Bi urteko epearen baitan aldaketa nabarmena eman da Debagoieneko etxebizitzetan energia fotovoltaikoaren inguruan. Ordutik, bailarako etxebizitzen %2,57ak plaka fotovoltaikoak instalatu ditu bizilagun-komunitateko teilatuetan, edo instalatzeko bidean daude. Dagoeneko 724 etxebizitza batu zaizkio proiektuari, eta 44 instalazio fotovoltaiko jarriko dira.
Datua H-Enea Living Labek jaso du. Entitate horren helburua da Debagoienako bizilagunen teilatuetan fotovoltaikoak jarriko dituzten etxebizitzen masa kritiko bat sortzea. Ikerketa zientifikoen arabera, masa kritiko bat bideragarria izateko behar den ehuneko minimoa %2,5ekoa da.
Hiru olatu bi urtean
Lehenengo olatua 2021ean hasi zen, eskualdeko hiru herritan egin ziren hiru proiektu piloturen bidez. Guztira 160 etxebizitzek hartu zuten parte: horietatik 131 komunitateetako autokontsumora bideratu ziren eta 29, berriz, etxebizitzetako autokontsumora.
2022ko lehen seihilekoan, bigarren olatu bat eman zen, honako hau, inolako esku-hartze berezirik gabe, H-Enea Livingen atxikipen soziala deritzoten fenomenoaren bidez. Modu naturalean beste 49 etxebizitza berri batu ziren etxebizitzetako autokontsumo modalitatera, sei auzokide erkidegotan sailkatuta.
Hirugarren olatua, 2022ko uda ostean hasi zen: 33 komunitatetako 515 etxebizitzek aurrekontua eskatu zuten teilatuetan plaka fotovoltaikoak instalatzeko. Zehazki, 279 komunitateetako eta 236 etxebizitzetako kontsumoa hornitu ahal izateko balioko du.
Ingurumen inpaktuak
Energia ikuspegitik, 0,32 GWh sortuko dituzte aurreikusitako 44 instalazio fotovoltaikoek. Horiek 145 etxebizitzek kontsumitzen dutena eguzki-energiatik hornitzea ahalbidetuko luke, H-Eneak jakinarazi duenez. Era berean, 724 etxebizitzetan instalatuko direnez, urtean 94 tona CO2 isuri saihestuko liratekeela azaldu dute. Eguzki-plakak instalatzeko, 53 bizilagunen komunitateetako teilatuetako 1.314 metro karratu aprobetxatuko lirateke.
D2030 Garapen Iraunkorreko Sareak proiektua finantzatzeko 49.350 euro bideratuko ditu. H-Enearen aurreikuspenen arabera, diru-laguntzak horrek 500.000 euroko inbertsioa ekarriko luke.
Baina badaude Fotovoltaiken olatuetan parte hartu duten beste eragile esanguratsu batzuk ere: D2030 Garapen Iraunkorrerako Sarea (finantzatzaile nagusi gisa), Arrasateko Udala (Shrek proiektu europarraren bidez finantzatzaile gisa), Antzuolako Natur baliabide Erabilera taldea, Oñatiko San Lorentzo auzoko herritarrak, Uribesalgo Finka Administratzailea eta Ekitermik enpresa, besteak beste.