Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustapenerako Sailak enpresa eta pertsona ekintzaileentzako dirulaguntzen programak aurkeztu ditu. 27 milioi euro bideratuko ditu lurraldeko enpresentzako laguntzetara, eraldaketa eta trantsizio handiak sustatu asmoz. “Lehiakortasunerako inbertsioa izango da, eta bizkaitarren ongizatea hobetuko du. Gure ekonomiak lehiakorra izaten jarraitzea nahi dugu, puntako teknologia erabiltzen duten industria eta zerbitzuekin, trantsizio digitalean eta trantsizio berdean ondo kokatuta daudenekin, eta talentua erakartzeko gauza direnekin”, adierazi du Ekonomia Sustapenerako diputatu Ainara Basurkok.
Era berean, Joseba Mariezkurrena Enpresa Lehiakortasuneko eta Ekintzailetzako zuzendariak zehaztu ditu 2023an arlo bakoitzera bideratuko den zenbatekoa: ekintzailetzarako 4,9 milioi euro izango dira, startupak sortzeko; 18,6 milioi euro Bizkaiko industriako eta zerbitzu aurreratuetako ETEetan berrikuntza bultzatzeko; 2,2 milioi euro nazioartekotzen laguntzeko; eta talentua erakartzera, berriz, milioi bat euro bideratuko dira.