Erronkarira isuritako enborrak

Urtero gisa, Almadien Eguna ospatuko dute bihar Burgin. Ezka ugaldetik behera herriko presa saltatuko duten almadiazainak urte hasieratik izan dira egun handirako almadiak egiten. Euren arbasoen bizimoldea oroituko dute beste urtebetez

Almadia eta latsariak Burgin | Argazkia: Nafarroako Almadia Kultur Elkartea Almadia eta latsariak Burgin | Argazkia: Nafarroako Almadia Kultur Elkartea

Egurrezko egitura batzuen gainean dantzari, Nafar Pirinioetako mendi lepoetan jaiotako erreka eta ugaldeetatik inguruko ibarretaraino behera jaisten ziren gizonak hainbat mendez. Kamiorik eta bestelako garraiobiderik ez zegoen garai horietan, basoan moztutako egurra herrira jaisteko beste modurik ez zegoen, eta etxe eta baserrietara iristarazteko modu bakarra zen almadiena. Erronkari, Zaraitzu eta Aezkoako biztanleentzat, artzaintzarekin batera, jarduera ekonomiko funtsezkoena zen.

Jarduera zehazki noiz hasi zen ez dakigun arren, ondoriozta daiteke egurra garraiatzeko nolabaiteko ekintzak egingo zirela egurrarekin negozioa egin zitekeela jakin zen unetik, mundu osoko eskualde menditsu orotara eramateko asmoz. Hala, XIII. mendean jada zura lats, erreka eta ibaietatik jaisten zela aski ezaguna dela azaldu du Inma Urzainqui Burgiko Almadia Museoko arduradun eta almadiazainaren alabak. Euskal Herrian ez ezik, mundu osoan ere egiten zela esan du: “nazioarteko garraio sistema batez ari gara. Badakigu Kanadan egiten zela. Hemen almadia izenez ezagutzen duguna, zertxobait hegoalderago joanez gero, Huescan, Navatasak dira; Katalunian, berriz, Rai, eta Gancheroak Alto Tajon”.

Eskualde horientzat guztientzat basoa zen ondasun natural zein ekonomiko eta ibaia ondasunari etekina ahal izateko garraiobidea. Oso lan gogorra izaki, urte osoa ematen zuten gizonek mendian, ur, elur eta zuhaitz artean. “Egurra moztea zen lehen pausoa. Bi gizon jartzen ziren bata bestearen aurrean aizkorekin, herri kiroletan bezala, eta bi mozketa egiten zizkieten enborrei”, dio Urzainquik. Mozketa modu jakin horretan egiteak bazituen bi arrazoi: enborra euren gainera erortzea ekiditea, eta basoari min gutxien egingo zien eremura jauztea. “Eurak ziren lehen ekologistak, nahiz eta garai haietan hitza oraindik ez existitu”, gehitu du. Behin enborra lurrean, adarrak moztu eta garbituta uzten zuten lehortzen, eta herrira itzultzen ziren. Abuztu bukaera zen.

Almadia antigua almadías vertical
Almadia zahar bat | Argazkia:Nafarroako Almadia Kultur Elkartea

Etxean hamabost bat egun igarota, iraila erdialderako basoan ziren berriz, eta orduan enborrak ibaiertzera eraman eta bertan lotzen zituzten, oso modu berezi eta zehatzean betiere, Koldo Zilbeti Nafarroako Almadiazainen Kultur Elkarteko lehendakariaren arabera. Izan ere, egurrezko egitura hark jaitsiera guztian iraun behar zuen, kolpeak eutsiz eta harriak gaindituz. Urzainquiren aburuz, egurrak elkarlotzearena arte hutsa zen, landare abar lodiak bihurrituz lotzen baitzituzten enborrak, 4-5 metroko egur tarteak osatuz.

Hanka izoztuen herrimina

Lehenengo euriteak hasten zirenean, urteko hilabete hotzenetan, ekiten zioten Ezka ibaitik behera enbor gainean jaisteko balentriari. Udaberrian, mendi gailurretako elur urtuaren emaria probesten zuten maiatza iritsi arte, orduan bukatzen baitziren hil euritsuenak, eta ibaiaren ur maila gutxitu egiten zen. “Almadiazainek sekulako gabezia gorriak pasatzen zituzten, egun osoan hankak uretan zituztelarik, eta almadia mugitu ahal izateko indar handia eginez”, dio Zilbetik. “Eurek ziotenez, galtzak belaunetara izoztuta izaten zituzten egun osoan zehar. Hala ere, hotzaz baino gehiago kexatzen ziren bakardadeaz, etxetik kanpo hainbeste denbora egoteaz”, gehitu du Urzainquik.

