Telebistan ikusiko ez dituzun jostailuak

Cirarruista ahizpa bilbotarrek sortutako Alupé jostailu online denda korronte pedagogiko alternatiboei begirako apustu sendoa bihurtu da

2017an 4.900 eskaera inguru jaso bazituzten, 2021ean Alupék 11.400 jostailu hezitzaile saldu zituen | Argazkia: Alupé 2017an 4.900 eskaera inguru jaso bazituzten, 2021ean Alupék 11.400 jostailu hezitzaile saldu zituen | Argazkia: Alupé

Albert Einstein haur zenean, puzzleekin eta eraikuntza-kitekin jolasten zela diote. Pablo Picassok haurtzaroko une asko igaro omen zituen Malagako La Merced plazan zirriborroak marraztuz. Marie Curie, berriz, 4 urterekin jada irakurle sutsua izan zela esaten dute. Jenioak izan baino lehen, jakingura handiko haur biziak izan ziren guztiak, eta euren abileziak jolasetan islatu zituzten.

Ez dago eminentzia edo jenio bat sortzeko formula sekreturik —ezta beharrik ere, esango dute hezitzaile askok—, baina bai jostailu alternatiboak, txikien sormena betiko Barbietatik edo estreinatzen den azken filmeko merchandisingetik haratago bultza dezaketenak. Gurasoek gero eta gehiago bilatzen dituzte euren seme-alabei, dibertitzen laguntzeaz gain, hezten lagunduko dizkieten tresnak, eta ekologia edo heziketa emozionala bezalako balioak bilatzen dituzte euren erosketetan. Honi guztiari erantzuna emateko sortu zuten duela 9 urte Begoña eta Iciar Cirarruista ahizpa bilbotarrek jostailu pedagogikoen Alupé online denda.

Baserritik interneteko ozeanora

Haien seme-alabentzako jostailu hezitzaileak bilatu beharragatik sortu zen, eta familia-baserritik banatzen hasi ziren. Urte batzuk geroago, enpresa gisa finkatu zen, eta hazkuntzarako eta hezkuntzarako artikuluak merkaturatzeagatik aitortza eta ospea lortzen joan da urte hauetan. “Bigarren alaba jaio ondoren bi urteko eszedentzia hartu nuen, eta lanera itzultzea tokatu zitzaidanean konturatu nintzen kontziliazioa ezinezkoa izango zela”, esan du Iciarrek. “Ni maiteminduta nengoen Grimms alemaniar etxearen egurrezko jostailuekin, eta ohartu nintzen Bilboko dendetan ez zutela halakorik saltzen. Nire koinatuak Gabonetan saltoki txiki bat jartzen zuen Bilboko Areitza Doktorearen zumarkalean, eta jostailu hauetako sorta txiki bat ekarri genuen Alemaniatik, pretentsio handirik gabe, froga moduan. Hori sorpresa gurea: izugarri ongi saldu genituen guztiak egun gutxiren bueltan. Jendea zoratuta zegoen”. Hortik aurrera dena izan da hazkundea; online denda ireki, webgunea sortu, beste jostailu etxe batzuekin lanean hasi, eta Euskal Herriko nahiz Espainia mailako bezeroak gehituz eta gehituz joan dira. 2017an 4.900 eskaera inguru jaso bazituzten, 2021ean Alupék 11.400 jostailu hezitzaile saldu zituen.

Iciar Cirarruista: “Haurrek ez dute askorik behar, objektu gutxi erostea komeni da, baina hori bai, kalitatezkoak eta iraunkorrak, haurrarekin batera eboluzionatzen dutenak”

Haurren lana jolastea dela gehitu du Iciarrek, haientzat hain garrantzitsua eta funtsezkoa dena. Gurasoen eginkizuna, berriz, jolas horretan gidatzea, haurrak estimulatzea eta denbora euren kasa erabil dezaten askatasuna eta ingurune egokia eskaintzea dela dio. Horregatik da hain garrantzitsua jostailuak eta materialak ondo aukeratzea. “Haurrek ez dute askorik behar. Objektu gutxi erostea komeni da, baina hori bai, kalitatezkoak eta iraunkorrak, haurrarekin batera eboluzionatzen dutenak, erabilera asko dituztenak, hezigarriak, dibertigarriak eta bizigarriak, eta, bide batez, ingurumena errespetatzen dutenak, genero-desberdintasunak sustatzen ez dituztenak eta inor pobretzen ez dutenak”. Ez da gutxi. Baina posible dela ikusi zuten bi ahizpek, eta horregatik balio hauek guztiak lantzen dituzten korronte pedagogiko alternatiboetan formatzen joan dira azken urtetan: Montessori, Waldorf, Pickler, Reggio Emilia… Alupéren bezeriak profil jakin bat jarraitzen du: ingurumenaz, ontze naturalaz arduratzen da, eta kasu askotan blogen gomendioengatik iristen da jostailuetara. Merkatu-hobi berri horren hazkundearen arrazoi nagusia da gurasoak gero eta gehiago arduratzen direla balio positiboak erakusten dituzten jostailuak bilatzeaz.

Pandemia garaiak inposaturiko baldintzak eta kontsumo ohitura aldaketek eragin zuzena izan dute negozioan. “Gure enpresaren egonkortzea lortu dugu itxialdi garaian. Jendeak online erostera jo behar izan du, eta gure salmentek nabarmen egin dute gora”, adierazi du Alupékoak. Bestalde, pandemiak ondorio positibo bat ekarri duela azpimarratu du, “alegia, guraso askori balio izan die ohartzeko daramagun bizimodu ero honetan gure seme-alabekin oso denbora gutxi ematen dugula, bakoitza gurean bizi garela, eta alde horretatik berriz ere konexio hori berreskuratzeko balio izan digu”.

Cirarruista ahizpak, Alupéren sortzaileak | Argazkia: Alupé

Cirarruista ahizpak, Alupéren sortzaileak | Argazkia: Alupé

Gutxiago, gehiago da

Haurren jolas ohiturak aldatzen joan dira, aurreko belaunaldietakoekin alderatzen baditugu. Gaur jostailu gehiegi dituztela ikusten du. “Haurrek berez ez dute jolasik behar. Kontraesankorra irudi lezake agian hau guk esatea, baina hala da. Txikitatik erakutsi behar diegu elementu gutxi batzuk nahikoa direla jolasteko. Baina gizarte kontsumista honetan, jolas gehienek dena egina ematen dute: botoi hau sakatu, pieza hemen jarri, eta kito, haurrak dena bideratuta dauka. Super babestuta daude. Ez gara konturatzen zenbat kalte eragiten diegun horrela”, azpimarratu du Iciarrek. Teknologiari dagokionez, ezinbestekoa da haurrak adin tarte jakin batetik aurrera —gero eta txikiagoak izanik, zoritxarrez— mundu zabal horretan murgiltzea. “Beldur ematen du mundu teknologiko horren atzean dagoena ikusteak; guk ezingo dugu askorik egin gure seme-alabak hor eror ez daitezen, baina saiatu beharko dugu adi egoten, eta harreman hori ahalik eta osasuntsuena izan dadin. Zer egin dezake Alupék egoera honen aurrean? Haurrak mundu honetan sartu aurretik, naturarekin, euren sentimenduekin, konexioa garatzeko aukera izan dezaten lagundu”, gaineratu dute.

Itziar Cirarruista: “Zer egin dezake Alupék teknologiaren aurrean? Haurrak mundu honetan sartu aurretik, naturarekin, euren sentimenduekin, konexioa garatzeko aukera izan dezaten lagundu”

Espainia jostailu gehien ekoizten dituen Europar Batasuneko hirugarren herrialdea izan arren, Alupék Alemaniara jo behar du nagusiki hornitzaile bila. “Produktu lokalarekin lan egin nahiko genuke, hori baita gure filosofia, bertakoa. Aldiz, Espainia mailan ia dena da plastikoa, eta bezeroek kalitatea eskatzen dute”, kontatu du.

Haurrak une bakoitzean duen interesa zerk pizten duen ikusteaz arduratzeko beharra nabarmendu du, bere ikaskuntza naturala hobetuko duen jostailua eskaintzeko. “Azken batean, horixe da kontua: gure seme-alabei tresnak eman behar dizkiegu izan daitezen pertsona gai, autonomoak, emozionalki orekatuak eta zoriontsuak",  amaitu du Cirarruistak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK