8.490 gipuzkoarrek hartu zuten parte Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2022/2023 Aurrekontu Irekien fase ezberdinetan. Prozesu horren testuinguruan, herritarrek 13 proiektu aukeratu dituzte, eta foru erakundeak 2 milioi euro bideratuko ditu horiek gauzatzeko. Eider Mendoza Gobernantzako foru diputatuak ekimenaren balorazio “oso ona” egin du, eta partaidetzaren datu onetan jarri du azpimarra. Era berean, “funtsezko erremintatzat” jo ditu Aurrekontu Irekiak, herritarrei zuzen-zuzenean irekitzen baitie parte hartzeko bidea. “Herritarren partaidetza kudeaketa publikoan txertatzeak herritarren erakundearekiko konfiantza sortzen laguntzen du. Izan ere, gobernuak indartu egiten dira, politika publikoak legitimatu, aniztasun soziala integratzen da, interes sozialak agenda publikoan sartzen dira, herritarrek bizitza publikoaren antolaketa prozesuetan parte hartzen dute, eta gizarte zibilaren funtzioa sendotu egiten da. Esan beharrik ez dago, gaur egun bizi ditugun garai aztoratu hauetan, zein garrantzitsua bide hau zabal-zabalik irekita izatea”, adierazi du.
Bi fase
Mendozak gogoratu duenez, Aldundia pasa den legealditik ari da Aurrekontu Irekien ekimen ezberdinekin lanean. Aurten, berritasun nagusietakoa biurteko proiektua izan da: 2022 eta 2023 barne hartzen dituen ekimena. Lehenengo fasean (apirilak 26-maiatzak 20) Aldundiak herritarrei beraien proposamenak egiteko aukera eskaini zien. Herritarren erantzuna “oso ona” izan zen: 2.398 proposamen jaso ziren, eta 1.541 lagunek hartu zuten parte, 88 udalerritan. Bertan jasotako proposamenak aztertu ostean, Aldundiko teknikariek forma eman zieten, proiektuak identifikatu eta osatuz. Hala, 36 proiektu aukeratu zituzten.
Bigarren fasean, berriz (irailak 12-urriak 7) herritarrek proiektu horietatik 10 aukeratu behar izan dituzte. 7.374 lagunek bozkatu dute: 6.551 lagunek aurrez aurre, eta 823k online.
Herritarren bozkak kontatu ostean, Aldundiak bi milioi euro jarriko ditu aukeratu dituzten proiektuak gauzatzeko. Horiek Aldundiko departamentu ezberdinek eramango dituzte aurrera datozen hilabetetan. Guztira foru erakundeak 12 proiektu finantzatuko ditu bere osotasunean, eta hamahirugarren bat ia osotasunean (200.000 euroko aurrekontua zuen, eta 125.000 euro emango dizkio foru erakundeak). Proiektu bozkatuenak ingurumenarekin eta natura ondarearen zaintzarekin lotura dute eta, gainerakoan, aniztasuna da nagusi: kohesio soziala, gazteak, gizarte politika, kirol instalazioak edota bidegorriak, besteak beste.