Sei zatiko almadiak onduta, pare bat almadiazain joaten ziren bertan arraunean, bat atzean eta bestea aurrean, Ezkatik behera Aragoi ibaiaren isurian Ebro zabalera iritsi arte eta aurrez hitzartutako egurra saltzen zuten herriz herri. Zangoza izaten zen lehen helmuga, gero Nafarroako erribera, eta Ebro jarraituz Tortosaraino.

Inma Urzainqui: “galtzak belaunetara izoztuta izaten zituzten egun osoan zehar, hala ere, hotza baino gehiago kexatzen ziren bakardadeaz, etxetik kanpo hainbeste denbora egoteaz”

1952an, Esako urtegia ixtearekin batera jaitsi ziren azken aldiz almadiak Erronkariko ibaxetik. “Almadiazainek urtegiaren itxieragatik utzi zutela esango dute, baina lehenago edo beranduago desagertuko zen ofizioa zen” nabarmendu du museoko arduradunak. Ordurako kamioiak eta beste garraiobide batzuk iritsiak ziren gure gizartera. “Kontuan hartu almadiekin astebete behar zutela Zaragozara iristeko, Tortosara berriz hilabete, eta gero etxera itzuli behar ziren”. Are gehiago, Zaraitzuko bailaran pare bat urte ziren jada almadiarik beheratzen ez zela.

Herriak oroitzen ditu

Erronkaribarreko herritarrek arbasoen lana oroitzeko asmoz eratu zen Nafarroako Almadia Kultur Elkartea, baita Burgin aurki daitekeen Almadien museoa ere. Halaber, herri berean Almadiaren Eguna ospatu dute azken 30 urte hauetan, interes turistiko nazionala izendatua dena, eta euren arbasoen lana berregiten dute almadia birekin herriko presaraino jaitsiz. Zilbeti tartean izaten da, eta azaldu duenez, urte hastearekin batera lehen asteburuetan taldetxo bat elkartzen da pinu egurrezko egiturak osatzeko, eta biharko eguna iristerako dena prest izan dezaten. “Poligono industrialean ditugu aurtengo almadiak lotuta eta prest, baina ez dakigu aurten Olegiatik (4km eta erdira) edota lehengo urtean bezala poligono industrialetik (km bakarra) jaitsi beharko garen. Ur-mailaren arabera izango da, baina eguerdiko 12:30ko herriko presa saltatu behar dugu”, azaldu du.

Almadien egunean saritutako Almadia bat | Argazkia: Nafarroako Almadien Kultur Elkartea
Interes turistiko nazionala da egungo Almadien Eguna | Argazkia: Nafarroako Almadien Kultur Elkartea

Xeiaren edizioren bakarrean 8.000 eta 10.000 bisitari jasotzera iritsi da herria, baina aurtengoan 6.000 pertsona badatoz pozik izango direla adierazi du Zilbetik. “Jende gehiago etorriko balitz, arazoak izango genituzke herrian, autoak aparkatzeko, esaterako”. Zonaldeko ekonomiarentzat ere bultzada handiko eguna da, herriko taberna zein bi jatetxeak jendez lepo izanen dira, eta 400 pertsonentzako bazkari popularra antolatzen dute. “Egun osoan eskualdeko produktu tipikoak saltzen dituen merkatu artisaua dugu, eta beste hainbat ekitaldirekin batera gaztaren denboraldia ere irekitzen dugu”.

Koldo Zilbeti: “Poligono industrialean ditugu aurtengo almadiak lotuta eta prest, baina ez dakigu aurten Olegiatik edota lehengo urtean bezala poligono industrialetik jaitsi beharko garen. Ur-mailaren arabera izango da”

Antzinako ofizioa memoria kolektiboan gordetzen duen egunak, Urzainquirentzat munduari garraio-sistema bat edota bizitzeko modu bat ezagutaraztea du xede; xeia antolatuko ez balute eta museorik egongo ez balitz, almadia desagertuta egongo litzakeela uste du.

Gainerako guztia emakumearen esku

12:30ean almadien ailegaera eta presa saltatzea bada ere xeiaren une gorena, lehenago badira herritarren arbasoek egindako lanen beste hainbat antzezlan eta birsorkuntza. Duela zortzi bat urtetatik, esaterako, emakumeek ere ikuskizunean parte hartzen dute, eta ez da gutxiagorako. Ian ere, Nafar Piriniotako emakumeak ziren gainerako lan oro egiten zutenak, gizonak egurrarekin edo artzaintzan ziren bitartean. “Emakumeak ziren herrietan haur zein agureak zaindu behar zituztenak, eta era berean, urte osoan animalientzako edota euren kontsumorako uzta bildu beharra zuten”, dio Urzainquik.

Ainhoa Elizalde, EnpresaBIDEAko kolaboratzaile eta Burgiko zinegotzia, besteak beste, izan zen orain zortzi urte Erronkariko emakumearen lana aitortzeko asmoz xeian txertatu dituzten hainbat egitasmoren bultzatzaileetako bat. Gizonak uda baso lanetan, negua almadian, eta artzaina zena Erriberan, egon bitartean, emakumea herriaren eguneroko bizitzaren sostengu zen. Errealitate hori bistaratzen ez zela ikusirik, almadia iritsi aurretik herriko emakumeak ugaldean maindireak eta arropa garbitzen jartzen dira orain, latsari lana antzeztuz. “Emakumearen lana ez zen makala. Herriak emakumez populatuak ziren, eta euren papera ezinbestekoa zen herria aurrera eramateko. Zaintza lana, banatze lana, etxeko lanak, ekonomiaren arduradunak ziren”. Hala, emakume bakoitzak bere arropa garbitzen zuen Ezka latsean, baina Urzainquiren arabera, dirua zutenek ez, euren neskameak edo latsariak joaten ziren ugaldera.

Ainhoa Elizalde: “Emakumearen lana ez zen makala, herriak emakumez populatuak ziren eta euren papera ezinbestekoa zen herria aurrera eramateko. Zaintza lana, banatze lana, etxeko lanak, ekonomiaren arduradunak ziren”

Dena ez zen, ordea, lana, zorionez, edo hala uste du behintzat Elizaldek. Emakumea bere lan gordin eta gogorrean irudikatzeaz gain, xeia giroan ere azaldu nahi izan zuten, eta Erronkariko dantza tipikoa, Ttun-ttuna, ere dantzatzen dute Ezkara iritsi aurretik. “Bizimolde oso gogorra izan bazuten ere, gure amañi eta biramañik dantza eginen zutela uste dugu. Izabako Kurruskla Kultur Elkarteko kideek irakatsi ziguten Ttun-ttuna, eta badira lauzpabost urte emakumeak dantzan joaten garela zubirantz. Anitx polita gelditzen da”.

Horrez gain, almadia gainean ibaitik behera emakumeak ere joaten hasi dira, 2018tik hain zuzen, Virginia Laspidea eta Leyre Marco burgiarrak aritu ziren orduan arraunean lehendabizikoz. Baldintza ez zela genero kontua dio Elizaldek; urtarriletik aitzin, auzo lanetan parte hartu eta almadia eraikitzeko agertzen zen orok du gero ibaitik behera jaisteko eskubidea. “Latsariok aldarrikatzen duguna da nahi izanez gero gizonezkoak ere badutela aukera latsari lanetan jartzeko. Hori izango litzake hurrengo erronka; oraindik ez da inor belaunikatu”.

Herriko latsagia, baratze eta etxeko lana gutxi balitz, kanpora ere joaten zen Erronkariko emakumea. 14-15 urteko neskak Maulera abiatzen ziren espartin fabriketara lanera, ainariak Erronkariko euskaraz, urrian joan eta udaberrian itzultzen ziren enaren gisa. “Soldatapean eta gazte giro batean beste hizkuntza bat ikasteko aukera izaten zuten. Gazte joan eta ezkondu arte egiten zuten lana zen”, bukatu du Elizaldek.

Oharra: hainbat kasutan Erronkariko euskarako hitzak erabili dira.

- Ugaldea: ibaia,

-Xeia: festa

- Amañi: amona

-  Ibax: ibar, bailara

- Anitx: oso, asko

- Ainari: enara

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK