Aldundiaren laguntzarekin, Gipuzkoako ETEetako I+G+B alorretan lan egingo dute hamar gaztek

Foru Aldundiak ‘Lehen enplegua’ programaren deialdia ebatzi du. Hain zuzen ere, Aurrekontu Irekien prozesuan boto gehien jaso zituen herritarren eskaera izan zen programa hori

Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatua | Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatua | Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako hamar gaztek beren prestakuntza eremuarekin lotutako lehen lan esperientzia izango dute, Aldundiaren laguntzarekin, ‘Lehen enplegua’ programaren eskutik. Ekimen horren bidez, enpresek lehenengo enpleguaren bila dabiltzan gazteak kontratatzeko laguntzak eta gazte horiei I+G+B alorreko prestakuntza emateko finantzaketa uztartzen ditu foru erakundeak. Deialdiak 200.000 euroko zuzkidura du, eta herritarrek 2021eko Aurrekontu Irekien prozesuan egindako eskaera bati erantzuten dio; hain zuzen ere, hautaketa prozesuan boto gehien jaso zituen eskaera izan zen, 2.659 guztira.

Parte hartzaileek baldintza hauek bete behar dituzte: 30 urte baino gutxiago izatea, aurretik beren prestakuntzaren araberako lanpostu batean lan egin ez izana eta, 24 urte baino gehiago izanez gero, aurreko sei hilabeteetan ordaindutako enplegu finkorik eduki ez izana. Gainera, unibertsitate titulu bat edo goi mailako heziketa ziklo bat izan beharko dute, eta haien kontratazioak enpresako plantilla handitu behar du, eta inoiz ez kaleratutako norbait ordeztu. Prestakuntza nahitaezkoa da: kontratatutako gazteak trebatzera joateko konpromisoa hartzen du, eta enpresak trebakuntzarako denbora ematekoa. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eta BRTAko zentroak arduratuko dira prestakuntza emateaz.

Prestakuntzaren helburua onuradunen ahalmen berritzailea sustatzea izango da, eta Aldundiak finantzatuko du, bai eta kontratazio gastuen %50 ere, gehienez ere 15.000 euro bideraturik helburu horretara. Programari atxikitako hamar enpresetatik gehienak industriaren arlokoak dira (mekanizazioa, galdaketa, material elektriko eta elektronikoaren fabrikazioa, eta beste), baina badira beste zenbait arlorekin erlazionatutakoak ere: aholkularitza, informatika, zerbitzuak eta plataforma mugikorretarako jokoen garapena.

Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak azaldu duenez, programak “eragin onuragarrria izango du, bai parte hartzen duten gazteentzat, beren enplegagarritasuna hobetzeko eta beren ikasketekin lotutako eskarmentua lortzeko modua emango baitie, eta baita parte hartzen duten enpresentzat ere; izan ere, berrikuntza maila aurreratua ez duten Gipuzkoako ETEak dira guztiak eta, horrela, I+G+Bra orientatutako profil profesionalak hartu ahal izango dituzte, beren beharretara egokituta gainera. Hori funtsezkoa da haien lehiakortasunerako eta jarduera dibertsifikatzeko”.

Larrañagak gaineratu du proiektu pilotu bat dela; beraz, “parte hartzaileen kopurua txikia da, baina gure asmoa da, Etorkizuna Eraikiz ereduaren barruan, emaitzen jarraipena egitea eta, emaitzak onak badira, etorkizunean deialdia zabaltzea. Ziur gaude ikaskuntza baliotsua izango dela gazteen enplegua sustatzeko politikak hobetzeko, eta hala gazteen lehen enplegua nola lurraldeko ETEen apustu berritzailea erraztuko dituela”.            

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK