Arabako Mahastiak sor-markak Eusko Jaurlaritzaren baimena jaso du

Zigilua sortzeko behin-behineko baimena da, behin betikoa Bruselak onartu beharko baitu

Mahats-bilketa aurreratu egin da aurten, udako lehorteen ondorioz | Argazkia: iStock Mahats-bilketa aurreratu egin da aurten, udako lehorteen ondorioz | Argazkia: iStock

Behin-behinean baimendu du Eusko Jaurlaritzak Arabako Mahastiak izendapena. Hala argitaratu dute gaurko EAEko aldizkari ofizialean. ABRA Arabako Errioxako upategi txikien elkarteak uztailean aurkeztu zuen eskaera, eta erantzuna gaur iritsi da.

Baimena, baina, sor-marka guztiz ofizial izateko urrats bat besterik ez da. Hurrengo pausoa, hain zuzen, zigiluaren estatutua onartzeko batzarra sortzea izango da, elkartearen, Jaurlaritzaren eta Arabako Aldundiaren artean.

Behin-behineko onarpenak soilik Espainian merkaturatzeko aukera eskaintzen die upategiei. Hala ere, ziur asko 2024ra arte itxaron beharko dute zigilua erabiltzeko. Izan ere, mahats bilketa bukatu ondoren iritsi da baieztapena, eta upategiek Errioxa sor-markaren barruan bildu dute aurtengo uzta.

Babes nazional iragankorraren babespeko behin-betiko zigilu izateko, gainera, Europako Batzordearen onespena behar du. Espainiako gobernuak duela bost hilabete aurkeztu zuen espedientea, baina Europaren erantzuna ez da iritsi oraindik. Momentuz, 200 upategietatik 15ek baieztatu dute Arabako Mahastiak izendapena erabiltzeko asmoa. Bruselaren erantzuna jakin arte itxaron beharko da.

Oniritzia jasota ere, zenbait trabekin hasiko du sor-marka berriak bere ibilbidea. Izan ere, izendapen berria sortzeko nahia Errioxako sor-markatik ateratzeko nahietik dator, ABRAko upategi txikien ustetan upategi handiek euren neurriko irizpideak jartzen baitituzte. Horren ondorioz, izendapen berriak Errioxako izendapenaren haserrea piztu, eta auzitara jo zuen. Gutxienez bi muga ezartzea lortu dute: bata, Arabako Mahastiak sor-marka erabiltzen duten upategiek ezingo dute Errioxa zigiluaren pean ere saldu; eta bestea, mahastizain batek Arabako Mahastien upategi bati mahatsak salduz gero, ezingo dizkio Errioxako upategiei ere saldu.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK