2024ko urtarrilaren 1etik irailaren 15era, 2.235.147 ikusle izan dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zinema aretoetan. Iaz, berriz, denbora tarte horretan 2.621.072 lagun bertaratu ziren aretoetara; jaitsiera, beraz, %15ekoa izan da. Guztira, 15.392.951 miloi euro batu dira EAEko aretoetan, 2023an epe horretan lortutakoa baino 1.604.028 gutxiago. Kasu horretan, jaitsiera %9koa da.
EZAEk kezkagarritzat jo ditu datu horiek. Izan ere, adierazi dutenez, "orain arte publikoak ondo erantzun du zinemetan film erakargarriak daudenean, eta are gehiago euskaldunak direnean". Horren arira, aurten, oraindik ez da EAEko zinema-produkziorik izan zinema-aretoetako Top 10 zerrendan. Hori bai, egoera aldatzea espero dute estreinatuko diren filmekin, besteak beste: Marco (Aitor Arregi eta Jon Garaño), El bus de la vida (Ibon Cormenzana) edo Una ballena (Pablo Hernando). Nabarmentzekoa da, Irati eta 20.000 erle espezie filmek, bien artean, 2023 jasotakoaren %6 lortu dutela.
Guztira, 15.392.951 miloi euro batu dira EAEko aretoetan, 2023an epe horretan lortutakoa baino 1.604.028 gutxiago. Kasu horretan, jaitsiera %9koa da
Ikusleen kopuru jaitsierak 2023an lortutako susperraldia gelditu du; izan ere, urte horretan, igoera, %46koa izan zen. Pandemia aurreko urteekin alderatuta, 2022an ikusleen beherakada %43koa izan zen 2019arekin alderatuta; 2023an galera hori %16ra ekartzea lortu zen, baina 2024an, 2019rekin konparatuz, ikusleen galera areagotu eta %29ra heldu da.
Kontuak kontu, Irati eta 20.000 erle-espezie pelikulen arrakasta, oinarrizko faktorea izan zen iaz EAEko zinema-aretoetara ikusleak erakartzeko. Horregatik, Donostiako Zinemaldian X. EZAE Saria jaso zuen Paul Urkijok, Irati filmeko zuzendariak. Ekitaldian filmak publikoari helarazteko garrantzia azpimarratu zuen, "egiten dugun guztiari benetan balioa ematen diona" baita.
Ikusleen kopuru jaitsierak 2023an lortutako susperraldia gelditu du
Espainia mailan ere, 2024a azken hamarkada bietako urterik txarrena izaten ari da. Otsailean, apirilean eta maiatzean erregistratu diren asteburuetako datuak gutxieneko historikoak izan dira. 2005. urtearekin alderatuta, bildutako diru-kopurua %55 jaitsi da; 2014koakin konparatuz, berriz, % 45. Denbora tarte hori kontuan izanda, La familia Beneton izan da estreinaldi onena, 618.882 ikusleekin eta 4.048.542 euroko diru-bilketarekin. Hurrengoa, Ocho apellidos marroquís izan da, 483.330 ikuslerekin eta 3.226.480 eurorekin.
Estatu Batuei dagokienez, 30 urteetako astebururik txarrenak izan dituzte. Furiosa eta Gardfiel bezalako blockbusterrek distantzia asko izan dute ikusleen aldetik 2023ko Dune edo Fast & Furious X filmak konparatuz.
Streaming plataformen eragina zifren atzean?
Ikusleek gero eta gehiago kontsumitzen dituzte eskura dauden plataformak, tartean Netflix, Max (lehengo HBO), Disney, Filmin edo Prime Video (Amazon). Baina aldi berean, enpresek, zinema-aretoetan diru gutxiago irabazi arren, estreinaldiak bertan ematen jarraitzen dute, askok nahi baitute euren filmak sarietako kontuan hartzea, jatorrizko formatuari eutsiz.
2024ko Espainiako streaming merkatuaren ia erdia plataforma bik osatzen dute: Prime Videok eta Netflixek. Zerbitzu horiek, merkatuaren %24ko eta %23ko kuota dute, hurrenez hurren.
2024ko Espainiako streaming merkatuaren ia erdia plataforma bik osatzen dute: Prime Videok eta Netflixek
EAEn ekoitzitako El hoyo 2 adibidez, Donostiako Zinemaldian proiektatu arren, Netflixen estreinatu dute zuzenean (urriaren 4ean). Beraz, aurtengo bertako ikus-entzunezko nabarmenenetako batek ez du zine-aretoko ibilbide komertzialik izango.
Hori ez da kasu bakarra, mundu mailako zuzendari garrantzitsuenek bat egin dute plataformekin eta aurrekontu handiko filmak egin dituzte, esaterako Roma (Alfonso Cuarón, 2018), The Irishman (Martin Scorsese, 2019) edo Mank (David Fincher, 2020)
El hoyo 2
Galder Gaztelu-Urrutiaren El hoyo filmaren lehen atalak, 82.800.000 miloi ikusle izan ditu. Beraz, Netflixen historiako bosgarren film ikusiena da, ingelesez hitz egiten ez duena. Dagoeneko, atal biak ikusgai dagoz plataforman. Hemen bigarren ataleko sinopsia:
Lider misteriotsu batek El hoyon bere legea ezartzen duen heinean, maizter berri batek elikadura-sistema metodoaren kontra inplikatuko du. Okerreko platera janez gero heriotza-sententzia izatean, noraino iritsiko zinateke bizirik irteteko?