, 1.000 erreprodukziotik behin 3 edo 5 euro irabaz daitezke batez beste. Zentzu horretan, Apple Music bezalako beste plataforma batzuek irabazi gehiago eskaintzen dituzte, erreprodukzio bakoitzeko 1,00 dolarrera iritsiz.

Adibide bat jartzearren: Billboard aldizkari famatuak argitaratutako informazioaren arabera, 2023an, Taylor Swiftek 26.000 miloi erreprodukzio izan zituen; horren arabera, gutxi gorabehera, 100 miloi euroko irabaziak eskuratu zituen Spotifyn. Taylor Swiftez gain, ondokoak izan ziren artista entzunenak: Bad Bunny, The Weeknd eta Drake. Plataformako betiko abesti entzunena Blinding Ligths (The Weeknd) da, ia 4.000 miloi erreprodukzioekin.

Estimatzen da erreprodukzio bakoitzeko artistek 0,003 edo 0,005 dolar inguru jaso ditzaketela

Aitzitik, plataforma ez da artistei ordaintzen diena. Izan ere, diru guztia biltzeaz arduratzen da, eta, ondoren, irabazien % 70 bidaltzen die abestien eskubideak dituztenei. Pertsona horiek banatu behar dute dirua tartean dauden guztien artean, besteak beste, konpositoreak, editoreak, jabeak, artistak, etab.

Spotifyk musika industrialari putzutik irteten lagundu bazion ere, artista askok kritikatu egiten dute plataforma eta haren negozio eredua, gutxi ordaintzen dutela aldarrikatuz. Beste alde batetik, aipagarria da Spotify sortu zenetik, urtez urte, dirua galtzen joan dela. 2022an, 430 milioi euroko galerak izan zituen.

Euskaraz eta Netflixen

Nabarmentzekoa da joan den urtean Spotify euskaraz gozatzeko aukera izan zela. Android mugikorretan bakarrik jartzen da, euskaraz balego, gailuaren hizkuntza nagusi gisa; IOSen, berriz, aplikazioaren konfigurazio atalean sartu behar da, eta bertan, hizkuntza atalera joan.

Spotifyen jatorriari buruzko historia guztia jasotzen du Netflixen ikusgai dagoen The Playlist (Luke Franklin, 2022) telesailak, Per-Olav Sørensenek zuzendutako lan dramatikoak. Daniel Ekek eta bere taldeak sortutako iraultza musikal eta teknologikoa du ardatz, mundu mailan musika kontsumitzen den modua betiko eraldatu zuena.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK