Ekoalderen uzta

Hiru urteko epean datu ezinhobeak lortu ditu Nafarroako ekoizle ekologikoen elkarteak, txosten baten jaso dutenez. Besteak beste, ikastetxetako jangeletan, ospitaleetan eta abarretan produktu ekologikoak txertatzeko egindako lanagatik aurten 900.000 euroko negozio-bolumena izatea espero dute soilik arlo horri esker. Horretarako gaitasun bezainbeste erronka daude

Txostenaren aurkezpena joan den ostiralean egin zuten Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Ehun lagun inguru bildu ziren | Argazkia: Ekoalde Txostenaren aurkezpena joan den ostiralean egin zuten Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Ehun lagun inguru bildu ziren | Argazkia: Ekoalde

Nekazaritza ekologikoa bideak zabaltzen ari da pixkanaka. Norbanakoek zuzenean ekoizleari erostea, edo produktuok supermerkatuetan topatzea geroz eta ohikoagoa izateaz harago, errestaurazio kolektiboan —ikastetxeetako jangeletan, ospitaleetan, baserri eskoletan...— ere menu ekologikoak ezartzen joateko apustua egin dute azken urteotan Nafarroan.

Besteak beste, Ekoaldek ahalbidetu du hori. 2018an abiarazi zuten irabazi asmorik gabeko entitatea, ekologikoan aritzen diren ekoizleek berek, INTIA Nafarroako Teknologien eta Nekazaritzako Elikagaien Azpiegituren Institutu eta NNPEKek Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluaren laguntzaz. “Helburua ez da soilik produktuak saltzea, baizik eta Nafarroako nekazaritza ekologikoko sektorea egituratzea ere”, dio Jon Garai Ekoaldeko koordinatzaileak. Egun 66 bazkide dira —54 ekoizle, 33 elaboratzaile eta inportatzaile bat—, 79 ekoizle primario ordezkatzen ditu —sektore askotakoak— eta Nafarroan ekologikoan inskribaturiko azaleraren % 8,66 dago ordezkatuta entitatean.

Datuok, baita orain arte lortutako emaitzak ere, txosten batean bildu ditu entitateak: Landa eremutik jantokira: lehen sektore ekologikoaren eta Nafarroako errestaurazio kolektiboaren arteko artikulazio-esperientziak. Joan den ostiralean aurkeztu zuen, Nafarroako Unibertsitate Publikoan eginiko jardunaldi batean, sortu berri den Nekazaritzako Elikagaien Transferentzia eta Berrikuntza Katedrarekin eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaritzarekin batera antolatua.

”Eskala-saltoa”

Antza, ereindako haziak fruituak eman ditu: 2019an, 99.000 euroko negozio-bolumena zuen errestaurazio kolektiboak Ekoalden; iaz 540.000 eurora iritsi zen eta 2022an, 900.000 eurokoa izango da, aurreikuspenen arabera. Alegia, aurten “eskala-saltoa” izango da segur aski, eta elkarteak duen fakturazioaren % 50 bide horretatik lor daiteke. “Azterketa horren bitartez Ekoaldeko bazkideen ekoizpen maila xehetasunez ezagutu nahi izan dugu, baita azalera ezagutu ere. Gainera, ekoizpen indarra zenbatekoa izan daitekeen ulertzea izan da beste helburuetako bat”, adierazi du Ikerne Indakoetxea Ekoaldeko koordinatzaileak.

Errestaurazio kolektiboari dagokionez, Ekoaldek bi sukalde zentral, sukaldea bertan duten 34 ikastetxe, baserri eskola bat ospitale bat eta bi zentro soziosanitario hornitzen ditu une honetan. Indakoetxeak nabarmendutakoaren arabera, azkeneko urtean arlo horretan emandako saltoan zerikusi handia izan du jantoki jasangarri eta osasungarriak egiteko Nafarroako gobernuak ateratako baldintza-agiriak, “elikadura eredu berri bat” bultzatzeko helburuarekin. 2020-2021 ikasturtean, Ekoaldek 1.800 menu inguru ematen zituen egunero; 2021-2022 ikasturtean 11.000 menu izatera igaro dira. Hala ere, “zentro guztiek ez dituzte produktu berdinak eskatzen, eta produktuak ez dira maiztasun berarekin agertzen jantoki guztietan”, argitu du Indakoetxeak.

Errestaurazio kolektiboari dagokionez, Ekoaldek bi sukalde zentral, sukaldea bertan duten 34 ikastetxe, baserri eskola bat ospitale bat eta bi zentro soziosanitario hornitzen ditu une honetan

Era berean, aipaturiko bultzada emateko ezinbesteko faktoretzat jo dira elkartzea eta antolaketa, produktu-aniztasuna, bolumen globalak, logistika, fakturazioa eta lan-karga. “Ekoaldek badu nahikoa gaitasun errestaurazio kolektiboaren egungo eskaria hornitzeko —baita beste bide batzuk ere—, nahiz eta irakurketa hori egiterakoan xehe izan behar garen”, esan du Ekoaldeko koordinatzaileak. Izan ere, horretan kontuan hartu behar da beste bide batzuetatik jasotako eskaerak, eta eskaria egiteko unea, klima, tamainak, eta abar.

Sentsibilizazioaren eta logistikaren erronkak

Emaitzak aurkezteaz harago, jardunaldian ekologikoan aritzeak eta errestaurazio kolektiboan hornitzaile izateak dakartzan erronkez hausnartu zuten, bai sarreran, bai emaitzen aurkezpenean, bai ondoren eginiko mahai-inguruan. Lehen sektorea balioan jartzeko beharra plazaratu zen: “zuzeneko harremana ez dagoen kasuetan eskoletan ikasi beharko litzateke nekazaritzarekin eta abeltzaintzarekin zerikusia duen guztia”, zioen Aitor Azkarate Jauregia baserriko (Aniz, Baztan) arduradunetako batek, eta Ekoaldeko kideak. Lerro beretik, elikadura osasungarri eta jasangarriaren sentsibilizazioa egiteko beharraz hitz egin zuen Isabel Juániz Zurbano Elikalimeneko nutrizionistak: “ezinbestekoa da gizarte ongi elikatua, ongi prestatua, ongi informatua eta ohitura osasungarri eta kontsumo-ohitura onak dituena zaintzea”. Gurasoen eta familien kasuan, esaterako, gurasoen elkarteek sentsibilizaziorako sorturiko JanGela elkarteak horretan lagundu du.

Jardunaldian parte hartu zuten, besteak beste, NUPeko, Nafarroako gobernuko eta Ekoaldeko ordezkariek | Argazkia: Ekoalde
Jardunaldian parte hartu zuten, besteak beste, NUPeko, Nafarroako gobernuko eta Ekoaldeko ordezkariek | Argazkia: Ekoalde

Bestalde, logistikari lotutako erronkak nabariak dira: formatuak egokitzea —jogurtak pote txikiagoetan saldu behar izatea—, soilik ikasturtean zehar hornitu eta udan ezer ez eramatea, ekoizpenean aldaketak, produktuak lurralde guztira egunero-egunero garraiatzea —horretarako gaitasunik izan gabe—... Horiexek aipatu zituen Azkaratek. Azken faktoreari lotuta, Natalia Bellostas Muguerza INTIAko zuzendariak nabarmendu zuen ekoizleak Nafarroa guztian sakabanatuta izanik, ezinbesteko lana egiten ari direla eta egin behar dela lurralde mailako eta eskualde mailako egitasmoak koordinatzeko. Hain zuzen, asoziazionismoaren beharra jarri zuen mahai gainean. “Administrazioek estrategia eta neurri zehatzak sustatu behar dituzte tokiko nekazaritza-ekoizpena eta elikagaien kontsumoaren birlokalizazioa bultzatzeko”, esan zuen Silvia Larrañeta NNPEKeko Sustapeneko eta Erosketa Publikoko koordinatzaileak.

Sektore konbentzionaletik aldendu?

Beste erronka bat uzta ondorengo prozesuari lotuta dago. Izan ere, Bellostasek adierazi zuenez, sektore konbentzionalean prozesu hori “hain da indartsua eta hain ondo dago egituratua”, non oso ondo funtzionatzen duen. “Ez dago uzta ondorengo prozesu aproposa ekologikorako: garbiketarako, klasifikaziorako,... Eta nolakoa nahi dugu izatea prozesu hori?”, jarri zuen mahai gainean INTIAko arduradunak.

Azkaratek aipaturiko beste zailtasun bat prezioen eguneraketarena zen. Bere hitzetan, baldintza-agiriek zaildu egiten dute prezio horiek eguneratzea. “Nolabaiteko sistema ezarri beharko litzateke horretarako”, esan zuen. Eta, noski, eguraldiari lotutako faktoreak ere erronka nabaria dira. Uda honetan lehorteekin gertatutakoa horren adibide garbia da.

Orain arte errestaurazio kolektiboan eginiko lana Bigarren Hezkuntzako zentroetara, Lanbide Heziketakoetara, bestelako ospitaleetara eta abarretara zabaltzea ezinbestekotzat jo du Indakoetxeak

Azkenik, orain arte errestaurazio kolektiboan eginiko lana Bigarren Hezkuntzako zentroetara, Lanbide Heziketakoetara, bestelako ospitaleetara eta abarretara zabaltzea ezinbestekotzat jo du Indakoetxeak. Edozein kasutan, erronkei aurre egiteko lanketa "faktore anitzekoa" eta "eragileen artekoa" azpimarratu zuen Juánizek.

Hasi berri den ikasturte honetara begira, orain arteko bide beretik jarraituko balute, jangeletako menuen eskarian % 15eko hazkundea izan dezaketela aurreikusi dute Ekoaldetik. Hala ere, beste bi agertoki ere dituzte aurrean: "lehen aipaturiko baldintza-agirian jasotako baldintzak Haur eta Lehen Hezkuntzako Nafarroako zentro guztietara zabaltzea. Kasu horretan 38.000 menu izango lirateke. Azkeneko agertokia da, berriz, ikastetxe guztietan menu jasangarri eta osasungarrien egituran sartzea menuen %100 produktu ekologikoak izanik", adierazi du Indakoetxeak. Luzerako joko duen edo ez? Soilik denborak esango du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK